Literatura

Natura izango du ardatz Gutun Zuria literatur jaialdiak

Apirilaren 23tik 29ra bitarte, Bilboko Azkuna Zentroan egongo dira, besteak beste, Manuel Rivas, Maja Lunde, Lars Mytting, Bernardo Atxaga, Hasier Larretxea eta Cesar Aira idazleak.

Gutun Zuria jaialdiko antolatzaileak, Bilbon, 11. edizioaren aurkezpen ekitaldian. AZKUNA ZENTROA
Inigo Astiz
2018ko martxoaren 12a
16:18
Entzun

“Naturara itzultzea, Utopia literarioa ote?”. Galdera hori hautatu dute lelotzat aurten Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko jaialdian. 11. edizioa du aurtengoa, eta natura izango du gai nagusia. Izan ere, iaz izan zen Henry David Thoreau zientzialari, idazle eta naturazale ezagunaren jaiotzaren bigarren mendeurrena, eta urteurren horren aitzakian ardaztu nahi izan dute antolatzaileek programa. “Bizitza mota berri bati buruz gogoeta egiteko gonbidapena izango da jaialdia”, laburbildu du Marisa Blanco jaialdiko zuzendariak.

Naturaren eta literaturaren arteko bidegurutzea ezagun duten idazleak gonbidatu dituzte. Eta beren lanetan bi adar horiek batzen dituztelako gonbidatu dituzte Manuel Rivas galiziarra, Maja Lunde eta Lars Mytting norvegiarrak, Bernardo Atxaga, Hasier Larretxea, Ixiar Rozas, Aingeru Epaltza, Juanra Madariaga, Terry Tempest Williams, Cesar Aira eta Maider Lopez artista. Hitzaldiak eskainiko dituzte guztiek arratsaldeetan, Azkuna Zentroko auditorioan, eta irakurleek haiekin solasean aritzeko aukera ere izango dute horren ondoren. Ele ikuskizunak abiatuko du jaialdia apirilaren 23an.

Idazleak eta zientzialariak

Hamargarren edizioaren ostean, jaialdia “berriz pentsatzeko beharra” ikusi zuten antolatzaileek. Lourdes Fernandez Azkuna Zentroko zuzendariak azaldu du aldaketa behar hori, eta, dioenez, horregatik hautatu dute aurten naturaren gaia. Horrek aukera ematen dielako idazleez gainera, zientzialari eta pentsalariak ere gonbidatzeko. Eta, hain zuzen ere, Eudald Carbonell eta Stefano Mancuso gonbidatuen kasua da hori; Atapuercako indusketa gunea topatu zuen zientzialarietako baita da lehena, eta landareen neurobiologian aditua baita bigarrena. Manuel Rivasekin arituko dira biak hizketan apirilaren 24an.

Literatura ekitaldiez eta solasaldiez gainera, ekitaldi paralelo sorta bat ere antolatu dute Azkuna Zentroan, jaialdiak iraun bitartean. Izango dira erakusketak, tailerrak, eta baita Spoken Word izeneko literatura diziplinari eskainitako egun bat ere. Apirilaren 27an izango da hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.