Hari kantatu zion Benito Lertxundik. Hari Lurdes Iriondok. Hari Xabier Letek. Hari Mikel Laboak. Frankismopean eta artean grabatutakoa kaleratzeko baimenik ez zutenean jarri zuten abian API nahasketa mahaia lehengoz, Donostiako Herri Gogoa diskoetxearen estudioan, baina 1960ko hamarraldiaren amaieraz geroztik ere, hari kantatu diote euskal kantagintzaren hurrengo hamarraldietako ahots nagusietako batzuek ere. Paco Miangolarrak erosi zuen, AEBetan, eta Iñaki Beobide izan zuen teknikari nagusia garai hartan. Elkar diskoetxeak erosi zien tresna gero, eta haien estudioan, hari kantatu diote Tapia eta Leturiak, hari Imanolek, Txomin Artolak, Amaia Zubiriak, Mauriziak, Ruper Ordorikak eta hari beste hamaikak ere. Niko Etxart kantariak erosi zion mahaia Elkarri gero, eta haren grabaketa estudioan dago aspaldion, Altzain (Zuberoa). Eta oraindik ere martxan. «Miangolarrak, Beobidek eta Elkar diskoetxeak erakutsitako filosofiari jarraitzeko erosi nuen, hots, euskarari eta euskal musikariari geroa emateko, tresna profesional ezinbesteko batekin».
Elkarrekin urte franko daramaten arren, lilura ezin ezkutatuz erreparatzen dio oraindik Etxartek nahasketa mahaiari: «Beharbada ez du horrenbesteko interesik, ez bada musikaren berariazko mundu honetan. Baina zinez mitikoa da. Jimi Hendrixek halako mahai bat erosi zuen New Yorken, bere Ladyland ospetsua grabatzen hasi zenean», azaldu du kantariak, mahaiaren garrantzia nabarmentzeko.
«Zinez mitikoa da. Jimi Hendrixek halako mahai bat erosi zuen New Yorken, bere Ladyland ospetsua grabatzen hasi zenean»
NIKO ETXART Musikaria
Mahaia Donostiara heldu zenean, artean ez zen oraindik giro Hego Euskal Herrian: frankismoko zentsura sistemak indarrean jarraitzen zuen, eta jazarpenari jazarpenak jarraitzen zion. Euskal munduak ezer gutxi zuen libre, baina Miangolarrari zailago zitzaion bere aberriaren biziminari ez ikusia egitea Venezuelako erbestealdian inprimategien negozioan irabazitako dirua kausaren alde baliatzea baino. Eta, hala, bere patrikatik dirutza atera, eta diskoetxe bat sortzeak beharko zukeen guztia hartu zuen bere gain.
Donostiako Aurrera tabernan ezagututako gazte talde bati egotzi beharko litzaioke Miangolarrak hartutako erabaki horren errua; hain zuzen, Ez Dok Amairu osatu zutenei: Mikel Laboari, Benito Lertxundiri eta Jose Angel Irigarairi, besteak beste. Irigarairen hitzetan «konplot lekua» izaten zen taberna hura, eta haiek ere bazuten haiena. Mikel Laboak Bartzelonatik ekarritako ideia bati jarraikiz, Kataluniako nova cançó-ren gisako proiektu bat martxan jartzeko plana izaten zuten sarri hizpide. Miangolarrak konplot haren lekuko ez ezik konplize ere izan nahi zuen, eta, behin, Donostian estudio bat sortuko zuela agindu zien.
Herri Gogoa
Esan eta egin. Donostiako Tomas Gros kalean zituen bi etxebizitzetako bat intsonorizatu, egokitu, eta Ez Dok Amairu sortuko zuten kantari haien eskura jarri zuen, grabaketa estudio gisa erabil zezaten. Iñaki Beobide izendatu zuen egitasmoaren gidari; Axen Egaña, berriz, administratzaile. Eta lan egiteko toki bat eta hura gobernatzeko lemazainak aski ez, eta estudioa teknologiaz hornitu ere egin zuen, gainera. Hamasei pistako API nahasketa mahaia bezala, beste tresna asko ere AEBetatik ekarri zituen: besteak beste, Newton markako mikrofonoak, bozgorailuak eta Moog izeneko sintetizadore bat, hiru armairuk adinako tokia hartzen zuen tramankulua. Venezuelara egiten zituen bidaiak profitatzen zituen horretarako, AEBetatik barrena pasatuz itzultzen baitzen Euskal Herrira sei hilabete pasatzera, Donostian behin betiko finkatzea lortu aurretik. Suitzara ere joan omen zen Nagra markako grabagailu baten bila. Halakoxe abiapuntu oparoa izan zuen Herri Gogoa diskoetxeak, 1967an, izatez eta ofizialki klandestinoa izanagatik ere. Baimena eskuratu ezinik, Kataluniako Hots zigiluarekin batera plazaratu ziren Herri Gogoaren diskoak.
