Idazlea

Bernardo Atxaga: «Nahiago dut pixka bat estrabagantea izatea, 'petit bourgeois' izatea baino»

Ibilbide hasierako kutsu abangoardista berreskuratu du Atxagak 'Enarak' nobela idazteko. Aingeru baten ikuspegitik kontatuta egon arren, egilearen unibertsoa biltzen du lanak, eta garden erakusten ditu sortzailearen hainbat zauri pertsonal ere.

Bernardo Atxaga idazlea. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bernardo Atxaga idazlea. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Inigo Astiz
Zalduondo
2025eko urriaren 24a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Honaino iritsi naizela esan beharko dut: Ecce homo». Justu datorren urtean beteko dira 50 urte bere lehen liburua argitaratu zuenetik (Ziutateaz), eta, euskal literaturari eskainitako bizialdi oso baten ostean, bere ibilbidearen azken puntuaren biran dabil orain Bernardo Atxaga idazlea (Asteasu, Gipuzkoa, 1951). 2019an ere despedida kutsu argiarekin aurkeztu zuen Hilobiak eta etxeak eleberria (Pamiela), bere azken nobela izango zela esanez. Ez da hala izan, ordea, eta justu egunotan iritsi da liburu dendetara Enarak (Pamiela). Eleberri bat. Bere ibilbideko 11. nobela du, zehazki, baina baita jatorrirako itzulera moduko bat ere. Atxagak azken eleberrietan egin baino nabarmenago azaltzen baitu bertan kontaera eta narratzaile ezohikoekiko beti izan duen zaletasuna. Uzariel izeneko aingerua da liburuko narratzaile nagusia, eta haren begiradaren bidez helduko zaizkio irakurleari liburua ardazten duten hiru hileten eta bertan bildutakoen nondik norako guztiak. Baina oskola erabat fantastikoa izanik ere, errealista da liburuaren mamia. Urriaren 31n aurkeztuko dute ofizialki Bilboko Arte Ederren Museoan, baina, horren aurretik, liburuaz patxadaz aritzeko aukera eman dio idazleak BERRIAri, eta justu ordubeteko solasaldia amaitutakoan onartu du, maskara jolas horiekin guztiekin ere, haren fantasia guztia gorabehera, eta suspense nobelen mekanismoez baliatu eta aldi berean trufatu den arren, balitekeela hau izatea bere nortasuna argien agertzen duen lana ere. Berak latinismoa baliatuz azaldu bezala, hau da Bernardo Atxaga.

Etxeak eta hilobiak izan zen zure aurreko nobela, eta zure azken eleberria izango zela esan zenuen orduan, baina despedida kutsu handiagoa du oraingo honek.

Zalantzarik gabe. Liburuaren bukaera, hain zuzen ere, hori da. Nik hor esaten dut eskerrik asko zuri, eskerrik asko hari, eskerrik asko, eta agur. Hala egin behar dudala uste dut.

Eta liburu amaieran, gainera, zu zeu ere ageri zara. Maskararik gabe. Edo agian zehatzagoa da esatea liburuan dauden maskara guztien artean zurea ere badagoela.

Uzariel-Irazu. Izenen hitz joko horrekin bistan uzten dut hori [Joseba Irazu da Atxagaren benetako izena]. Baina nik ez dut egin nahi memoria liburu bat, ez zait interesatzen. Ez dut egin nahi tesi nobela bat; hori gutxiago. Ez dut egin nahi errealitate soziologiko baten etsenplu bat. Testu horietan hitz guztiak izaten dira halako soldadutxo batzuk bezala, eta denak doaz formazioan nobelaren tesia argitzera. Irakurle bezala ez zaizkit behin ere gustatu horrelakoak; niretzat irakurtzea ez delako egia omen den zerbait ikasteko modu narratibo bat; horretarako saiakerak irakurtzen ditut eta estudiatu egiten dut. Literaturak, fikzioak, niretzako kontrako bidea egiten du, espirala ez doa irakurlearengandik kanpora. Jendea joan dadila irakurtzen, eta testuak lan egin behar du espiral batek bezala, baina barrurantz, barrurantz eta barrurantz. 

