'Née', 'Lana' eta 'Notwithstanding' lanak taularatuko dituzte Gasteizko Dantza Sarean zikloan

Tokiko artisten proposamen garaikideak sustatzeko helburua du zikloak, eta zortzigarren aldia du aurten. Maiatzaren 22an eta 29an, eta ekainaren 6an izango da.

Cielo Raso konpainiaren Née ikuskizuna. CIELO RASO
Cielo Raso konpainiaren 'Née' ikuskizuna. CIELO RASO
edurne begiristain
2025eko maiatzaren 6a
13:04
Entzun 00:00:0000:00:00

Gasteizko sorkuntza koreografiko garaikidea babesteko sortu zuten Dantza Sarean zikloa, 2018an, eta, harrezkero, urtez urte antolatu dute. Zortzigarren aldia izango du aurten, eta maiatzaren 22an eta 29an, eta ekainaren 6an egingo dute, Gasteizko Felix Petite antzokian. Udal Antzoki Sarearen programazioaren barruan antolatu dute zikloa. Hiru pieza ikusi ahalko dira: Cielo Raso konpainiaren Née, Osa+Mujikaren Lana, eta askotariko diziplinetako artistek ondutako Notwithstanding.

Née dantza ikuskizuna maiatzaren 22an taularatuko du Cielo Raso konpainiak. Igor Calongek 2020an sortutako konpainiak tradizioa, gorputzaren indarra, sinbologia eta poetika erabiltzen ditu bere obretan, eta Née ikuskizunak ere bide horiek jorratuko ditu, besteak beste bakardadea, galera, absentzia eta maitasuna landuz. Calongeren bakarkako lana da Née.

Osa+Mujika bi sormen munduren batura da: dantza eta plastika eszenikoa. Jaiotz Osak eta Xabier Mujikak sortu dute konpainia, eta Lana dute bosgarren ikuskizuna. Lanak gorputzean eta adimenean duen eraginari buruzko hausnarketa bat da pieza, eta bost dantzari ariko dira oholtzan.

Notwithstanding dantza ikuskizuna, berriz, Araiako (Araba) Ajuria y Urigoitia fabrikaren aurriak behatuz sortu zen. Blanca Arrietak zuzendu du lana, Laura Cobok ekoitzi du, eta Robert Jacksonek interpretatu. Iraunkortasuna hizpide hartuta, gorputzaren eta arimaren arteko oreka ahularen ikuspegia erakutsiko du ikuskizunak. Samuel Becketten Worstward Ho testuaren jatorrizko bertsioa irakurriz (ingelesez) lagunduko dute lana.

Hiru ikuskizunak 19:30ean hasiko dira, eta ordubete iraungo dute. Obra bakoitzaren hasieran eta amaieran publikoarentzako tailerrak eta topaketak egongo dira. Sarrerak 15 euroan eskura daitezke Gasteizko Udalaren webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.