NaizPresidente: amorrua etsipenaren kontra

Naiz Roxa eta Vice Presidentes taldeetan ibilitako hiru musikarik beste proiektu bat sortu dute: NaizPresidente. Estudioko lehen diskoa kaleratu dute, taldearen izen berekoa, «erraietatik» sortutako thrash, hardcore eta stoner kutsuko hamar abestirekin.

NaizPresidente taldeko kideak. NAIZPRESIDENTE
NaizPresidente taldeko kideak. NAIZPRESIDENTE
edurne begiristain
2025eko urriaren 24a
04:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Hemen ez duzu autotune, EDM edo pop/post ez-dakit-zer egiturarik topatuko. Soinu basatia, erraietatik ateratakoa eta energetikoa atsegin baduzu, thrasharen gordintasuna, hardcorearen amorrua eta stonerraren astuntasuna nahasten duena, FX ukitu batekin, hauxe da zure taldea». Itzulingururik gabe, argi eta zuzen aurkeztu du bere burua NaizPresidente taldeak. Naiz Roxa eta Vice Presidentes taldeen oinordekoek sortutako proiektu berria da, eta kalean du estudioko lehen lana, taldearen izen berekoa eta doinu gordinez eta amorru ironikoz ondua.

Hiru musikarik sortu dute proiektua: Iñaki Altolagirre Matxet-ek (ahotsa) — Jousilouli, Naizroxa, Sega Sound Killers—; Oskar Conde Kanda-k (ahotsa, gitarra) —Sorkun, Vice Presidentes, Tutan Come On— eta, azkenik, GZR eta Naiz Roxan ibilitako Iban Goikoetxea bateria jotzaileak. «Aspalditik genuen buruan elkarrekin zerbait egitea», azaldu du Kandak. Duela hiru urte inguru hasi ziren horretan: elkartu, probatu, eta abestiak sortzen hasi ziren, inolako presiorik gabe. Konturatu orduko, esku artean zuten diskoa. Oiartzungo (Gipuzkoa) Lezoti estudioan grabatu dute lana, eta Jose Manuel Linazasoro Dr.J izan dute lagun eta ekoizle. Hark grabatu, nahastu eta masterizatu du diskoa, eta utzi du arrastorik taldearen soinuan. «Beste taldekide bat da, nahiz eta ez egon taula gainean».

Hasieratik zuten argi zer egin nahi zuten, zer estilo eta doinu landu nahi zituzten: «Argi genuen ez genuela baladarik egin behar», dio Kandak, umorez. «Bagenekien indartsua izango zela. Akaso, ez genuen pentsatu hain entzungarria izango zenik, baina gauzak berez etorri ziren. Matxetek bazituen ideiak, efektuak sartzen hasi ginen, eta dena natural joan zen. Helburua zen gu geu izatea, gu geu izatea beti».

«Bagenekien indartsua izango zela [diskoa]. Akaso, ez genuen pentsatu hain entzungarria izango zenik, baina gauzak berez etorri ziren»

OSKAR CONDE 'KANDA' Ahotsa eta gitarra

Taldearen soinuak badu iraganeko arrastorik, baina berezko estilo ere nabari zaio: «Abesti bat Vice Presidentesek egingo luke, eta beste batek Naiz Roxaren kutsua du. Baina diskoak nortasun propioa du: orainari eta aldi berean atzera begira egin dugu», azaldu du Kandak. NaizPresidente ez da, ordea, nostalgia ariketa bat, baizik eta garai baten espiritua berriro pizteko saioa: 90eko hamarkadako eta 2000ko urteetako rockaren eta metalaren energia gordina da, gaurko perspektibarekin eta jarrerarekin betiere. Izan ere, hiru musikariek modua egin dute orain egiten duten eta orain diren hori bere garaian egiten zutenarekin eta ziren horrekin uztartzeko. Kandak uste du aldagai denak «koktel ontzian» sartu eta «ganorazko» zerbait egin dutela.

