Literatura

'Herriaren etsaia', Nafarroa eta Sobietar Batasuna elkar lotzen dituen nobela bat

Sobietar Batasunari buruzko jakin-minak eraman zuen Luis Garde idazlea Nikolai Vavilov biologo errusiarra ezagutzera, eta haren bizitzan oinarritu du bere nobela berria orain. Vavilovek haziak biltzen zituen, baita Nafarroakoak ere.

Luis Garde 'Herriaren etsaia' liburuaren aurkezpenean, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Luis Garde 'Herriaren etsaia' liburuaren aurkezpenean, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
Donostia
2026ko maiatzaren 26a
18:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

Liburu bat eskuan: Leninen Estatua eta iraultza. Eta asmo bat: Sobietar Batasunari buruz idaztea eta informatzea, baina literatura baliatuta. Nikolai Ivanovitx Vavilov (Mosku, 1887-Saratov, SESB, 1943) biologo errusiarraren istorioa kontatu du Luis Garde iruindarrak Herriaren etsaia nobelan, baina, dioenez, ez du «nobela historiko bat» egin, fikzioa gehitu baitio Historiari. Vavilov XX. mendeko biologo eta genetikari famatu bat izan zen, mundu osoko haziak bildu zituena, lehen hazitegi unibertsala egiteko asmoz. Eta hala egin ere: orduko hazi bilduma handiena osatu zuen. Baina nobelak ez du soilik biologiaren mundua arakatzen: Vaviloven barne gatazkak azalduko dira, zehazki, «iraultzan sinesten duen, baina gerora errepresioa jasango duen gizon baten barne istorioa». Lander Majuelo Pamielako kideak azaldu du Vaviloven pertsonaiaren bidez irakurleak Sobietar Batasunaren sorrerari buruz, 1930eko hamarkadako purgei buruz, errepresioari buruz eta belaunaldien arteko talkari buruz jakingo duela: «Erabat Sobietar Batasunari buruzko ia 600 orrialdeko eleberri bat da». Eta historiaren errepaso horren tartean, bat-batean, Vavilovek Iruñeara egingo du salto. 

1905ean izan zen Errusiako lehen iraultza saiakera. Hortik abiatzen da nobela, eta 1973ra arte kontatzen du, garai batetik bestera jauzi eginez. Hala, Majuelok argitu duen erara, pertsonaia nagusia batzuetan hila egongo da, beste atal batzuetan bizirik, eta beste batzuetan «gerora jasango duen errepresioa bizi izan gabe» oraindik. Baina pertsonaiaren, eta bere ingurukoen bidez, Sobietar Batasuneko politika, estatua eta norbanakoen rolak ezagutuko dira, «Vaviloven inguruan antolatzen den puzzle izugarri» batean. Trofim Lysenko ingeniari sobietarrak ere garrantzi nabarmena izango du nobelan, baita protagonistaren anaia Serguei Vavilov fisikariak ere. Istorioan talka egongo da bi anaien artean, eta horrek irakurlea eramango du dilema etiko batera: «Nik zer eginen nuke egoera horretan? Errealitatearen gaineko ituna eginen nuke edo errebelde izanen nintzeteke?». 

«Gaur egun beharbada utziago dago errusiar erara eta errusiar tradizioatik egiten den fikzioa. Gai bat hartu, eta imajinazioaren, irakurketen eta lanaren laguntzaz mundu bat sortzea. Horixe lortu du Luisek»

LANDER MAJUELO Pamielako kidea

Liburuak hiru atal nagusi ditu: lehenengoan, Vaviloven bidaiak azaltzen dira, bere «urte onenak»; bigarren atala estalinismoaren garaian kokatzen da, eta, horrekin batera, gauzak korapilatzen hasten dira; eta, hirugarren atala, horixe bera da, «tragedia baten hirugarren ekitaldia». 

Nobela bat «errusiar erara»

«Idazle bat ez da deus obsesiorik gabe. Izan behar ditu bere temak, bere erokeriak, bere obsesioak... Eta beti itzuliko da horietara, horiek baitira bere baratzeko landareak». Sobietar Batasuna izan da Garderen obsesioetako bat, hain zuzen ere, bere ustez hori izan baitzen «giza utopia gauzatu den lehenengo aldia», eta, gainera, beste esperientzia komunistekin alderatuta, «benetakoa» den bakarra. Gertatutakoak ikasteko balio duela uste du, eta Mario Vargas Llosaren lan bateko esaldi bat ekarri du gogora: «'Noiz izorratu zen Peru?' zioen berak. Ba gauza bera: Noiz izorratu zen Sobietar Batasuna?». Lilura eta jakin nahi horretatik hasi zen Sobietar Batasunari eta orduko pertsonaiei buruzko informazioa bilatzen, baita topatu ere: «Izugarri gustatu zitzaidan Vaviloven istorioa».

«Genetika jaiotzen ari zen garai horretan, eta Vavilov haziak biltzen aritzen zen munduan barna», kontatu du Gardek. «Hazien jatorria bilatu, eta, gero, hazi horiek genetikoki moldatzen zituen»LUIS GARDE Idazlea

Dokumentazio lanari ekin —nazioarteko liburu ugari irakurrita tartean—, eta jasotakoa literaturaz janztea erabaki zuen. Baina bazuen arazo bat Vaviloven pertsonaiarekin: berari buruz irakurritako dokumentuek biologoaren irudi «sobera borobila» ematen zuten. «Sobera gaiztoak edo sobera zintzoak diren pertsonaiak ez zaizkit interesatzen literarioki», esan du Gardek. Beraz, izaera borobilari ertzak bilatu behar izan zizkion, hain zuzen ere, Vavilov zintzoegia zelako: «Jenio bat». Eta dokumentazio lan horretan topatu zuen Nikolai Vavilov Nafarrora ere etorria zela. «Genetika jaiotzen ari zen garai horretan, eta Vavilov haziak biltzen aritzen zen munduan barna», kontatu du. «Hazien jatorria bilatu, eta, gero, hazi horiek genetikoki moldatzen zituen. Horrela, adibidez, lehorteen aurrean indartsu mantendu zitezkeen landareak ekoiz zitzakeen». Hazien bilaketa horretan, geltoki izan zuen Euskal Herria: «Iruñerrian ibili zen hazi bila». 

Idazleak berak onartu du: ez da ohikoa horrelako «adreilutzar» bat, baina, noski, irakurtzera gonbidatu ditu gazte zein heldu. Majuelok ere «oso ondo landutako nobela» dela baieztatu du: «Gaur egun oso ongi idazten den arren, eta asko idazten den arren norberaren bizitzatik, beharbada utziago dago errusiar erara eta errusiar tradizioatik egiten den fikzioa. Gai bat hartu, eta imajinazioaren, irakurketen eta lanaren laguntzaz mundu bat sortzea. Horixe lortu du Luisek». 

Liburuaren azala Aleksandr Samokhvalov artista sobietarrak 1935ean margotutako Sobietar kirolak obraren irudi bat da. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA