Artea sortzen den lekuak (II)

Natura artearen iturri

Ingurumenak, zientziak, arteak eta literaturak naturalki egiten dute bat Hendaiako Abadia eremuan. Hantxe da Nekatoenea, euskal literatura eta arte sorkuntza sustatzeko egonaldiak eskaintzen dituen baserria.

Nekatoenea. Abadiako eremua, Hendaia. BERRIA
Nekatoenea. Abadiako eremua, Hendaia. BERRIA
garbine ubeda goikoetxea
Hendaia
2025eko abuztuaren 13a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri serie honetako artikulu guztiak

 

Nekatoenea zerbait bada, natura zainduaren erakusgarria da. Hara joateak egunerokoan ohikoa ez den patxada eta borondatea eskatzen ditu, ez baitago bertaraino iristerik oinez ez bada. Hala, Erlaitzeko errepide bazterretik behera jo edo Hendaiako (Lapurdi) hondartzako mutur batetik gora egin, berbera da emaitza: ibilia azkartzen lagundu dezakeen makina gurpildun oro atzean utzi beharra dago. Baita bizikleta ere. Pleinitu izan dira bisitari batzuk, ez zaielako erabakia zuzena iruditzen. Baina xendra estuak dira hangoak, eta nekez gurutzatu ahal izango lirateke oinezkoak eta bizikletak, istripu arriskurik eragin gabe.

Sorreratik beretik, arte sorkuntzari eta zientziari emana da Nekatoenea, hura kudeatzen duen elkarteak, CPIE Euskal Itsasbazterrak, hala erabakita Hendaiako Herriko Etxearekin batera. Ez da harritzekoa, naturaren kontserbaziorako elkarte den hori irakasleek, zientzialariek eta artistek osatu baitzuten 1980ko hamarraldiaren hondarrean. «Artea betidanik egon da erdigunean», azaldu du Jon Frahier Nekatoeneko misio arduradun eta ingurumen animatzaileak: «Naturaren aldeko sentsibilizazioa egin nahi dugu, eta artea tresna ederra da horretarako. Finean, artearen eta zientziaren begiradak gurutzatzen dira hemen; etxearen eta elkartearen DNAn dago hori».

«Naturaren aldeko sentsibilizazioa egin nahi dugu, eta artea tresna ederra da horretarako. Finean, artearen eta zientziaren begiradak gurutzatzen dira Nekatoenean»

JON FRAHIER Misio arduradun eta ingurumen animatzailea

1996an eskaini zuten arte sorkuntzarako lehen egonaldia, etxea zaharberritzen urtebete eman eta berehala. Arte plastikoei begira ari ziren orduan, baina urteen poderioz zabaldu egin dute eskaintza. Gaur egun, arte bisualetako proposamen guztiak hartzen dituzte kontuan. Alta, helburua bat eta bera izan da beti. Frahier: «Hastapeneko gogoa izan zen artista bati parada ematea lau hilabetez hemengo natura iturri gisa har dezan, eta horren inguruan lan bat edo zenbaitzuk sor ditzan».

Lehen urteetan Euskal Herriko eta Frantziako artistak izan ziren Nekatoenean, baina laster batean hasi ziren egoitza haratago eskaintzen. Nekatoeneko elkarte, kolaboratzaile eta sustatzaileen sareak eta hedabideak erabiltzen dituzte horretarako. Frahier: «Esate baterako, Akitania Berria eskualdea partaide garrantzitsua da, eta haiek ere komunikazio zabala egiten dute guretzat». Geroztik urrundik ere etorri izan dira artistak. Zoe Bray, esate baterako, Renotik heldu zen (Nevada, AEB) 2022an, eta haurrentzako ipuinak idatzi eta ilustratu zituen bere egonaldian.

Nekatoenea. Hendaia (Lapurdi).
Nekatoenea, 2025eko uztailean. BERRIA

Dibulgazioa

Arte bisualetako betiko egonaldiaz gainera, beste bat ere eskaintzen hasi dira berriki. Kasu honetan bi lagun hartzen dituzte aldiko: artista bat eta ikerlari edo zientzialari bat, dibulgazio lan bat egin dezaten. Hala azaldu du Frahierrek diziplina uztarketa horren helburua: «Ikerlaria entseatuko da ingurumenean diren fenomeno batzuk ulertzen, eta artista horiez elikatuko da ikerlariak atzemandakoa arte moduan agertzeko». Naturaren inguruko sentsibilizazioa areagotu nahiak eta horretarako albait metodo gehien baliatzeak ere badute ikustekorik erronka horretan: «Denak ez gara molde berekoak. Batzuei errazago zaie zientzia ulertzea, eta beste batzuek, berriz, artearen eta emozioen bitartez deskubritzen dituzte gauzak».

Nekatoeneko sustatzaileak pozik dira egonaldi berri horrekin lortzen ari direnaz. Harritu egiten omen da jendea, Nekatoenean zabaltzen dituzten erakusketak ikusirik: «Erraten digute dibulgazio zientifikoko lan bat irakurtzen dutelarik ez dutela baitezpada ulertzen, baina artistaren lanari esker harrapatzen dutela zein den erronka, eta aise barneratzen dutela egileek transmititu nahi izan dutena».

Antzeko zerbait gertatzen da opor ikastaroetan ere. 8 eta 12 urte arteko haurrentzat izaten dira, eskolarik ez den garaian beti, eta bi eguneko egonaldiak egiten dituzte. Goizez, ingurumenari lotutako gai bat proposatzen diete haurrei, eta hura deskubritzen aritzen dira CPIE elkarteko animatzaile baten laguntzaz. Arratsaldez, berriz, eguartean ikasitakoa artistikoki adierazten aritzen dira artista batekin. Frahier: «Haur bati zer ulertu duen galdetzen zaiolarik, ez du beti erantzuten asmatzen. Aldiz, marrazki bat egiteko erranez gero, berehala konturatzen zara zer atxiki duen eta haren ikuspuntua nola aldatu den. Emaitzak sekulakoak izaten dira». Ingurumena ez ezik ondare historikoa ere jorratzen dute opor ikastaroetan, euskaraz eta frantsesez.

Irakurleak erakartzea helburu

Euskal idazleak ere hartzen ditu Nekatoeneak. EIE Euskal Idazleen Elkarteak eta CPIE Euskal Itsasbazterrak jarri zuten asmoa martxan 2011n, eta harrezkeroztik urtero egiten dute deialdia. 2020an Elkano fundazioa batu zitzaien, eta hiru urtez sustatu zituen egonaldiak, Juan Sebastian Elkanoren munduko itzuliaren urteurrena kari. Haren figura goraipatzea baino gehiago, Euskal Herriaren eta itsasoaren arteko loturaz hausnartzea izan zen hiru urte horietako literatura egonaldiaren asmoa, Frahierrek azaldu duenez.

Idazle interesatuak proiektu bat aurkeztu behar izaten du Nekatoeneko egonaldia irabazi ahal izateko. Hautatuari hilabeterako egoitza eta lansaria eskaini izan diote duela gutxi arte. Bi apartamentu ditu Nekatoeneak horretarako, baita sukaldea, egongela eta tailer gisa erabil litekeen gela ere, egoiliarrek erabiltzeko. Urteotan guztiotan, idazkuntzari lotutako hamahiru sortzaile pasatu dira handik, izan idazle, itzultzaile, ikerlari, abestien egile edo komikigile. Besteak beste Yolanda Arrieta, Patxi Zubizarreta, Pantxix Bidart, Maialen Akizu, Jokin Mitxelena, Iñaki Martiarena Mattin, Amaia Hennebutte, Ekhiñe Egiguren, Fernando Morillo edota Nahia Zubeldia.

«Nekatoenea eta Hugoenea, biak dira itsasotik hurbil. Baina bat toki natural babestua da, eta besteak Gipuzkoako hiri giroa eskaintzen du. Bi giro arrunt ezberdinez elikatzen ahal da idazlea»

JON FRAHIER Misio arduradun eta ingurumen animatzailea

Hilabeteko epea eskas dela jakitun, Pasaiako (Gipuzkoa) Hugoenea etxea gehitu diote oraintsu Nekatoeneko eskaintzari, eta horri esker bi hilabetera luza dezake egoitza idazleak. Frahier: «Garapen inportantea izan da hori, 30 eguneko tartea oso laburra baita. Idazleak ikertu egin behar du, bere ideiak ordenatu, inspirazio iturriak atzeman eta gainera idatzi. Argiki, ezin zen dena lortu hilabetean». Bi hilabete ez ezik, lana burutzeko bi toki ere badira oraingo eskaintzan, eta horrek ere onura dakarrela uste du Fraiherrek: «Bi tokiak dira itsasotik hurbil. Baina bat toki natural babestua da, eta besteak Gipuzkoako hiri giroa eskaintzen du. Bi giro arrunt ezberdinez elikatzen ahal da idazlea».

Aurtengo aldiko Nekatoenea-Hugoenea literatura sorkuntza beka Amaia Karrere ilustratzaile eta komikigileak irabazi du (Baiona, 1997). Komiki bat onduko du bertan, XVII. mendeko sorginkeria, sinesmena eta tradizioa testuinguru gisa hartuta. Irailaren 1etik 30era, Nekatoenean egonen da Karrere, eta azaroaren 3tik abenduaren 3ra, berriz, Hugoenean.

