Gerora nire talde gustukoenetakoa bilakatuko zena lehen aldiz entzun nuenean ez zitzaidan gustatu. Bigarrenean ere ez, eta hirugarrenean antzera. Argia ikusi nuen azkenik, ordea, eta ordutik aurrera bai, dena izan zen plazera, dena gozamena. Gertatuko zitzaizuen zuei ere inoiz. Ardo ona balioesteko, ahosabaia entrenatu behar baita.
«Zure gustuek ez dute nor zaren islatzen, nor izan nahiko zenukeen baizik». Ez dakit nori irakurri nion, jakintsuren bati igual, sare sozialetan edonori bestela. Ez du askorik axola. Egia da abesti batzuk lehen aldian baztertzen ditugula, genero oso batzuk ere bai. Beste batzuetan, soinu batzuk geureganatzeko apustu irmoa egiten dugu, ur berrietan bozkarioz murgildu. Jazz zale mokofina zaitugu? Barruko suari men eginda dantzan aritu ohi den reggeatonzalea zara, menturaz? Ala kopetan EZ handi bat tatuatua duen punkia? Topikoak topiko dira, baina; musika klasikoa entzuten duen gazterik edo enpresari heavyrik ez balego lez! Dena ez baita horren lerro zuzenen artean kabitzen, borobilagoak dira musikaren ertzak: nahi duena esango du apalategitik keinuka ari zaidan Bourdieuren liburutzar horrek, besteengandik bereizi beharrak ez du dena azaltzen.
Ze batzuetan melodia bat irratian entzun eta gustatu egiten zaigu, ez esan ezetz. Testuingururik gabe, aurreiritziek ezin baldintzatuta: atsegin dugu eta kitto. Ez dago besterik, berezkoak ere badira kontuok.
Gogoan dut nola gonbidatu genuen musikari esperimental antxeko bat festa batean musika jartzera. Guk espero genuen, ba nik zer dakit, Pere Ubu edo horrelako zerbait jarriko zuela. Entzun genituen halakoak, bai, baina halako batean Madonna jarri zuen, Justin Timberlake gero. Zer eta ironia zantzurik gabe, gainera! Lagun batek, min egiteko gogoz, zera esan zidan: «Tipo honek jartzen dizuelako, bestela aspaldi zeundeten kexaka». Egoera arraro samarra izan zen, ez dizuet ukatuko, baina denok egon ginen hantxe, txintik esan gabe, dantzan-edo. Aspaldiko kontua da hura eta eskerrak, jada ez baikara horren zurrunak: ikasi dugu halakoak ere entzuten, natural-natural.
Â