Niretzako bada eskritoreentzat lege bat, eta lege hori da denak egon behar duela liburuan; denak egon behar du testuan, baina elikagaia madarian dagoen bezala. Hor dagoelako dena, baina ez delako ikusten. Hemen ere elikagai guztiak daude lengoaian sartuta, eta ikusezinak dira. Gero, bigarren pauso batean, irakurleak aterako ditu bere ondorioak, eta pentsatuko du hau horregatik dela edo eta beste hori hargatik dela, eta gero galdetuko du: «Eta nire kasuan, zer?».

Txanpon beraren bi aldeak daude liburuan: bakardadearen beldurra, eta, era berean, laguntasunaren gorazarrea. Jean-Paul Sartrek Huis Clos antzezlanean esaten zuen besteak zirela infernua, eta zuk liburu honetan esaten duzuna da infernua bakardadea dela.

Hori da, nire ustez, fikzioa egiteak ekartzen duena. Nik nobelaren hasieran lau aingeru soldadu aipatzen ditut, eta haien artean Uzariel bereizten dut gero. Baina hori egin nuenean eta bakarrik utzi nuenean, nik ez nuen pentsatzen bera izango zenik nobelako pertsonaia nagusia. Baina aipatu duzu bakardadearen beldurra, eta nik ez nuke esango beldurra denik. Nik ez diet beldurrik gertaerei, de facto era batera edo bestera direnei. Beldurra izaten dut zer edo zer gertakizun badago. Eta horrek ematen dit niri beldurra, beldur handia. Baina besteari ez.

«Nik ez dut egin nahi ez memoria liburu bat, ez tesi nobela bat, ez errealitate soziologiko baten etsenplu bat. Testu horietan hitz guztiak izaten dira halako soldadutxo batzuk bezala, eta denak doaz formazioan nobelaren tesia argitzera»

Alegia, ez dagoela bakardadearen lantururik?

Hori da [Giuseppe] Ungarettiren poema: [italieraz gogoratzen du] «Ma non vivere di lamento/ come un cardellino accecato». Ez egin lanturu, karnaba itsutu batek bezala, ezta? Eta, orduan, ez da bakardadearen beldurra, baizik eta bakardadearen azalpena. Hori hala da. Eta nik testuan hori hizkuntzan bertan sartu dut. Momentu batean esaten du Uzarielek bere kideak ez zirela onak, baina behintzat zarata egiten zutela. Eta hala da. Nik ulertzen dut hori: jende askok zarataren bidez ihes egiten dio horri.

Eta laguntasunarena?

Konrad Lorenz zoologoak [1973an Fisiologia eta Medikuntza Nobel sariduna eta inpronta kontzeptuaren deskubritzaileak] esaten du, bizitzan, gehienera-gehienera 11 lagun ditugula, eta ez da euskaraz ari; esan nahi du hamar gehi bat. Eta nik ere liburuan keinuak egin dizkiet honi eta hari, eta laguntasun hori eskertzeko modu bat ere bada.

Nagusiki Uzariel aingeruak egiten ditu kontalari lanak liburuan, baina ez du ahotsik, edo ia inork ez du entzuten, behintzat. Eta hortik dator haren bakardade sentipena.

Ahotsari buruz asko idatzi dut. Gehiena ez dago argitaratua, baina pentsatzen dut ahotsa izan daitekeela izatearen probarik handiena. Nor denak ahotsa dauka. Baita politikan ere. Orain, normalean ez daukate ahotsik eta bide batez beti ari dira garrasika. Ahotsa izateak eta hitz egin ahal izateak garrantzi handia du. Eta asko eskertzen diot fikzioari horri buruz lasai hitz egin ahal izatea, ze normalean ezin da hitz egin gai honi buruz.

