“Errechki konprenituko duzu Herri bat ezin daitekela bizi nun ez duen armada bat diziplina onhartzen duena eta obeditzen dakiena”. Garai hartako euskara ederrean, 1942ko abenduaren 11ko Eskualduna aldizkarian dator eskutitza, eta testu bukaeran ageri da egilearen sinadura: Adolf HITLER. Kepa Altonagak berreskuratu du eskutitza artxibotik, eta balio dezake Euskaltzaindiak kaleratzen duen Erlea aldizkariaren zortzigarren zenbakiaren nondik norakoa laburtzeko. Izan ere, hori da Bernardo Atxaga idazle eta aldizkariaren koordinatzaileak azken zenbakirako hautatu duen gai nagusia: Bigarren Mundu Gerra Euskal Herrian. Haren hitzak dira: “Agian batzuetan ez gara gogoratzen, baina ez da gure Hegoaldeko historia Iparraldeko historia izan. Iparraldean esate baterako naziek beste arrasto bat utzi zuten”.
Ez da soilik Hitler euskaraz irakur daitekeela. Garai hari buruzkoak dira aldizkariko orrietariko asko. Eneko Bidegain eta Josu Chueca historialarien testuak ere badaude adibidez, eta aliatuen alde mugan pilotuak pasatzen aritu zen Florentino Goikoetxea Hernaniko baserritar eta gerra heroiaren objektuei ere eskaini die testu bat Atxagak. Legazpin jaio eta naziekin bat egin zuen Gerhard Bähr euskalariari buruzko testu bat idatzi du Jabier Kalzakortak, eta gaiari buruzko hainbat testigantza ere berreskuratu dituzte. Horiez gainera, Leopoldo Maria Panero poetaren heriotzari buruzko testuak ere bildu dituzte, Gabriel Arestiri buruzkoak, eta baita erlezaintzari buruzko batzuk ere. Azkenaldiko liburuen inguruko iruzkin eta gogoetak ere badakartza, bestetik.
XXI. mendeko “Urrezko lagin bat”
“Urrezko lagin bat”. Atxagaren hitzetan, XXI. mendeko euskal literaturaren “urrezko lagin bat” erakustea da aldizkariaren asmo nagusia, eta sorkuntza lanak ere biltzen ditu horregatik. Luzea da zerrenda zortzigarren alean ere: Arantxa Iturberen ipuin argitaragabe bat, Jose Luis Padron poetaren poema bat, Uxue Apaolazaren narrazio bat, eta euskal jatorriko AEBetako Julian Zabalbeascoa idazlearen ipuin baten itzulpena, besteak beste. Xabier Idoate artistak egin du azaleko irudia, eta hura izan da barruko orrietako ilustratzaile nagusia ere.
Aldizkaria azken txanpan dagoela ere iragarri du Atxagak. Azaldu duenez, hamar zenbaki egitea da haren asmoa, eta aurreratu du bederatzigarrenak izango duen gai zentrala ere: frontoiak eta astronautak.