«Zer da ba ez bada idaztea izan/ luma eta gorputza mugimenduan jartzea,/ gaur bizirik nagoela ospatzea». Nahia Intxaustik erraietatik abiatu du bere lehen poema liburua, minbiziak sortu baitzion idazteko beharra. Norberaren minari eta gizarteari idatzi die Intxaustik Zainetatik zilarra liburuan, eta prozesuan Iratxe Retolaza izan du «bidelagun», eta editore. «Poema bilduma hau gorputz dardarti batzuek abiarazi zuten, gorputzaren ertz ezezagunenetatik labainka arnas bila atera ziren hitzetatik abiatu zen, gorputz eri baten desorduetatik, bidegurutzeetatik eta hauskortasunetik», adierazi du egileak. Champourcin 35. Poesia Lehiaketako Euskarazko Saria jaso zuen Intxaustiren poema bildumak, eta Pamielak argitaratu berri du.
Gorputz zaurgarri bat da Zainetatik zilarra poesia liburuaren protagonista. «Nire ikara puskak/ partekatu nahi nituela,/ zalantza estetikoen marmarrek/ mututu dute/ gaixotasunaren larritasuna/ eta estalarazi nauzue,/ huntzak/ haritz enborra nola». Hiru atal nagusitan dago bereizia liburua: Bular sastakatua, Zilar zainak eta Betileak hazi, baina, orotara, hainbat pieza txikik osatzen dute bilduma. Bizitzan horixe bera gertatzen dela adierazi du Retolazak; alegia, egonkortzat jotako zorua arrakalatzen denean beste puzzle baterako pieza txiki asko sortzen direla. «Modu askotara egin dezake ihes ordura arte norberak eraiki duen bizitzaren gaineko ustezko zentzuak, eta heldulekuek ihes egiten dizutenean, zentzu berriak sortu behar dituzu, hain zuzen, zeure buruari kontatzeko nor zaren, non zauden eta nora zoazen», azaldu du editoreak.
«Gaixotasunak nire zoru eta geruza ugari arrakalatu, pitzatu eta irauli zizkidan. Baina, pixkanaka, puska horiek berreraikiz joan nintzen tribuari eta jasotako babesari esker»
NAHIA INTXAUSTI Idazlea
Intxaustik ere hizpide izan ditu diagnostiko bat jasotzearen ondorioak: «Gaixotasunak nire zoru eta geruza ugari arrakalatu, pitzatu eta irauli zizkidan. Baina, pixkanaka, puska horiek berreraikiz joan nintzen, tribuari eta jasotako babesari esker». Natura da liburuan nabarmen ageri den elementuetako bat; lau irudik osatzen dute poema liburua —Jabi Cruzenak eta Mikel Elorzarenak dira—, eta bidea egiten duen arrakala baten irudia ere ageri da azalean. Ibai baten itxura duen arren, arrakala gris bat da; zilarraren kolorekoa. «Gorputz arrotzari zentzu berriak eta helduleku berriak zabaldu beharraz mintzatu nahi nuen, natura baliabide literario moduan erabiliz, eta poema bilduman dauden irudiek ere gorputz puska horiek iradoki nahi dituzte: lur idortuak eta arrakalatuak dira, ñabarduraz eta zentzuz beteak, minduak, baina geruza sakonetara zabaltzeko prest daudenak». Halaxe dio poema baten hasierak: «Sartu da kimioa/ zainetan, gorputz laurdenetan,/ gorputz erdian,/ ur jauzi izoztu bat nola/ sentitzen ez dudan tokian/ haztamuka dabil».
Gaixotasuna bere testuinguruan
«Zainetatik zilarra lanak gorputza arroztasunak zeharkatzen duenean sortzen den nahasmenaz dihardu», kontatu du idazleak. «Norbere gorputza noraino den norberarena, eta noraino arrotza. Noraino den zilarra eta noraino zaina». Egunak joan egunak etorri, bizitzak berak ihes egiten du oharkabean. Bada, Intxaustik kontatu duenez, gaixotasunaren eskutik ikasi zuen berak, hain zuzen, bizirik zegoela; gorputza iratzarri egin zitzaiola kontatu du, eta orduan jarri zuela, lehenengoz, gorputza lehen lerroan. «Orduan gorpuztu nintzen: orduan hasi nintzen berari itxoiten, orduan ekarri nuen nigana, eta orduan besarkatu nuen».
«Zainetatik zilarra lanak gorputza arroztasunak zeharkatzen duenean sortzen den nahasmenaz dihardu. Norbere gorputza noraino den norberarena, eta noraino arrotza. Noraino den zilarra eta noraino zaina»NAHIA INTXAUSTI Idazlea
Baina Intxaustik, ni-aren begiradatik ez ezik, ikuspegi sozial eta kolektibo batetik ere begiratu dio gaixotasunari. «Kontatzen du gizartearen begirada hegemoniko, osasuntsu eta kapazitista batek zer jarrera hartzen duen gaixotasuna diagnostikatu dioten norbaiten aurrean», azaldu du Retolazak. «Horixe da poema liburu honen ekarpenik handiena: begirada hori birpentsatzeko eta auzitan jartzeko ariketa egiten duela». Intxaustik ziurtatu du gaixotasunak eri dagoena ez ezik ingurukoak ere zeharkatzen dituela; hala, saretzearen alde eta minbiziaren ikusezintasunaren kontra azaldu da.
Bide horretan, Iñurri elkarteak emandako babesa goraipatu du. Izan ere, elkarteak minbiziaren alorrean laguntza eta dibulgazioa eskaintzen du, ikuspegi feminista oinarri hartuta. «Zaurgarritasuna besarkatzeko orduan, haien ondoan sentitu dut —eta sentitzen dugu— garai zailenetan ere umorea, errebeldia, eskuzabaltasuna eta maitasuna ezinbestekoak direla». Hala, kontatzeko asko izateaz gainera, Intxaustik aitorpen bat ere egin du: liburua, hain zuzen, bizirik dagoela sentitzeko idatzi duela.