Zenbat aldiz pentsatzen dudan eskerrak fikzioari, eskerrak teatroari, hari esker azal dezakegulako gizartean eta eguneroko bizitzan dagoen geruza guztiz faltsua, erabat faltsua, noizik eta behin pitzatu egiten dena, gertaera bata edo bestea tarteko, baina normalean guztiz faltsua dena. Fikzioaren bidez, eta, batez ere, pertsonaia asko badituzu eta abar, zu ahalegintzen zara esatera, adibidez, nahikoa da erlijioarekin. Ni ezin naiz hori esaten hasi gizartean; igual mindu egingo duzu nahi ez duzun norbait. Erradikalizatu egin naiz denborarekin, horixe pasatu zait, eta horrek bakartu egin nau. Normala da.

Bai? Bakarrago sentitzen zara orain lehen baino?

Badakizu? Beldur handia diot psikologiari. Dena psikologizatzen da. Nik ez dut ezer jakin nahi psikologiarekin. Nahiago dut fantasmetan sinistea. Esan nahi dut bakardadearena ez dela egoera animiko bat besterik; eta egoera animikoa bi whiskirekin aldatzen da. Hala da! Ez da hain gauza erabakigarria. Bakartasuna beste zerbait da.

«Zenbat aldiz pentsatzen dudan eskerrak fikzioari, eskerrak teatroari, hari esker azal dezakegulako gizartean eta eguneroko bizitzan dagoen geruza guztiz faltsua, erabat faltsua»

Liburu honetarako berriz ere baliatu dituzu zure ibilbide hasieran erabili izan zenituen keinu abangoardista batzuk, gerora zure narratibako ibilbidean estaliago geratu direnak.

Idazle bizitzan, nobela politikoekin-eta, hor beste lurralde batean sartu nintzen. Gizartearen egoerak horretara eraman ninduen-edo. Nolabait idazleok eskubaloiko piboteak bezala gara [besoak gorputzera itsasten ditu, norbaitek libreki mugitzea galaraziko balio bezala], eta egoerak eraginda, agian, formalki ez nuen nire barne joera nagusia atera. Eta nire barne joera nagusi hori ikusten da batez ere nire alfabetoetan, haurren literaturan, poesian, Henry Bengoa Inventarium-en... Abangoardiarekin lotutako idazkera eta diskurtso bat badut, eta nobela honetan hori nabarmen ikusten da.

Bere burua bistaratzen duen lengoaia bat da.

Eta nahi baduzu, lengoaia bat estrabagantea ere bai. Zeren eta estrabagantea ez dena, agian da petit bourgeois, eta aukera horretan, nik nahiago dut pixka bat estrabagantea izatea, petit bourgeois izatea baino.

Animaliak ziren kontalariak Bi anai eleberrian. Behiaren ikuspuntutik kontatuta dago Behi euskaldun baten memoriak, eta aingeruak dira narratzaileak oraingoan. Izaki ez-gizatiarrak horiek ere. Askotan baliatu dituzu halakoak zure liburuetan. Zer ematen dizute?

Gero eta jabeago naiz zer-nolako tresna den hori. Narratzailea egunero ikusten diren pertsonak bezalakoa baldin bada, nahiz eta gabardinarekin jantzi eta pipa erretzen jarri eta detektibea izan, horrek izugarrizko itxitura ekartzen dio testuari, zeren eta narratzaileak ezin ditu ekidin errealitatearen milaka gauza, eta esaten baduzu zure detektibea la rue maginot-etik doala, ezin dituzu saihestu rue horretan dauden dendak, rue horretan dauden jendeak edo rue horretan dauden kartelak.

Bi anai-n, esaterako, sugea bada narratzailea, edo antzara, zuk ez duzu jakin beharrik udaletxeko hauteskundeak nork irabazi eta nork galdu dituen. Ez dago udaletxerik. Obaban ez dago alkaterik, ez dago udaletxerik, daude beste elementu ikoniko batzuk: dago apaiza, dago jostundegia, zerrategia... Zuk errealitate horretan dagoen paisaia naturalista edo arrunt hori kendu egiten duzu gainetik, eta egiten duzu operazio poetiko bat, ze zuk hartzen dituzu errealitate horretatik bakarrik zure ustez esanahi handia duten edo izan dezaketen elementuak. Hartzen duzu jostundegia, zeren eta han neska gazteak baitaude, eta herrian foku erotiko bat baita, eta oso esanguratsua da. Narratzaile zuk esan bezala ez-gizatiarra erabiltzeak, horrek liberatu egiten du lengoaia mota bat. Esate baterako, gizatiarra balitz, Uzarielek ezin esango luke mendiak «poliberdeak» direnik, edo ezin esango luke «desazediatu», edo norbaiten irribarrea zenik %80 purua, eta abar eta abar. Kontatzeko modu horrekin liberatzen duzu lengoaia bat, eta niri oso dibertitua iruditzen zait.

«Nobela politikoekin-eta beste lurralde batean sartu nintzen. Nolabait idazleok eskubaloiko piboteak bezala gara, eta egoerak eraginda, agian, formalki ez nuen nire barne joera nagusia atera»

Salbuespen gutxi batzuekin, baina gizonezkoak dira nobelako pertsonaiarik gehien-gehienak, eta nabarmena da haietako batzuen arteko gizonkeria ere.

Nik nire bizitzan, nire inguruan eta kanpoan ere bai, gehiena ikusi izan dudana da baldarkeria sexuala. Ez dut esaten ni besteak baino finagoa naizenik edo sentsibleagoa, baina pixka bat min ere egiten zidan horrek. Emakumeak bueltatu orduko zer komentarioak aditzen nituen! Eta ez soldaduskan bakarrik: soldaduskan, noski, baina ez, ez, ez; oso giro posh eta esango nuke ustez finetan ere bai. Liburuan ez dago tesirik horri buruz, baina hor azpian doa etengabe.

Beste liburu batzuetan oso argia da euskal gatazkaren erreferentzia, baina oraingo honetan hiru zertzeladatxoren bidez egiten duzu haren aipamena.

Kasu bat oso nabarmena da, ezta?

Zertzelada horietako batek argi adierazten du batzuek beren mesedetan baliatu dutela gatazkarena.

Baina ez dugu gehiegi esango! Bai esango dut hori ere lehen aipatutako literaturari buruzko ikuspuntu eta filosofia berberarekin idatzita dagoela. Nik ez dut egin nahi tesi bat horri buruz. Tesi bat egina daukat, esate baterako, Txiki eta Otaegiz [frankismoak fusilatutako Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegiz], eta seguru asko Pamielak aterako du hori. Erlea aldizkarian ere objektu bidez egiten nituen elkarrizketa horietako bat egin nion Txikiren amari, eta hori egiten nuen zuzenki, hura ez zelako literatura; beste paper batean nago testu horretan. Baina literaturan nahi nukeena da irakurleak esatea «a, bai, hau hargatik da», eta ez orain bakarrik, baizik eta baita hemendik hamar urtera ere. Eta orduan barrura eraman puntu hori ere.

Baina nahi duzu esatea gauza bat politikaz?

«Nik ulertzen dut Segurtasun Sailari ez gustatzea antifaxistak, niri pertsonalki asko, eta nik eta jende askok pentsatzen dugu antifaxismoa berriro ere beharrezkoa dela»

Bai.

