Literatura

Nafarroako soziopolitikan girotutako eleberri beltz bat kaleratu du Xabi Lasak

2023an 'Ura ez baita beti gardena' lehen nobela ondu ostean, bigarrena osatu du: 'Odol arrastoak elur gainean'. Erronkari ibarra da paisaia nagusia, eta uraren kudeaketa ardatza, politikagintzak zipriztinduta. Elkar argitaletxeak plazaratu du.

Xabi Lasa, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Xabi Lasa, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
Donostia
2026ko maiatzaren 20a
17:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

Basamortutik mendira jauzi egin du Xabi Lasak, Nafarroatik atera gabe halere. Bardea alde batera utzi, eta Erronkari ibarrean kokatu du bere nobela beltz berria: Odol arrastoak elur gainean (Elkar). 2023an argitaratu zuen Ura ez baita beti gardena lehen eleberria, eta paisaia ezberdina den arren, auzia bera da: uraren erabilera eta kudeaketa. Oraingoan, baina, politikarekin, ekonomiarekin eta beste hainbat gairekin uztartu du trama. Protagonista Sara Zaldaiz da, aurreko lanean bezala, eta nobela beltz gehienen antzera, idazleak argi utzi du istorioan ez dela hilketarik faltako.

Ura jarri du mahai gainean berriz ere idazleak; izan ere, bereziki arduratzen du gaiak, azaldu duenez: «Gaur egun, eta etorkizunera begira ere, munduak duen erronka handienetako bat da uraren kudeaketa». Ez du uste, baina, ardura kolektiboa denik: «Beharbada ez gaitu sobera kezkatzen Euskal Herrian, baina sekulako basamortutze prozesua zabaltzen ari da munduan». Hortaz, lehenago edo geroago, Euskal Herrira ere helduko dela uste du. Are, dagoeneko horren aztarna batzuk badirela ohartarazi du. 

«Gaur egun, eta etorkizunera begira ere, munduak duen erronka handienetako bat da uraren kudeaketa»

XABI LASA Idazlea

Urte luzez politikan ibilitakoa da Lasa —besteak beste, Berriozarko alkatea, foru parlamentaria eta Nafarroako Gobernuko kidea izan zen—, eta, hein handi batean, jardun horretan ikasitakoa islatu nahi izan du istorioan. Izan ere, giro politikoa oso presente dago, eta, traman, hori «hagitz garrantzitsua» dela iritzi dio. Oraingoan, Zaldaiz protagonista uraren arloaz arduratzen den teknikaria da Nafarroako Gobernuan. Funtsean, politikaren «barruko tripak» erakutsi ditu idazleak; hala nola trikimailuak, tranpak eta azpijokoak.

Paisaia aldatzeaz gain, aurreko lanean ageri ez ziren bestelako elementu batzuk ere gehitu dizkio idazleak nobela berriari, tartean, negozioen eta industriaren gaiak, baita enpresen arteko borrokak ere. «Nafarroaren erradiografia ekonomiko politikoa egiten saiatu naiz». Horretarako, gaur egungo enpresen testuingurua baliatu du, baina haiei izenak aldatuta: «Adibidez, Diario de Navarra izan daitekeen egunkari bat aipatzen dut, baina Nafarroako Kazeta izena jarrita». Hala ere, uste du horiek identifikatzeko modukoak direla, eta nafarra izan gabe ere pertsonaiak eta testuingurua ongi uler daitezkeela. 

Horiek ez ezik, despopulazioaren gaia ere landu du, zeinak Nafarroako hainbat eremuri eragiten dien. Horiek horrela, hala laburbildu du egileak liburuaren korapilo nagusia: «Proiektu berri bat helduko da lurraldera, enpresa handi bat kokatzeko aukera, hain zuzen ere. Eta milaka lanpostu sortuko ditu despopulatutako eremu batean». Horrek, ordea, eztabaida nagusi bat jarriko du mahai gainean: despopulazioaren, industrializazioaren eta ingurumenaren zaintzaren ingurukoa. «Azken finean, gobernukideek landa eremua industrializatu nahi badute, nahi eta nahi ez ingurumenari kalte egingo diote».

Idazle izatearen ardura

Ez du idazletzat bere burua Lasak, beraz, nahiago du bere jarduna beste hitz batzuekin azaldu: «Liburua idatzi duen irakurle bat naiz ni». Politika utzi berritan idatzi zuen lehenengo eleberria, eta «terapeutikoa» izan zela azaldu du. Bide beretik ondu du bigarrena ere, baina politikaren alde onak eta txarrak islatuta. 

Literatur zale «amorratua» dela aitortu du, eta horrek eraman zuela idazten hastera. Idazketak, baina, denbora eskatzen duela, eta askotan horren falta izan duela ere esan du. Edonola ere, idazketari gustua hartuta, bi nobela argitaratu ditu denbora gutxian, eta, bigarren batek askotan hirugarren bat dakarren arren, argitu du oraingoz ez dela jarri trilogia batean pentsatzen. «Bizitzak tartea uzten badit, idazten jarraitzea gustatuko litzaidake; izan ere, uste dut konpromiso kontua ere badela Euskal Herrian euskaraz idaztea, eta nire kasuan, hain justu, Nafarroaren gainean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA