Artea

Nafarroako Unibertsitatearen Museoak badu eraikina

Rafael Moneo arkitektoak museoaren nondik norakoak azaldu ditu gaur goizean. Arte plastikoez gainera, arte eszenikoak eta ikasketen alorra ere jorratuko dituzte 11.000 metro koadroko gune batean.

Nafarroako Unibertsitatearen Museoa aurkeztu du Rafael Moneok hedabideen aurrean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Iker Tubia.
2014ko urriaren 2a
15:01
Entzun

Arteen arteko solasa. Hori izanen da Nafarroako Unibertsitatearen Museoaren helburua. Oraingoz badute bizkarrezurra: eraikina bukaturik dago. Obrak falta dira, eta, dirudienez, urtarrilean paretetan zintzilikatuko dituzte. Beraz, Iruñean jada eraiki dute arte garaikidea bilduko duen museoa. Rafael Moneo arkitektoak azaldu duenez, eraikin handia da –11.000 metro koadroko eremua du–, baina ongi txertatu da ingurura, eta ez du handitasun sentsaziorik ematen kanpotik begiratuta; ez da gailentzen campusean. "Fragmentazioa da horren erantzule".

Barnetik ere zatiturik dago. Behin-behineko erakusketetarako tokia bada, eta, noski, erakusketa egonkorrari dagozkion aretoak prestatu dituzte. Azken horiek dira berezienak, eta horiek dira proiektuaren abiapuntua. Maria Josefa Uharteren bilduma biltzeko sortu da museoa; Nafarroako Gobernuak eskura izan arren, azkenean Opusen unibertsitatearen eskuetan gelditu zen hura, alegia. Argiztapen berezia izanen dute areto horiek. "Bilduma osoa ikusteko sentsazioa emanen du. Distantzia honetara Antoni Tapiesen L’esperit català ikustea, zalantzarik gabe, oso berezia izanen da".

Uharteren bildumaz gainera, Jose Ortiz Etxague argazkilariaren bilduma ere egonen da, Opusen unibertsitateak dituen gainontzeko argazkiekin batera. Orotara, 10.000 irudi eta 100.000 negatibo, XIX. mendetik gaur arte egindakoak. Argazkigintzak sotoan izanen du tokia. Arte plastikoekin batera, arte eszenikoak ere bilduko ditu museo berriak. Auditoriuma sortu dute han; 704 eserleku ditu. Ikasketei dagokienez, bi gela ditu eraikinak, eta hainbat tailer.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.