Uste dut egon direla gure Euskal Herri honetan hiru pitzadura. Pitzadura galanta, erabakigarria izan zen 1936koa. Horretaz ez dago zalantzarik. Nire ustez, beste pitzadura bat izan zen 1965-1975ean. Hori izan zen pitzadura bat nondik argia sartu zen. Eta ez dakit, ba, hirugarrenaren aztarna ez ote zaigun egunotan iritsi. [Hispanitatearen eguneko] Gasteizko istiluak direla-eta ikusi dut hori. Alde batetik han egon zirelako Falangekoak, eta, gerran, benetako asasinoak izan ziren haiek, eta, hain zuzen ere, haiek asasinatu zuten orduko Arabako diputatu nagusia zena [Teodoro Olarte], eta, haietaz gainera, egun hartan, beste alde batetik zeuden antifaxistak. Eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko bigarrenak esan du hor egon zirela alde batetik faxistak, eta bestetik «faxista euskaldunak». Nik ulertzen dut Segurtasun Sailari ez gustatzea antifaxistak, niri pertsonalki asko, eta nik eta jende askok pentsatzen dugu antifaxismoa berriro ere beharrezkoa dela. Bertolt Brechtek esaten zuen bezala, piztia likitsa oraindik ere emankor dago. Segurtasun Saileko ordezkariak esatea Eusko gudariak kantatzen ari ziren haiek «faxista euskaldunak» direla, niri horrek halako pitzadura bat sortu dit, eta bidali nau beste toki batera. Ez nago haiekin. Aspaldian gehien larritu nauten gauzetako bat izan da hau. Izugarria iruditzen zait.

Hor beti dago talka bat, ez? Gizartean gertatzen denari erantzun beharraren urgentziaren eta literaturaren denbora ezinbestean bihurriagoaren artean.

Nik uste dut bereizi egin behar dela. Bentrilokia hori behar da. Txikiren amari egiten diozu elkarrizketa bat, eta zu zara halako hiritar bat. Eta, gero, literaturarena da beste mundu bat. Ez duzu egiten ez gaurko, ez biharko, ez etziko; egiten duzu auskalo noizko, auskalo zeinentzat. Sar dezakezu hori dena, baina elikagaia madarian dagoen bezala. Nik ere igual ez dut beti egin, baina uste dut hala egin beharko litzatekeela.

Ez dago oso modan literaturaren autonomiaren defentsa.

Ez? Ez dakit, egia esan. Ez dakit zer esaten den giroan. Baina lehenago ere, autonomia-edo, ikusi egin behar zen kasu bakoitzean. Esate baterako, Gabriel Aresti komunista zen, eta gizarteari buruz idazten zuen, baina gizon librea zen, eta berak ez zuen inorekiko morrontzarik. Berak erabiltzen zituen bere ideia politikoak kritika egiteko etengabe. Egunotan egon naiz haren lana irakurtzen berriz ere, hitzaldi bat dudalako hari buruz, eta ohartu naiz literatura aztertzen dutenek beharko luketeela, ba... nola izaten dira bitxitegietan urrea pisatzeko balantza txiki horiek? Bada, horrelakoak beharko lituzkete, ze ez dakit ondo ponderatzen ari diren gure iragan literarioa. Esate baterako, Arestiren Profeta bati edo Q poema, [Jorge] Oteizarekin dialogoan, nire ustez, hori da XX. mendeko poema gogoangarri bat. Goi-goi-goi mailako poema bat, eta horixe egon naiz pentsatzen egunotan: ze gutxi ponderatzen den. Poema hori da ikaragarria.

«Niretzako artearenak, oro har, pintoreak, eskultoreak, musikariak, idazleak, niretzako horiek dira ofizio handiak, eta beste ofizioak ere beharrezkoak izango dira, baina niretzako ez dute besteek adinako handitasunik»

Ezagutu zenuen, gainera.

Zorte handia izan nuen. Eskuzabala izan zen, eta zintzoa. Eta seguru asko ze bakarrik zegoen ere erakusten du horrek. Horregatik gazte etorri berri bati ere idatzi zizkion gutunak eta abar. Berak ere behar zuen interlokutore bat. Bakarrik zegoelako.

Liburuan badago pinturari erabat emana bizi ezin delako negar egiten duen bankari bat. Eta haren kontrapuntuan, badaude, gutxi salduta ere, pintore izatea aukeratu duten beste bi pertsonaia.

