Literatura

Nafarroako euskal idazleek bertan duten ikusgaitasunari buruzko jardunaldiak eginen dituzte Iruñean, ostegunetik larunbatera

Azken 50 urteotan izandako bilakaerari erreparatuko diote batik bat, eta «sortzaileen begirada» izanen dute talaia nagusia horretarako. Hiru saio antolatu dituzte, sarrera librekoak: hitzaldi bat, mahai inguru bat eta poesia errezital bat.

Castillo Suarez, Sagrario Aleman eta Javi Arakama, Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaritzan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Castillo Suarez, Sagrario Aleman eta Javi Arakama, Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaritzan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2025eko maiatzaren 5a
16:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Aldatu al da euskal idazlearen estatusa Nafarroan? Nafarroako gizarteak ezagutzen al du errealitate hori? Euskarazko literaturaren lanketan egin den ahaleginak eduki al du behar adina oihartzun? Beharrezkoa da nafar erdaldunek ere ahalegin horren berri izatea? Eta, Nafarroan, zerk ekarri ditu belaunaldi berriak euskal literaturara? Horra bost galdera, baina beste bost ere izan zitezkeen. Euskarazko literaturak Nafarroan duen presentziari buruz gogoetan hasi, eta, askoren irudiko, kasik bukatu ezinezkoa baita sor daitekeen galdera zerrenda. «Galderak pilatu egiten zaizkigu», onartu du Castillo Suarez euskaltzain eta idazleak. Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaritzan egin du aitorpena, non eta akademiak aste honetarako antolatutako jardunaldien aurkezpenean. Ez da kasualitatea. Euskal literatura Nafarroan (1975-2025): sortzaileen begirada izeneko jardunaldiak eginen dituzte ostegunetik larunbatera Iruñean. Eta argiak eta itzalak ikusaraztea da asmoa. 

Euskaltzaindia da jardunaldien antolatzaile nagusia, eta Euskararen Nafar Institutuaren eta Iruñeko Udalaren babesa ere badu egitasmoak. Hala eta guztiz, Euskaltzaindiaren ordezkari Sagrario Alemanek oroitu duenez, ideia ez zen akademiaren barrenean sortu, ez hutsetik behintzat; hainbat euskal idazlek egin zuten eskaera, orain bi urte inguru. «Euskaltzaindira jo zuten halako jardunaldi bat egitea eskatuz, batez ere kezkatuak daudelako literaturak Nafarroan duen ikusgaitasunaz, edo, hobeki esanda, ikusgaitasunik ezaz».

Suarezek ere eman ditu fase horretan eginiko urratsei buruzko zenbait detaile. Iradoki du batez ere «euskal idazle bat» izan zela sustatzaile hasiera-hasieran, baina nabarmendu du askoren babesa erdietsi dutela azkenerako —antolaketan aktiboki hartu dute parte, adibidez, Elurre Iriartek, Santi Leonek, Mikel Tabernak, Ernesto Pratek, Xabi Lasak, Jon Alonsok eta Suarezek berak—. Eta hiru saio antolatu dituzte guztira: hitzaldi bat, mahai inguru bat eta poesia errezital bat. Ostegunean, ostiralean eta larunbatean eginen dituzte, hurrenez hurren. Sarrera librekoak dira hirurak. 

Egiturazko arazoa

Sortzaileei eman nahi diete hitza batez ere, eta azken 50 urteak izanen dituzte aztergai. Iradoki dutenez, 1975etik gaurdaino izandako bilakaerari so eginez, litekeena da hainbat kontraste azaleratzea. «1975ean, euskal literaturaren egoera agonikoa zen Nafarroan, eta esan liteke orduko giro itogarritik hona gauzak zeharo aldatu direla», nabarmendu du Suarezek. Baina berandutu gabe egin du azpimarra diagnostikoaren alde ilunean ere, eta zera aitortu: «Euskarazko literatura ikusezina da Nafarroan; ez dauka aitortzarik». 

«Nafarroako argitaletxeek non aurkezten dituzte euskarazko liburuak? Nafarroako idazleak kanpora joaten garenean, noren bitartez joaten gara? Badago idazle profesionalik hemen?»

CASTILLO SUAREZEuskaltzaina eta idazlea

Propio nahi diote erreparatu «ikusezintasun» horri, batik bat sinetsiak baitaude ez duela bat egiten euskarazko literaturak egiaz daukan emariaren neurriarekin eta kalitatearekin. «Gaur egun, aise zenbatzen ahal dira euskarazko ehun sortzaile baino gehiago Nafarroan —Nafarroa Garaian eta Nafarroa Beherean—, belaunaldi eta genero literario guztietakoak», zehaztu du Suarezek. Eta, argudiatu duenez, «halako corpusa izanda ere», gabeziak ikusten dituzte han-hemenka.