Jon Frahier. Nekatoenea. Hendaia (Lapurdi).
Jon Frahier Nekatoeneko misio arduraduna, etxe barruko tailer batean. BERRIA

Frahierrek duela bost urte heldu zion literatura sorkuntzarako egonaldiaren ardurari: «Ingurumen zientzietatik eta biologiatik heldu naiz Nekatoenera, baina euskal kultura ere maite dut, biziki hurbil izan dut beti, eta ene heinean laguntzen ari naizela iruditzen zait». Aurreko arduradun Aintzane Lasartek zabaldu zion bidea: «Idazle bat etortzen zen bakoitzean harekin itzuli bat egiteko galdetzen zidan. Biziki irekiak ziren denak, eta ikusten nuen nik esandakoa barneratzen zutela beren lanean. Ni, super kontent».

Literatura sorkuntzaren erronka irakurleak erakartzea ere badela dio Frahierrek. «Dinamika bat sortu nahi genuke jendeari literatura berriz e laketzeko, erakusteko irakurtzea plazer handia dela eta horretan loriatzen ahal garela». Alde horretatik, begi onez ikusten dituzte gazteei zuzenduriko proiektuak, horretan sumatzen baitute hutsunerik handiena.

Nolanahi dela ere, arte egonaldiak baino hagitzez prestigio gutxiago du literatura sorkuntzarako egonaldiak. Frahierrek bataren eta bestearen arteko desoreka nabarmendu du, batik bat kopuruetan: «Literaturan bost-hamar hautagaitza jasotzen ditugu; lau hilabeteko arte egonaldirako, berriz, 150-200 proposamen iristen zaizkigu». Artisten artean duen arrakasta azaltzeko, hainbat arrazoi otu zaizkio Frahierri: «Ipar Euskal Herrian egonaldi gutxi izaten dira. Gainera, naturak ematen dituen emozioak eta giro lasaia hor dira».

«Literatura sorkuntzarako egonaldirako bost-hamar hautagaitza jasotzen ditugu; lau hilabeteko arte egonaldirako, berriz, 150-200 proposamen iristen zaizkigu»JON FRAHIER Misio arduradun eta ingurumen dinamizatzailea

Etxearen historia

Artistei etxea bera ere erakargarri zaiela aipatu du Frahierrek: «XVII. mendekoa da, eta historia polita du».

CPIE Euskal Itsasbazterra elkarteak hartu zuen arte, etxalde bat izan zen Nekatoenea. Anton Abadiak eremu osoa bere egin eta gaztelua eraiki zuenean, harentzat aritu ziren orduko Nekatoeneko maizterrak, eta mozkinen zati bat ere ematen zioten jabeari. Frahier: «Nagusiak eta langileek aski harreman ona omen zuten. Gazteluko kaperarat etortzen uzten zien, eta otoitz egin eta gero tarte bat hartzen omen zuten esaldi bat edo pasarte bat irakurtzeko. Hor bazen poesiarako edo sorkuntzarako zerbait». 1995ean etxea zaharberritzen hasi baino lehentxeago joan ziren azken laborariak.

Toponimiari ere erreparatu dio teknikariak: «Zalantzak sortzen ditu, ez baitakigu xuxen izena nondik datorren». Neskatila baten etxea izan ote zitekeen aipatzen dute batzuek, neskato hitzaren eratorria ote den nekato. Kasu horretan, etxeak Anton Abadiaren garaian hartutako izen berria litzateke Nekatoenea. Hipotesi beltzagorik ere bada. Pierre de Lancre inkisidorearen aginduz Lapurdin 400 emakume inguru erre zituzten garaira jo du Frahierrek: «Sorginkeria leporatuta auzipetu eta eraildako emazteen artean bazen Nekato izeneko hendaiar bat ere. Ez dakigu hura ote den etxeari izena eman ziona, baina horrek misterio pixka bat ematen dio etxeari». Eta misterioak beti omen dira erakargarri.

Nolanahi dela ere, «garaiz hartutako erabaki baten ondorio» ere bada Nekatoenea. XX. mendeko urbanizazio prozesu azkarrean natur eremu gutxi salbuetsi zituzten Frantziako estatuan, bereziki kostaldean. Frahier: «Beharrik itsasbazterreko kontserbatorioa sortu zela 1979an. Elkarte horren sortzaileak aski fite ohartu ziren hemengo altxorraz, eta Abadia eremua atxikitzera eta babestera jo zuten. Bestela, bakantza zentroak, hotelak eta proiektu erraldoiak izango genituzkeen hemen».

Turismo berdeari begira dago Abadia eremua, eta, halere, 300.000 bisitari inguru hartzen ditu urtero. Ez da kopuru hutsala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.