Kritika-Musika

'NaizRoxa for Vicepresident'

NaizPresidente
2025eko azaroaren 23a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

NAIZPRESIDENTE

'NaizPresidente'

Argitalpena: Egilea editore.

Urrian argitaratu zuten aurtengo sorpresarik handienetakoa. Izan ere, zortzi urtez eszenatik aparte egon den Kandak (Neubat, Sorkun, Trumbo, Vicepresidentes, Tutan Come On) eta Iñaki Altolagirre Matxet-ek (Jousilouli, Naizroxa, Anai Arrebak, Sega Sound Killers) Iban Goikoetxea bateria jolearekin batera hirukote zigortzailea sortu baitute. Aurreko taldeetan landu dituzten estiloak begien bistako oihartzuna lortu dute, batez ere proposamenaren gogortasunean, baina baita ahotsetan ere. Gauzak horrela, Naizroxa eta Vicepresidentes taldeen izenak dira proiektu berri honen abiapuntua. Presidente izan nahi dut, minutu bateko sarrera bortitza, asmo-deklarazio garbia da, eta diskoan topatuko dugun indarkeriaren erakusle polita. Laster hasi gara Kandaren stonerraren eragina nabaritzen, hain zuzen ere bigarren kantua den Ni Naiz Moises temati eta gogorrean. Honela, Matxeten hardcorea Vicepresidentesen muturreko metalari gehitzen zaio burrunba zitalean. Anestesia taldearen eragina nabari dugu Emaidazu orfidal kantuan, batez ere bere isuri astunean.

Eta erritmo astunez ari garenez, Neubat taldearen stoner potoloa antzeman dezakegu Ke bonba bat kantuan (baita Kandaren ahotsean ere, garbi dago), geroago datozen Zenbakiak baino ez eta Ez gaituzte maite kantuetan ere sentitzen dena. Horretaz gain, Matxeten errukirik gabeko ahotsak efektu biderkatzaileak dauzka hainbat piezatan. Extremeños terror estimulatzailea da oso: bizia, zigortzailea, brutala... Matxeten ahotsa izugarria da hemen ere. Filmetako edo telebistan agertutako sampler-ak ere erabiltzen dituzte disko osoan zehar. Gainera, Ez gaituzte maite abestian muturreko metalera jotzen dute, thrashetik haratago, alegia. Taldearen eragin eta esperientzia guztien bilduma dirudite bai kantu horrek baita beste zenbaitek ere. Abesti mota hauetan, Matxeten ahots guturalek kontrolik gabeko metxa lehergarria iradokitzen dute. Benetan brutala eta adiktiboa.

Azken kantuan ere (Lapurrak!) ahots gutural zenbait sartzen ditu Matxetek, abiadura hiltzailea dakarren arrapalada geldiezinak bultzatuta. Geldialdiak edo arnasguneak ere badauzka diskoak, sarritan lehen aipatu ditugun sampler eta speech-ei esker. Motza egin zaigu diskoa, eta hori seinale ona da beti. Indarra eta teknika uztartu dituzte, nahiz eta hemen garrantzitsuena transmititzen duten freskotasuna eta lehergarritasuna diren. Gure oholtza eta bazterrak astintzera datoz: ez dute gatiburik nahi. Egurra eta izaera autentikoa dira taldearen ezaugarri nagusiak. Hemen ez dago ez tranparik ezta autotunerik ere. Bi talentu hauen elkartzea sorpresa handia izan da, eta zuzenekoetan emango dutena benetan ikusgarria izango delakoan gaude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.