Gauzak aldatu egin dira. Horretan ez da dudarik. Hasieran laukoa zena hirukoa da gaur egun. Hasieran herri bateko lagunek (Lekunberri, Nafarroa) osatzen zutena Euskal Herriko leku desberdinetako musikari entzutetsuek osatzen dute egun. Hasieran heavy metaletik gertuko soinu zena suzko rock zapalgailu da egun. Eta, horrez gain, hasieran Euskal Herriko eremura mugatzen zen oihartzuna nazioarteko bihurtu da aspaldian.
Baina funtsean, hondoan, ezaugarri batek definitzen du Berri Txarrak-en ibilbidea. Egiten duten musika horretan, estiloaren ñabardurak ñabardura, sinesteko erabateko gaitasuna. Musika bizitzeko eta hura ahalbait gehien zabaltzeko konpromisoa. Biak doaz parean.
Gorka Urbizuk (gitarra eta ahotsa), Aitor Goikoetxeak (bateria), Mikel Lopez Rubio-k (baxua) eta Aitor Orejak (gitarra) sortu zuten taldea, 1994 urrunean, Lekunberrin (Nafarroa). Nahi ta Nahiez jai giroko taldean ikasketa prozesua igaro ondoren —Urbizu eta Goikoetxea izan ziren talde hartako kide—, heavy metalarekiko zaletasuna hauspotzeko guraz ekin zioten abentura berriari. 2003ra arte hasierako taldeak iraun zuen. Bitarte horretan taldeak lau disko plazaratu zituen, guztiak ere Gor diskoetxearekin: Berri Txarrak (1997), Ikasten (1999), Eskuak / Ukabilak (2001) eta Libre ©. Euskal Herriko musika eszenan eta hedabideetan lekutxoa egin zuten aurreneko biekin. Hirugarrenarekin eta, batez ere, Libre ©-rekin Espainiara irteten hasi, eta musika prentsaren oniritzia jaso zuten —Espainiako urteko diskorik onena, Rock Sound aldizkariaren erredakzioaren iritziz—.
Hirukoarekin mugarria
2003an Orejak taldea utzi, eta Berri Txarrak-ek hiruko moduan jarraitzea erabaki zuen, bere ibilbidean mugarri bihurtuko zen lana grabatzeko asmoz. Urbizuk berak onartu berri du Jaio. Musika. Hil (Gor, 2005) diskoa dela ziur asko beraien ibilbideko mugarri garrantzitsuena. Karlos Osinaga teknikari zela grabatu zuten, eta Ed Rosek nahastu zuen Kansasen (AEB). Mondosonoro eta Entzun aldizkariek, besteak beste, urteko lanik onenen artean kokatu zuten. Disko horrekin, hirukoak aurreko urteetan irekitako nazioarteko ildoan sakondu, eta bira luzea egin zuten. Hortik aurrera dezente aldatu zen taldearen osaera, idiosinkrasia eta biziera.
Zertarako amestu dokumentala (2007) izan zen 2007an Gorrekin kaleraturiko azken lana —Japonia, Taiwan, Nikaragua, Mexiko, Europa eta AEBeta n egindako bira luzea biltzen zuen—. Horren ondotik, Rubio baxu jotzaileak taldea utzi, eta David Gonzalezek (Pi.L.T) hartu zuen haren tokia; Payola diskoa grabatu zuten Chicagon Steve Albini soinu teknikari gurua lagun hartuta. Roadrunner Records nazioarteko diskoetxe ezagunak kaleratu zuen, 2009ko irailean. 2010eko abuztuan Galder Izagirre bateria jotzaileak (Dut, Kuraia) hartu zuen Goikoetxearen lekua, eta orain Kaiowas Records diskoetxe katalanarekin atera dute Haria, beren ibilbideko zazpigarren diskoa, Ross Robinsonekin Los Angelesen grabatua.
Gauza asko aldatu dira Berri Txarrak taldearen ibilbidean, baina ernamuinak hor jarraitzen du, egiten denean sinesteko konbikzioak.
Nazioartekotasunean bide egiten
Taldekide, diskoetxe, soinu eta idiosinkrasia aldaketak izan ditu Berri Txarrak taldeak hamabost urtetik gorako ibilbidean; musikarekiko harra eta egiten dutenarekiko konbikzioa izan ditu sostengu nagusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu