Laurogei filmetan baino gehiagotan hartu zuen parte, baita hainbat sari jaso ere. Donostiako Zinemaldian izan zen 2006an, eta Emakumezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra jaso zuen, Mon fils à moi (2006) filmagatik. Haren familiak iragarri duenez, ostiralean hil zen, Parisen, dementzia zuela.
Oparoa izan zen Bayeren 50 urte baino gehiagoko ibilbidea. Filmak egiteaz gainera, telebistan eta antzerkian ere hartu zuen parte. Orotara, ehun lan baino gehiago egin zituen, eta lau Cesar sari jaso, pelikula hauengatik: La nuit américaine (1976), Sauve qui peut (la vie) (1980), Une étrange affaire (1981) eta Le Petit Lieutenant (2005). Azken pelikula horrengatik, aktore onenaren saria jaso zuen Veneziako Zinema jaialdian, eta beste sari bat ere jaso zuen La balance (1982) filmagatik, Berlingo Nazioarteko Zinemaldian.
Mundu mailan ezagun egin zuen La nuit américaine (1973) filmak, baina Bayek berebiziko ospea lortu zuen Catch me if you can (2002) pelikulan parte hartzeagatik. Leonardo DiCaprioren amaren rola egin zuen film hartan. Besteak beste, François Truffaut, Steven Spielberg eta Claude Chabrol zinemagileekin egin zuen lan. Hala, bere azkeneko filmen artean daude Downton Abbey: A New Era (2022) eta Coutures (2025).