Antton Valverde kantariak hamaika ordu eman zituen estudio hartan lanean, nola bere diskoak grabatzen hala besteen lanetako moldaketak egiten ere. «Askok eskatzen zidaten laguntza, eta ni, pozik». Ez ditu ahaztekoak han ikasitakoak: «Oso gustura ibiltzen nintzen Iñaki Beobiderekin eta Paco Miangolarrarekin gauzak nola egin asmatzen, haiek teknikoki, eta ni musika aldetik. Horrela ibiltzen ginen». Gitarraz lagundutako grabazio xume bat izaten zuen abiapuntua Valverdek: «Kanta entzun, eta ikasita joaten nintzen estudiora, eta han zeuden gauzekin moldatzen nintzen, askotan erdizka inprobisatuz».
«Oso gustura ibiltzen nintzen Iñaki Beobiderekin eta Paco Miangolarrarekin gauzak nola egin asmatzen, haiek teknikoki, eta ni musika aldetik»
ANTTON VALVERDE Musikaria
Urte politak izan zirela aitortu du Valverdek. Guztira, berrehun lan baino gehiago grabatu zituen Herri Gogoa diskoetxeak API nahasketa mahaiaren kanaletatik barrena: besteak beste, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Lurdes Iriondo, Pantxoa eta Peio, eta Oskarbiren diskoak, bai eta herri musikari loturiko zenbait instrumentu, doinu eta ahots ere.
Baina ezer ez da betiko. Ez Dok Amairu taldea desegin egin zen; taldeko kideen artean arrakala sortu, eta bereizi egin ziren. Iñaki Beobide, berriz, ETB sortzeko egitasmoan sartu zen bete-betean, eta denborarik ez Herri Gogoari eskaintzeko.1983an, Miangolarrak Elkar argitaletxera jo zuen Herri Gogoaren ondarea saltzeko asmoan. Halaxe esan zion orduko Elkarreko kudeatzaile Joxe Mari Sorsi: «Banuen atunontzi bat, eta, hura salduta, musika estudio bat ipini nuen. Orain, estudioa saldu, eta diru horrekin Vasconia-ren hurrengo zatia finantzatu nahi dut [Federiko Krutwig-ek idatzi zuen Vasconia, 1962an, Miangolarrak berak diruztatuta. Fernando Sarrailh de Ihartza goitizenez plazaratu zen, eta hautsak harrotu zituen Franco diktadorearen gobernuko barne ministro Manuel Fraga Iribarnek ahotan hartu zuelako, besteak beste]».
Sorsek gogoan duenez, berehala gauzatu zen salerosketa: «Bestela, Bartzelonara joan beharra zegoen grabatzera, eta hemen ondo zetorren. Miangolarrak eta Beobidek kopuru bat aipatu zuten, eta hura ordaindu genuen, eztabaidatu gabe. Bi irizpide izan ditugu beti Elkarren: funtsak desagertzen ez uztea, eta geure produkzioa bideratzea». Hala, Herri Gogoaren funtsaz ez ezik, grabaketa estudioko tresneriaz ere egin zen jabe Elkar. Groseko etxebizitza utzi, eta Lasarte-Orian (Gipuzkoa) jarri zituzten, hamar solairu inguruko eraikin baten etxabean apailatutako musika estudioan.
Elkarrekoek hamarraldi bat eskas egin zuten Lasarte-Orian. Sors: «Musikariak gauez aritzen dira gehienbat, eta, nola gertatzen diren gauzak, hamargarren solairuko bizilagunek protesta egiten zuten, han goian agertzen zelako estudioko hotsaren oihartzuna, ez lehen solairuetan. Konpondu genuen, baina nekez». 1992an, Elkarrek musika estudioa Donostiako Igara auzora aldatzea erabaki zuen, eta hara eraman zuten API nahasketa mahaia ere.
Elkarren, Phocasekin
Diskoetxe horretan osatutako aldian, mahaiak Jean Phocas teknikari estimatua izan zuen erabiltzaile nagusi eta zaintzaile. Sors: «Guk beti esan izan dugu musika grabatzeko estudioa ez zela Elkarrena, Jean Phocasena baizik». Haren eskuetatik ezin konta ahala kantari eta talde pasatu ziren. Arrosarioan bezala eta hurrenkera alfabetikoan errezitatzen ditu Sorsek haietarik asko: «Beñat Axiari, Txomin Artola, Xabier Lete, Akelarre, Aritzak, Jean Mixel Bedaxagar, Anje Duhalde, Niko Etxart, Josean Artze, Axlor, Azala, Jon Bergaretxe, Pier Paul Berzaitz, Egan, Ganbara, Joxean Goikoetxea, Guk, Hor Konpon, Maite Idirin, Imanol...». Baita Imuntzo eta Beloki, Itoiz, Jojo eta Ramuntxo, Joselu Anaiak, Kepa Junkera, Les Mecaniciens, Mikel Markez, Erramun Martikorena, Maixa eta Itziar, Ruper Ordorika, Oskorri, Hibai Rekondo, Tapia eta Leturia, Pascal Gagne, Jabier Muguruza, Minxoriak, Amaia Zubiria, Enrike Zelaia eta Olatz Zugasti ere. Gainera, Maurizia, Leon eta Basilio; Kepa, Zabaleta eta Imanol; eta abesbatzak, gaiteroak eta bestelako bandak, tartean Takolo, Pirritx eta Porrotx. Aipagarri dira, hein berean, haurrentzat edota eskolarako material gisa sortutako lanak ere.