Artearen, artelanaren eta ofizio horien gorazarre egiten du liburuak, bai, oso garbia eta erabatekoa. Niretzako artearenak, oro har, pintorearenak, eskultorearenak, musikariariarenak, idazlearenak, niretzako horiek dira ofizio handiak, eta beste ofizioak ere beharrezkoak izango dira, baina ez dute besteek adinako handitasunik. Beti uzten dira gauzak atzean, noski, ze bestela heroikoa litzateke bizitza, eta ez da. Baina Malcolm Lowryk «galdutako aukeren xuxurla» deitu zien atzean utzitako horiek sortzen dutenari, eta ahal dela ez eman aukerarik horri.

Idazle izateagatik, behintzat, damu horien xuxurlarik ez duzu zuk, beraz?

Ez, ez. Baina ez naiz harrotuko horregatik ere, ze orain, denborarekin, konturatzen zara azken batean suerte batzuk izan ditudala idazle bizitza aurrera ateratzeko. Arestiren tratabidearekin hasita. Gero, nik sinistu egin dut honetan: ofizio honek batzuetan sufriarazi egiten dizu, bai, baina hau da ofizio benetan handi bat. Eta liburuan azaltzen da hori ere, bai.

(ID_15423539) (Oskar Matxin Edesa/@FOKU) 2025-10-16, Bilbo. Bernardo Atxaga idazlea
Bernardo Atxaga idazlea. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Euskal kulturan gu gara zamaketariak»

Bernardo Atxagarentzat bereziki mingarria izan zen Erlea aldizkariaren itxiera. 2009an sortu zen proiektua, Atxagaren zuzendaritzapean eta Euskaltzaindiaren babespean, eta hamabi zenbaki kaleratu ostean amaitu zen haren ibilbidea, 2018an. Oraindik ere bizi du mina, ordea. Eta Enarak eleberrian ere, fikzio baso horren erdian, esplizituki aipatzen du idazleak orduan gertatutakoa. «Ez da izango hamahirurik. Andres Urrutia prest legoke gure argitalpen hau Euskaltzaindiaren hurrengo aurrekontuetan sartzeko, baina ez omen ditugu hirurehun irakurle ere, eta hobe uztea».

Jose Manuel Urtainen hiletarekin abiatzen da liburua, eta presentzia handia du haren figurak gero ere liburuan. Testuan aipatzen da, hasieran, Jose Manuel Urtain izaten hasi zela, baina gerora maskara bat eraiki ziotela, eta Urtainen maskara hori handi geratu zitzaiola. Bernardo Atxaga izen-abizenak ere maskara jolas batetik abiatu ziren, eta hasierako Pott aldizkarietan nabarmen jolasten zinen harekin, besteak beste, testu batzuk Atxagof edo Atxagani gisa sinatuz. Orain zuri ere handi egin zaizu zure maskara hori?

Bai. Zuk zerbait idazten duzunean nobela batean, nola horra doan zure barru guztia, nolabait, modu garbian edo modu zeharkakoan, ba, orduan, maskararena ere ez zait sortu halako inspirazio ex nihilo batean, baizik eta neure artean ere askotan pentsatu izan dudalako kontuz ibili behar dudala nire maskararekin.

Aspaldi dela Greziara joan nintzen, liburu bat aurkeztera, Obabakoak, eta joan ginen anfiteatro horietako batera. Han galdetu nuen ea joaten ziren guztiek aditzen al zuten aktorea, eta baietz esan zidaten, denek aditzen zutela. Eta aipatu zidaten aktoreek maskara bat erabiltzen zutela, eta maskara haiek bozina bat izaten zutela ahotsa anplifikatzeko. Maskarak erresonantzia kaxa lanak egiten zituen, eta orduan aktoreen ahotsak existentzia hartzen zuen. Eta halaxe da, existentzia guztia soziala da. Pertsona hitza ere, etimologikoki, maskara hitzetik dator, eta orduan horrek esan nahi du nor izan nahi baduzu izan behar duzula erresonantzia kaxa bat, maskara bat; hartara entzun egingo zaituzte, hartara ahotsa izango duzu eta abar. Hori oso beharrezkoa da.