Musika, erreakzio

Hamar kantuk osatzen dute diskoa. Denek dute hari bera: amorru oihu bat da, helburu duena gizartearen etsipenari aurre egitea. Kasik esan liteke gaur egungo mundu kapitalistaren kritika zorrotz bat dela, gizarte anestesiatu baten erretratu gordina. Eta, hain justu ere, hori kontatu eta kantatu nahi izan dute, tonu ironikoz, umore beltzez eta kutsu garratzez. Kanda: «Gure erreakzioa da hau: jotzea, kantatzea, ironia erabiltzea. Bide terapeutiko bat da, nolabait».

Emaidazu orfidal abestiak ezin hobeki islatzen du gizartearen lozorro kolektiboari egiten dioten kritika hori. «Anestesiaturik/ Gure hiriak agure zaharrak dirudite/ Haizearen orrazian pastel koloreak/ Egunsentiarekin nahasten dira/ Desmotibaturik, noraezean/ Lozorro mugagabean murgildurik/ Nerbioi ibaia lorez betetako txakur maitagarriarekin batzen da». Gizartearen garai bateko «eferbeszentzia» galdu den honetan, taldeak ohartarazi nahi du nortasuna ere galtzen ari dela. «Orain, pastel kolorekoa da dena. Hiriek, adibidez, nortasuna galdu dute, dena da neutroa eta turistifikatu samarra. Identitatea neutralizatzea ere eragin du horrek», esplikatu du Kandak.

Presidente izan nahi dut abestiak irekitzen du diskoa, eta Lapurrak! kantak itxi. Botereari kritika gordina egin dio taldeak, hasi eta buka. «Dena herriarentzat/ baino herririk gabe», diote lehen abestian. Hondarrekoan, bestalde, errenkadan oihukatzen dituzte ustelkeriarekin eta gerra zikinarekin lotutako izenak: «(...) Filesa/ Banesto/ GAL/ Rumasa/ Roldan/ Gurtel/ Barcenas/ Malaya/ Gescartera/...».

«Orain, pastel kolorekoa da dena. Hiriek, adibidez, nortasuna galdu dute, dena da neutroa eta turistifikatu samarra. Identitatea neutralizatzea ere eragin du horrek»

OSKAR KONDE, 'KANDA'Ahotsa eta gitarra

Diskoan badira bestelako gaiak lantzen dituzten kantak, halere. Ez gaituzte maite, kasu baterako, errealitate distopiko batean girotuta dago: errealitate horretan Espainiako eskuin muturra gobernura iristen da. Iñaki Petxarromanen Lehendakariaren alaba liburua izan zuten inspirazio iturri hitzak idazteko. «Imajinatu genuen Espainiak Euskal Herriari independentzia ematen diola, ura iparraldetik hegoaldera eramaten dutela, eta Euskal Herrian kontrako migrazio fenomeno bat abiatzen dela Espainiarantz, baina Espainiak ez gaituela maite». Hori guztia, distopia baten modura, baina gaurkotasun osoz kontatua. Badira, gainera mundu kapitalistan langileak produkzio indar huts izatea salatzeko kantak ere (Zenbakiak baino ez), Jose Mujica Uruguaiko presidente ohiaren hitzekin egindako intro bat (Lanian, lanian), eta loop baten gisara historia behin eta berriz errepikatzen dela kontatzen duen beste bat (Ni naiz Moises).

Diskoa aurkezteko, zuzenekoak ematen hasiko da aurki NaizPresidente. Aurreneko kontzertua bihar egingo du, Pasai Donibaneko Aterpean (Gipuzkoa). Ondoren, beste hainbat egingo dituzte: besteak beste, azaroaren 7an Gasteizko Kubik aretoan izango dira, Lepora taldearekin batera; azaroaren 23an, berriz, Tolosako Bonberenean (Gipuzkoa); eta 29an, Hondarribiko Psilocyben (Gipuzkoa), Eraso taldearekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.