Nazioa birformulatzen

'Tatxatuaren azpiko nazioaz' saiakera ondu du Ibai Atutxak, eta nazioaren kontzeptua literaturatik aztertu du

Utriusque Vasconiae argitaletxearekin kaleratu du bere lehen liburua Ibai Atutxak. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Nazioaren kontzeptua ikuspegi soziologikotik, politikotik eta filosofikotik aztertu izan da gehienetan. Baina kontzeptu hori lantzeko bide «originala» hautatu du Ibai Atutxak (Galdakao, Bizkaia, 1984), Ur Apalategi editorearen hitzetan: «Gai serio horri zientziaren alorretik ekin dio, baina erreferentzia ezohikoekin nahasiz». Literatura konparatuaren bidetik aztertu du Atutxak naziotasuna, eta Tatxatuaren azpiko nazioaz saiakeran jaso du bere gogoeta. Utriusque Vasconiae argitaletxearekin kaleratu du bere lehen liburua, Kritika Literarioa sailean.

«Orain arte eraikia izan den eta onartu izan dugun nazio kontzeptua gatazkaratu nahi izan dut, haren kontraesanak agertuz, eta, gero, kontzeptu hori birformulatzen saiatu naiz», azaldu du egileak. Hori egiteko, lau ataletan banatu du lana. Lehenean, «euskal literaturaren berridazketa xume bat» egin du; euskal literaturaren historiako hainbat testuren bidez nazio kontzeptua nola eraiki den aztertu du. Bigarrenean, «euskal nazio eraikuntzan erreferente diren bi diskurtso» aztertu ditu: Sabino Aranarena eta Jorge Oteizarena, eta bien «izaera kontrajarria edo baztertzailea» azaleratu du.

Ikuskera horiek ukatu gabe, nazio kontzeptua beste diskurtso batzuetatik «berreskuratzen» saiatu da egilea azken bi ataletan. Hartarako, batetik, Itxaro Bordaren poesia aukeratu du, «bertan agertzen den identitate lesbianak euskal naziotasun arrunta nola gatazkaratzen duen aztertzeko». Bestetik, Hertzainak taldearen kantak aztertu ditu, «1980ko hamarkadan erreferentea izan zelakoorduan sortzen ari zen euskal identitatea bere lekuan jartzeko».

Azterketa eginda ondorio nagusi batera iritsi da Atutxa: Aranak eta Oteizak ziotenaren aurka, «nazioaren esentzia edo izate hori aldaketa etengabean» dagoela. «Argi geratzen da nazioa, letra larriz, ez dela existitzen, ez dagoela definizio bakar eta absolutu bat, baizik eta eraikitzen joaten dela. Nazioaren definizioa geure eskuetan dagoela frogatzen du honek, eta gaitasuna badagoela birformulatzeko, Hertzainak edo Itxaro Bordak egin duten bezala».

Bigarren zatia, laster prest

Atutxak Euskal Filologia ikasketak egin zituen Bilbon, eta Bartzelonan izan da, Literatura Konparatuan eta Filosofia Garaikidean masterrak egiten. Valentziako Unibertsitatean doktoretza ikasketak hasi berri ditu, eta literatura ikerketetan sakontzeko New Yorkera joango da datorren astean. Ikasketek eman dizkioten tresnekin landu du liburua, haren esanetan. 452º F literatura konparatuari buruzko aldizkaria zuzentzen du, eta Lapiko Kritikoa gunean ere parte hartzen du.

Ur Apalategiren hitzetan, «estilo bat, erreferentzia mundu bat eta gai bat elkartzen direnean, autore bat izaten dugu aurrean, eta hori guztia du Atutxak». Liburuaren bigarren zatia lantzen ari da orain idazlea, eta laster izango du prest. Bertan, Bernardo Atxagaren Ziutateaz eta Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao testuak aztertuko ditu, «literatur kanonak subjektu euskalduna nola eraikitzen duen ikusteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.