«Guk beti esan izan dugu musika grabatzeko estudioa ez zela Elkarrena, Jean Phocasena baizik»
JOXE MARI SORS Elkar argitaletxeko kudeatzaile ohia
1995ean, baina, Elkarrek zedarri berri bat ipini nahi izan zuen musikaren grabaketari dagokionez, eta API nahasketa mahaia txikitxo gelditu zitzaien horretarako. Sors: «Horrek hamasei pista zituen berez, eta beste zortzi erantsita. Guztira, 24 pista ziren, baina gutxitxo halere. Gehiago behar ziren. Kasualitate batez, 54 pistako SSL bat erosteko aukera suertatu zitzaigun; mahairik bikainena zela esaten zuten orduan, eta hura ekarri genuen Ameriketatik, modu onean». Zoriaren menpe egotea zer den, 1997ko uholdeek bete-betean harrapatu zuten Elkarren Igarako egoitza. Denbora, pazientzia, pieza osagarri franko eta dirua behar izan zuten makina hura bere bikainera ekartzeko atzera.
Niko Etxarten bihotzaldia
API mahaia onenak emanda zegoela irudituko zitzaion teknologiazale bati baino gehiagori, baina ezta hurrik eman ere. Etxartek, esate baterako, begiz joa zuen, aspalditik ezagutzen zuen. 1974an izan zuen lehen kontaktua harekin, Roger Idiarten Zazpi Gara 45 itzuliko disko txikian parte hartu zuenean. 1976an berriro jarri zen mahaiaren aurrean, beste 33 xiberotarrekin batera Pierre Topet Etxahun diska luzea grabatzeko. Eta, horretan zela, epifania moduko bat otu zitzaion Etxarti: «API mahaiaren aitzinean jarririk nintzelarik, 'egun batez halako mahai baten jabe izan naiteke berdin' pentsatu nuen». Bihotzaldi hura gogoan zuen 1989an mahaia erosteko aukera suertatu zitzaionean: «Ez nuen minutu bat ere eman erabakitzen».
Ongi zekien Etxartek zertarako baliatuko zuen API mahai «mitikoa». Haren bidez lortuko zuen soinu kalitatea jarri zuen oroz gaindi, haren bidez erregistratuko zituen lanen berme handienetako bat izango zelakoan. Mahaiak bere aurretik izandako jabeek bezala, euskal musikaren geroa zaindu nahi zuen Etxartek ere. Hala, Kilikas estudioa sortu zuen Altzain (Zuberoa), eta 1989tik 2022ra bitartean joandako 33 urtean, ia laurehun lan erregistratu zituen; tartean disko handiak, disko txikiak eta zintak. Aipagarriak dira, kasurako, Jean Mixel Bedaxagarren Otea Lili denean, Irigoien Anaiak, Xalbador eta Ihidoyren Gauden gu, Altzurukutarrak taldearen lau aleak, Niko Etxarten Baikor, Niko Etxart eta Hapa-hapa taldearen Gili gilikatzen haut eta Minuette diskoak, Jean Bordaxarren Adiskideer, Jojo eta Ramuntxo, Eskolan Kantari, Xabaltx, Guk... Baita Xiberuko pastoral anitz, hainbat frantses talderen grabazioak eta euskal irrati eta telebistetako jingleak ere.
«Miangolarrak, Beobidek eta Elkar diskoetxeak erakutsitako filosofiari jarraitzeko erosi nuen [mahaia], hots, euskarari eta euskal musikariari geroa emateko, tresna profesional ezinbesteko batekin»
NIKO ETXART Musikaria
Horretan dihardu oraindik ere: «Oraiko mundu digital basa honetan, soinu beroa maite duenak badaki mahai hori Rolls Royce bat dela, eta jakin ezazue harro naizela harekin egin ditudan lanez. Euskararen zerbitzuan beti, bai horixe». Nolanahi dela, mugak jartzen hasia da: «COVIDetik aitzina, bakarrik ene proiektuetan erabiltzen dut Kilikas estudioa». Ez bat eta ez bi, hiru lan ditu esku artean.
Urteotan guztietan, gutxienez bi lagunek proposatu izan diote Etxarti mahai horren erreleboa hartzea. Batetik, Jonan Ordorika teknikaria zenak —«Zoritxarrez, goizegi utzi gaitu!»—, eta bestetik, Studio du Manoir grabaketa etxeko Michel Coustillas soinu ingeniariak (Landak, Frantzia). Oraingoz, ez daki zer norabide hartuko duen mahaiak: «Serioski pentsatu beharko dut ene API Rolls Roycearekin zer egin... Geroak erranen».
