Durangoko 50. Azoka. Roldan Jimeno. Historialaria

«Nafarroako ikastolak ez leudeke Migel Jabier Urmeneta gabe»

gorka erostarbe leunda
Durango
2015eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Asisko Urmenetarekin batera idatzi du haren aita zenaren inguruko liburua: Migel Jabier Urmeneta (1915-1988). Bigarren Errepublika, Frankismoa eta Trantsizioa. Zuzenbidearen Historiako irakaslea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan Roldan Jimeno (Iruñea, 1973). Hiru urtez, zenbait artxiboren funtsak aztertzen eta ahozko historiaren lekukotasunak jasotzen aritu da Urmenetaren gaineko ikerketa osatzeko.

Zergatik da hain polemikoa Migel Jabier Urmenetaren figura?

Hein handi batean, polemikoa izan da ezjakintasunagatik. Iaz arte ez zen polemikarik egon. Iaz polemika sortu zen, eta, nire ustez, artifizial samarra izan zen. Nafarroako Urrezko Domina eman zitzaion; zenbaiten ustez, ulergaitza zen halako aitortza bat egitea pertsona frankista bati. Baina, paradoxikoki, Urmenetak bere burua ez zuen frankistatzat. Frankismoan kargu instituzionalak izan zituen, baina, adibidez, Iruñeko alkate izanik, bando nazionaleko erorien kale izenak jartzeari utzi ziona izan zen, eta, diputatua zelarik, bera izan zen lehen proposamena egin zuena erorien monumentuari frankismoaren sinbologia kentzeko, eta tardofrankismoan eta trantsizioaren garaian bera izan zen langileen aldeko apustu ezkertiar garbi bat egin zuena, eta abar...

Berak ez zuen frankistatzat hartzen bere burua. Behartuta sartu zen bando frankistan?

Hori luze eta zabal jorratzen dut liburuan. Nafarroan, haren familiako kideak oso militante esanguratsuak ziren abertzaletasunean. Nafarroa ez zen Gipuzkoa, ezta Bizkaia ere. Nazionalen kolpe militarra Iruñean eman zen, eta, hain zuzen, haren aita Ataulfo fusilatu egin behar zuten. Migel Jabierrek fronte frankistara joan behar izan zuen, aita ez fusilatzeko, normala denez, eta, hura bezala, beste hainbeste. Bai, gero karrera militarra egin zuen; hala da. Baina hori egin behar izan zuen bere aita eta osabak ardura politiko handiko epaiketak pairatzen ari zirelako. Harrapatuta zegoen sistemarengatik, arrazoi familiarrak zirela eta. Bera anaia zaharrena zen, beste 11 anaia-arreba zituen, eta ardura handia zuen.

Euskararen aldeko mugimenduan ezinbestekoa izan zen Nafarroan?

Bai, zalantzarik gabe. Bigarren Errepublikan jada euskaldun hezi zen Iruñea hartan. Bera Madrilen eta AEBetan egon zen karrera militarra egiten, baina, Iruñera itzultzean, 1950eko hamarkadan, hasiera-hasieratik, apustu irmoa egin zuen euskararen eta euskal kulturaren alde. Ez zen frankismo berantiarraren irekiera garaia. Eta lortu zituen gauza batzuk urte zail horietan. Euskara sustatu zuen Viana Printzea erakundean aldizkari bat atereaz, eta 1960ko hamarkadan Fontes Lingua Vasconum sortuz, eta Nafarroako ikastolak ez lirateke existituko Migel Jabier Urmeneta egon izan ez balitz. Frankismoan euskararen alde egin ziren gauza gutxi horiek berak egin zituen.

Euskalgintzatik ez du jaso behar lukeen aitortza Urmenetak?

Hil zenean jaso zuen aitortza. Euskaltzaindiak berak egin zion omenaldia, 1988an. Ordutik urte asko igaro dira, eta haren memoria itzaliz joan da. Aurten haren jaiotzaren urteurrena da, eta uste dut liburuaren laguntzaz berriz azaleratu daitekeela haren figura.

Nola ikusiko luke gaurko Nafarroa?

Haren memorietan bada atal bat izena duena Aldaketa. Trantsizio aurreko garai horretan berak aldaketa nola ikusten zuen azaltzen du. Oso aldaketaren aldekoa zen, eta egungo aldaketa oso gustukoa izango zukeen. Hil baino lehentxeago elkarrizketa bat egin zioten, eta galdetu zioten zein izango zen une horretan beretzat alderdi politiko egokiena. Esan zuen hartuko zukeela zati bat Eusko Alderdi Jeltzalearena, beste zati bat alderdi sozialistarena, baina Europako alderdi sozialistarena, eta beste zati bat Herri Batasunarena. Horrekin osatzen zuen bere puzzlea. Hein handi batean, egungo Nafarroaren irudiaren isla da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.