Diotenez, jakitun daude euskarazko literaturak badituela egiturazko zenbait «problema», Nafarroatik kanpo ere badirenak. Bertakoetan jarri dute arreta, dena dela. «Adibidez, agenda ofizialak begiratzea besterik ez dago», jarri du adibide Suarezek. Eta hainbat galdera plazaratu ditu segidan. «Nafarroako argitaletxeek non aurkezten dituzte euskarazko liburuak? Edo, nafarroako idazleak kanpora joaten garenean, noren bitartez joaten gara? Nafarroan badago hori egiten duen egiturarik? Badago Bernart Etxepare instituturik? Edo, badago idazle profesionalik hemen?». Aurkezpenean, airean desegin dira galderok. Asmoa da datozen egunetako saioetan lurreratzea atzera, erantzun bila. 

egitaraua

  • Lurralde berri bat hitzaldia. Hizlaria: Koldo Izagirre. Aurkezlea: Sagrario Aleman. Noiz: maiatzaren 8an, osteguna, 18:30. Non: Pinaquy aretoan.
  • 3 belaunaldi, 3 begirada mahai ingurua. Hizlariak: Angel Erro, Aingeru Epaltza eta Oihane Zuberoa Garmendia. Gidaria: Irati Jimenez. Noiz: maiatzaren 9an, ostirala, 18:30. Non: Pinaquy aretoan. 
  • Lur bat zedarritzeko hitzak poesia errezitala. Partaideak: Iosune de Goñi, Izaskun Igoa eta Esti Martinez Diaz de Zerio, Danserie Ensemble musika taldeak lagunduta. Aurkezlea: Castillo Suarez. Noiz: 12:00etan. Non: Kondestablearen jauregian. 

Ostegun arratsaldean zabalduko dute egitaraua. 18:30ean hasita, Koldo Izagirrek hitzaldia emanen du Pinaquy aretoan. Lurralde berri bat jarri diote izena solasaldiari, eta 1975etik 2025era arteko eleberrigintzari erreparatuko diote. Zehatzago: 50 urteotan Nafarroako idazleek idatzitako euskarazko eleberriak eta horiek izan duten harrera aztertu ditu Izagirrek, eta ateratako ondorioekin osatu du hitzaldirako mamia. «Eleberri horiei buruz kritikariek zer esan duten aztertu du, eta horren bitartez azaleratuko du zein diren lan horien bertuteak, ezaugarriak eta beste», bota du amua Suarezek. Jakinarazi duenez, gaztelaniazko interpretazio zerbitzua izanen da saio horretarako.  

Biharamunean, ostiralean, 3 belaunaldi, 3 begirada mahai ingurua eginen dute, bezperako toki eta ordu berean: Pinaquy aretoan, 18:30ean. Irati Jimenez izanen da gidari, eta hiru hizlari gonbidatu dituzte mahaiaren ingurura: Angel Erro, Aingeru Epaltza eta Oihane Zuberoa Garmendia. Gaur-gaurkoz, ez dute eman jorratuko duten edukiari buruzko pista askorik, baina Suarezek iritzi dio askotarikoak lantzeko aukera izan litekeela; baita «zaurietan arakatzekoa» ere. Dioenez, solasera atera litezkeen gaien artean daude, adibidez, erakundeengandik sumatzen duten babesari buruzkoak edo euskaraz sortzeko eginiko hautuari loturikoak.Galdera batzuk ere ezpainetaratu ditu azkenerako: «Nork saritzen ditu? Nork ez ditu saritzen? Noren bidez joaten dira kanpora? Beren lanei buruzko kritikek zer isla daukate hedabideetan? Zer sumatzen dute inguruan?». 

Poesiari egokituko zaio programazioa ixtea. Larunbatean, Lur bat zedarritzeko hitzak poesia errezitala eginen dute eguerdian, 12:00etan, Kondestablearen jauregian. Antolatzaileen esanetan, asmoa da gaur egun Nafarroan egiten den poesiaren isla bat eszenaratzea bertan. Iosune de Goñi, Izaskun Igoa eta Esti Martinez Diaz de Zerio poetek errezitatuko dute, eta lagun izanen dute musika: Danserie Ensemble taldeak joko du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.