Mutututako orrialdeak

Tene Mujika idazle eta politikariaren inguruko liburu bana ondu dute Nekane Goikoetxeak eta Cira Crespok. Parte izan zen belaunaldi haren etena ikertzeak eztabaida berriak ekar ditzakeela diote.

Tene Mujika idazle eta politikaria (Deba, Gipuzkoa, 1888-1981). BERRIA.
itziar ugarte irizar
2023ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
«Oso gutxi pentsatu dugu emakume hauen inguruan. Tene da ikonoa, baina irakurketa zabalagoa da». Politikaren eta lan intelektualaren lehen-lehen lerroan egon ziren, ez bat, ez bi, emakume ugari errepublika garaian. Gero, gerra galdu, eta haien izenak urtuz joan ziren memoria kolektiboan, eta gaur arte. Horren erakusle, Nekane Goikoetxeak berriki plazaratu duen Tene Mujika 'Emakumea'. Pizkundetik ahanzturara hari eskaini zaion lehen lan monografikoa da. Denboran bat egin du orain, ordea, Cira Crespok haren inguruan ondu duen saio literarioarekin: Tene Mujika. Udazkeneko argitan. Goikoetxea: «Intuizioak esaten dit emakume hauen irakurketak gure herriari begirako irakurketa sakonagoa ekarriko ligukeela; debate berriak».

Mujika bezala, Deban (Gipuzkoa) sortua da Goikoetxea. Bertako euskararen historia soziala aztertzeko lan bat egin zuen duela denbora bat, eta hala heldu zen Mujikarengana. Letra larriz azaldu zitzaion haren izena orduan, aitzindari bezala, baina berehala ohartu zen apenas zegoela ikertuta egiaz nor izan zen, zertan jardun zuen. «Horri batu zitzaion nik autobehaketa ariketa bat egiteko neukan gogoa, euskalgintzatik baina genero aldagaia ere kontuan hartuta», kontatu du.

XXI. mendetik ateratako postargazkiak azpititulua jarri dio lanari, kontzeptua Joan Fontcuberta argazkilari eta teorialariari hartuta. «Soziologiatik eta erabat kultur ikasketen begiradatik egiten du lan hark, eta hori zen nire asmoa ere: emakume hauek ahanzturan erori izanaren atzean dauden botere harremanak ikustea». Ez soilik genero ikuspegitik, ordea. «Hor daude abertzaletasunaren sorrera, hizkuntzaren politizazioa, instituzioetan hizkuntza politika gidatzen ari den taldearen oinarria den JEL ideologia... horretaz guztiaz gogoetatzeko aukera ematen zidan Tenek».

Eusko Jaurlaritzaren Berdintzen bekarekin ondu du lana Goikoetxeak, eta azpimarratu du gerra aurreko emakume belaunaldi hura «ikusteko moduaren ardatza» mugitu nahi izan duela: «Haien inguruan egon den egia, bai euskalgintzatik eta bai feminismotik eraikia, zalantzan jartzen saiatu naiz». Bidean aztertu ditu, bada, erlijioak euskalgintzan izan duen pisua, gerran emakumeek izandako «ez-leku erresistenteen» gaineko begirada, eta gaur egun emakume hauek «feminismoaren langa» ez pasatzeak estali dezakeena. «Egia da JEL doktrinaren barruan kokatu zirela, baina belaunaldi oso bat ideologizatzen aritu ziren, emakumeek betetzen ez zituzten funtzioak betetzen... Bere aldagai ezberdinak mahaigaineratzen saiatu naiz, irakurketa kritiko bat egiten».

Hamar ataletan egituratu du lana Goikoetxeak, eta bi metodologia gurutzatu ditu prozesuan: Mujikaren testu guztien azterketa, batetik; eta hura ezagutu zuten bederatzi debarri egindako elkarrizketak, bestetik.

«Ez da egon interesik»

Crespo ere aurrez egindako beste lan baten bitartez iritsi zen Mujikarengana, Euskal Herriko historia emakumeen bidez kontatzen duen Baginen lana osatu artean (Txalaparta, 2020). «Gauza bitxi bat ikusi nuen: emakume idazleen izen pila bat zeuden, garai batekoak denak. Pentsatu nuen hori nahikoa dela, nire ustez, belaunaldi literario izendatzeko, baina ez; ez dira ezagunak, ez dira ikertuak». Mujikaren arrastoari segitzea erabaki zuen, harena «kasu paradigmatikoa» delakoan. «Oso gazte hasi zen idazten eta irakurtzen, baina, aldi berean, lehen lerroko militante bat izan zen; Gipuzkoako Emakume Abertzale Batzaren lehendakaria izan zen, hitzaldiak ematen zituen, oholtzan jartzen zen...».

Zer gertatu zen, baina, harekin eta errepublika garaian ekin bizian aritu ziren beste emakumeekin gerra galdu eta gero, haietaz inor gutxi oroitzeko? Hor jarri nahi izan du arreta Crespok. «Ez da egon interesik», esan du, «laburbilduz». Eta euskal kulturgintzak transmisiorako dituen nekeak ere oroitu ditu. «Oso leku gutxi daukagu euskarazko gauzak gogoratzeko; baina leku gutxi horiek nori gordetzen zaizkio?».

Ia mende oso bat bizi izan zen Mujika (1888-1981), baina idazlearen bizitzako azken garaia aztertu du, zehazki, Crespok; 1960-1970eko urteetako Mujika. «Garai gogorrak dira, baina baita pizgarriak ere. Nolabait, elkarrizketan jarri nahi izan ditut Tene eta sasoi hartako belaunaldi gazte berri iraultzailea». Batik bat, bi hizketagairen bueltan josi du elkarrizketa hori, Mujikaren lanean gai izarrak izan zirenak: emakumeak eta euskara.

Haren betaurrekoak opari

«Emakume hauek guztiak ahaztuta egon direlako, oso zaila da orain haien ezer irakurtzea», gaitzetsi du Crespok, eta adibide konkretu bat ipini du: «Demagun ahizpatasunari buruz idatzi nahi duzula. Emakume afro-amerikarrak irakurtzea oso ondo dago, haiek asko ikertu dutelako horren inguruan, baina Tene Mujika irakurtzea ere ezinbestekoa da Euskal Herritik pentsatu nahi baduzu. Imajinatu zenbat gauzaz idatzi den hemen ere, eta zenbat den ez dakiguna».

Ikerlana prozesu «hunkigarria» izan dela ere aipatu du Crespok, eta epilogoa modu pertsonalean idatzi dio Mujikari, «historialariaren maskara» kenduta.

Izan ere, bai Goikoetxeak eta bai Crespok liburuak amaituta zeuzkatela, Mujikaren artxibo pertsonalaz betetako kutxa bat azaldu zitzaien bidera, Debako herritar baten eskutik. Testuak apur bat moldatu behar izan zituzten, baina «opari» bezala jaso zuten. Haren betaurrekoak, afixa politikoak, haurrek margotutako postalak, garai hartako prentsako ebakinak eta inguru hurbilari lotuta lan egin zuen idazle eta ekintzailearen unibertsora hurbiltzeko beste hamaika objektu hartu ahal izan zituzten eskuetan, eta erakusgai ere jarri zituzten herrian. Katalogo erako hirugarren argitalpen baterako bide eman die horrek: Goikoetxea arduratu da testuez, Crespo erregistroaz, eta Belen Ibarrola diseinuaz. Crespo: «Balio du ikusteko mugitzen hasten baldin bazara gauzak egon badaudela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.