Musika

Nafarroan D eredua aukeratzen duten gurasoei eskaini die Min saria Zetak taldeak

Euskararen «opariak» hainbat ate zabaldu dizkiola adierazi du Pello Reparaz abeslariak, musika independentearen euskarazko lanik onenaren saria eskuratzean.

Pello Raparaz, Zetak taldeko abeslaria. BERRIA
Edu Lartzanguren.
2021eko ekainaren 18a
11:47
Entzun

MIN musika independentearen sarietan urteko euskarazko disko onenaren saria jaso zuen asteazkenean Zetak talde nafarrak. Etxepare Institutoak babesten zuen sari hori. Nafarroan seme-alabentzat D eredua aukeratzen duten gurasoei eskaini zien saria Pello Reparaz taldeko abeslariak, eta sareetan ikusmina eragin du haren hitzak jasotzen dituen bideoak.

Euskaraz eskertu zuen Reparazek saria. Senideei eskaini zien saria, lehenbizi, eta «abestiak euskaraz sortzen dituen jende orori». Euskarak egunez egun gero eta ate gehiago ireki dizkiola adierazi zu sortzaileak, eta hori senideei eskertu die, hizkuntzaren «oparia» egin ziotelako. «Horrez gain, eskaini nahiko nieke sari hau Nafarroan seme-alabak D ereduan, euskarazko ikasteko, matrikulatzen dituzten gurasoei. Opari zoragarri horrek ate asko zabalduko dizkielako seme-alabei, neuk esaten dizuet».

Bideoak 58.000 ikustaldi baino gehiago zituen lerrook idazteko orduan.

Arbizuko musikariak 2019an sortu zuen Zetak taldea, Vendetta desegin ostean. Pop-elektronikoa lantzen du, eta bi disko luze argitaratu ditu: Zetak (2019) eta Zeinen Ederra Izango Den (2020).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.