Eta zein da arriskua?

Zorionez poetek dena argitu digute, eta [Fernando] Pessoak esaten zuen ze arriskutsua den momentu hori, non zuk ezagutzen duzunak baino jende gehiagok ezagutzen zaituen zu. Bat-batean desagertu egiten zara, eta arrisku handiena bihurtzen da maskara hori bihurtzea estereotipo bat. Eta ni askotan harritu egiten naiz ikustean jendeak niri buruz ze iritzi edo ikuspegi ona edo txarra duen, iruditzen zaidalako ez duela zerikusirik nirekin.

Liburu bukaeran zuk zeuk idatzitako gutun bat ere badator. Erlea aldizkariaren amaiera aipatzen da bertan. Zauri handia izan zen agur hori zuretzat.

Hainbeste urte pasatu eta gero, orain azkenean badut zernahi aipatzeko eskubidea, eta barruan gelditu zaizkidan hainbat zauri erakustekoa.

Zergatik orain bai eta lehen ez? Zer aldatu da?

Hau da testu azkendar bat. Sentsazioa da: «Goazen ixten, goazen paketetxoak egiten». Eta paketetxo politak edo onak egiten ditudan bezala, halako laguna gogoratuz eta besteko lagunari maitasuna adieraziz; aldi berean, paketeak bidali dizkiet bidean aurkitu ditudan arrotzei edo sentsibilitaterik ez dutenei. Garai batean, Grezia zaharrean, justizia eta mendekua jatorri bereko kontzeptuak ziren. Justizia zen jainkoen mendekua. Eta litekeena da prestatu ditudan paketetxo horiek ez izatea puruak, eta mendeku kutsu bat izatea. Baina askotan pentsatzen dut zenbat lan eta zenbat lan egin dugun, eta nire emazteak, Asun Garikanok, seguru aski nik baino gehiago, baina zenbat eta zenbat lan. Euskal kulturan gu gara zamaketariak. Batzuk politikan daude, funtzionariotzan, urrezko jubilazioekin bla, bla, bla eta tar, tar, tar, eta euskaldun festetan, eta euskaraz egin bere karrera, eta gero liburua atera behar denean, ba, erdaraz atera, eta inork ez die ezer kritikatzen denak direlako herri bereko. Baina gu gara zamaketariak. Zenbat lan musu truk. Batzuetan erotu egiten naiz atzera begira jarri eta hori kontabilizatzean.

Hainbat puntu baditut neure baitan, ez dira hamar mandamentuak, zorionez, baina dira hamar puntu, eta haietako bat da teatro batean ikasi nuena, eta hori da Sommen eta beste bataila hilgarri haietan soldaduak konturatzen zirela hiltzera zihoazela jenerala, nola ez, inkonpetente kriminal bat zelako. Baina ezin ziren errebelatu, ze errebelatzen bazara lehenago hiltzen zaituzte. Orduan zer egiten zuten? Frontera joan beharra zuten, hiltzera zihoazela bazekiten, eta, orduan, joaten ziren frontera bide guztian marruka, nola ardiak hiltegira. Beeee-beeeee egiten. Eta guk ere, behintzat, esan behar dugu, aditzera eman behar dugu, baietz, gauzak horrela gertatu direla, baina, kontuz, konturatu egin garela, eta badakigula gu garela zamaketariak.

Eta hori da Erlea gogoratzeko motiboa.

Erlea egin genuen Asun Garikanok eta biok, guk biok bakarrik. Begiratu halako aldizkariak kanpoan. Igual daukate erredakzio komite bat 40 pertsonakoa. Eta horrela lan egin, eta halako indiferentzia jaso... Ez zait sendatzen, eta, gainera, ez dut sendatuko. Ez diot jarriko ukendurik.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.