Neanderthal garaiko gizakien tresnak aurkitu dituzte Praileaitzen

Haitzuloan egindako azken indusketetan aurkitutako harrizko tresnak duela 40.000 eta 120.000 urteen artekoak diraOrain arte koban aurkitutako objektu zaharrenak duela 17.500 urtekoak ziren

Igor Susaeta.
Donostia
2013ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Orain 13 urte aurkitu zuten Praileaitzeko haitzuloa, 2000. urtean, Deban (Gipuzkoa), eta orain arte han egindako indusketen arabera, arkeologoek pentsatzen zuten duela 12.000-17.500 urtekoak zirela han aurkitutako objektu zaharrenak, Cro-Magnongo gizakiaren garaikoak.

Hiru urte pasatxoz ez zuten koban gehiago sakondu, baina arkeologoak hara itzuli ziren Gipuzkoako Foru Aldundiaren onespenari eta diru laguntzari esker. Joan den irailean eta azaroan, bi hamabostalditako bi txandetan Xabier Peñalverrek gidatuta egindako indusketetan, konturatu ziren Neanderthalen garaiko gizakien aztarnak ere badaudela Praileaitzen, duela 40.000 eta 120.000 urteen arteko harrizko trenak aurkitu zituzten eta.

Kobako hiru gunetan sakondu zutela adierazi zuen Peñalverrek, atzo, aurkikuntzen berri emateko antolatutako agerraldian. Batetik, atarian. Bestetik, mendebaldeko gunean. Eta azkenik, barneko bigarren gelan. «2009an eten behar izan genuen ikerketari berriro heltzea izan zen gure asmoa. Orduan ikusi ahal izan genuen bazegoela merezi zuen aztarnategi bat, eta pentsatzen genuen beharrezkoa zela ikerketarekin jarraitzea». Haitzuloaren beheko mailetan, zaharrenetan, sakontzea izan zen haien intentzioa, barrunbearen garapen osoa ezagutzeko helburuarekin.

Aurkitutako pieza zaharrenak Eusko Jaurlaritzak 2010ean aztarnategia babesteko adostutako 65 metroko perimetrotik kanpo daudela ohartarazi zuen Peñalverrek. «65 metro horiek izugarri xuhurrak dira gisa horretako aztarnategi handi bat izan daitekeena babestu ahal izateko». Arkeologoak adierazi zuen babestearen kontuan «esan eta esan» aritu izan direla, 2009an bertan sedimentu matazaz beterik zeuden galeria batzuk bazirela sumatu zutelako. «Baina hori ez zuen kontuan hartu Jaurlaritzak, han ezin zelako sartu».

Atariko guneak «sakontasun handia» zuela jakinarazi zuen, baina mendebaldeko galeria iruditu zaio ikusgarriena: «Zaila da horretan lan egitea, eta ia ezinezkoa da han sartzea, lurrez beteta dagoelako erabat». Oraindik ere «inkognita» asko daude argitzeke haren ustez. «Baina giza arrastoatopatu dugu, duela 90.000 urtekoa gutxienez; baina ziurrenik duela 100.000 eta 120.000 urte artekoa topatuko dugu».

Irailean kobara itzuliko dira arkeologoak, eta joan den irailean ikertutako hiru guneetan lan egingo dute, Peñalverrek adierazitakoaren arabera. Gipuzkoako Foru Aldundiak 30.000 euro bideratuko ditu langintza horretarako (iaz 33.303 eurokoa izan zen diru laguntza).

Liburu monografikoa

Aurkitu zutenetik gaurdaino, Paleolito garaiko jarduera kulturalarekin lotutako hainbat aurkikuntza egin dira Praileaitzeko koban eta haren inguruan. Besteak beste, erritu ekintzekin harremanduriko Behe Madeleine aldiko —orain dela 15.500 urte inguru— 29 lepoko aurkitu dituzte. Horietako hiru ahuntz hortzekin egindakoak dira, eta gainontzekoak, berriz, harri beltza erabiliz. Gainera, Madeleine aldiko —duela 12.000 urte— okrezko arkatzak eta bi aginte makila ere aurkitu dituzte indusketetan. Garai hartan txamanek kobari aldian aldiko erabilera ematen ziotela ondorioztatu dute ikertzaileek.

Praileaitzen «garrantzia ezagutarazteko», urte amaiera baino lehenago haitzuloari buruzko liburu monografiko dibulgatiboa argitaratuko duela iragarri du Gipuzkoako Diputazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.