Zinema estreinaldiak

Neil Diamond izan nahi zuten musikariak

Kantariaren omenezko talde bat osatu zuten bi musikariren gorabeherak kontatzen ditu Craig Brewer zinemagileak zuzendutako ‘Song Sung Blue’ filmak.

'Song Sung Blue' filma. BERRIA
'Song Sung Blue' filma. BERRIA
mikel lizarralde
2026ko urtarrilaren 7a
04:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur egun ohikoak dira musika eskaintza talde eta bakarlari ezagunen kantutegian oinarritzen duten bandak. Omenezko taldeak dira, gehien-gehienetan omenduen eredua ahalik eta xehetasun handienarekin erreproduzitzen dutenak. Azken urteetan asko ugaritu da molde horretako taldeen eskaintza, baina joera ez da berria. Hain zuzen ere, Mike Sardina eta Claire Stingle senar-emazteek 1980ko hamarkadan sortu zuten Neil Diamond kantari ospetsuaren omenezko Lightning and Thunder taldea, eta 2006ra arte aritu ziren elkarrekin, Sardina hil zen arte, hain zuzen ere. 2008an, Greg Kohsek bikote horri buruzko dokumental bat filmatu zuen, Song Sung Blue, eta, orain, izenburu bereko filma ekarri du Craig Brewerrek, Kohsen lanean oinarrituta.

Brewerrek berak aitortu duenez, Kohsen filmaren bitartez izan zuen Sardina eta Stingleren bizitzaren berri. «Kohsek ez balu erabili bere denboraren parte handi bat familia horri buruzko dokumental bat egiteko, nik ez nukeen film hau egingo». Izan ere, Kohs Diamonden zale amorratua zen, eta, 1990eko hamarkadan, Lighting and Thunder zuzenean ikusteko aukera izan zuenean, maitemindu egin zen bikoteaz; hala, Stingle eta Sardina filmatzeari ekin zion, hala zuzeneko emanaldietan nola oholtzatik kanpo. Brewerrek 2009an ikusi zuen Kohsen filma, eta garai hartan bertan erabaki zuen egunen batean film fikzionatu bat egingo zuela material horrekin berarekin. 

Ametsak betetzea

Sardina eta Stingle —Hugh Jackman eta Kate Hudson aktoreek jokatu dute haien rola filmean— musikariak eta bereziki musikazaleak ziren. Sardinak The Esquires izeneko rhythm and blues talde batean gitarra jo zuen 1970eko hamarkadan, eta Stingle, berriz, Patsy Cline country kantariaren omenezko proiektu batean aritu zen. 1987an ezagutu zuten elkar, Sardina emakumezko ahots baten bila zebilela. Hasieran kolaborazio artistiko hutsa zena maitasun istorio bilakatu zen berehala, eta filmak horri berari ere erreparatzen dio, Lightning and Thunder bikotearen ametsen laborategi moduko bat bilakatu baitzen.  

Diamond bera filmeko protagonista ez izan arren, haren kantuek pelikula osoa zeharkatzen dute, eta ez dira falta dagoeneko ereserki bihurtutako Sweet Caroline, kantariaren balada ezagunak Play Me eta Song Sung Blue bera, adibidez—, eta baita espiritualtasuna transmititzen duten piezak ere (Soolaimon, Holly Holy).  

Filma abenduan estreinatu zuten AEBetan, eta, kritika onak biltzeaz gain, Urrezko Globoetarako hautagaitza bat eman dio Hudsoni. 

'Song Sung Blue'

Zuzendaria: Craig Brewer. Gidoia: Craig Brewer eta Greg Kohs. Aktoreak: Kate Hudson, Hugh Jackman, Michael Imperioli. Herrialdea: AEB. Iraupena: 131 minutu. Estreinaldia: Joan den astean estreinatu zuten Ipar Euskal Herrian, eta gaur estreinatuko dute Hegoaldean.

 

Beste estreinaldiak

'Rental Family' filma
Hikari zinemagile japoniarrak zuzendu du Rental Family filma.

'RENTAL FAMIly'

Zuzendaria: Hikari. Gidoia: Stephen Blahut eta Hikari. Aktoreak: Brendan Fraser, Mari Yamamoto, Takehiro Hira, Akira Emoto. Herrialdea: Japonia. Iraupena: 103 minutu.

Phillip Vanderploeg aktore estatubatuarrak (Brendan Fraser) helburu bat izan nahi du bizitzan, eta, hori lortzeko bidean, ezohiko lanbide bat aurkituko du Tokion. Familia alokatzeko agentzia batean lan egiten hasiko da Japonian, ezezagunen ordezko rolak betez. Lanean murgildu ahala, antzezpenaren eta errealitatearen arteko mugak lausotuko dituzten loturak sortuko ditu familiekin.

‘The Chronology of Water’

Zuzendaria: Kristen Stewart. Gidoia: Kristen Stewart eta Andy Mingo. Aktoreak: Imogen Poots, Thora Birch, James Belushi. Herrialdea: Erresuma Batua. Iraupena: 128 minutu.

Lidia Yuknavitch idazlea erasoek eta mendekotasunek baldintzatuta bizi izan zen umetan eta gaztetan, eta hala literaturan nola igeriketan aurkitu zituen horiei aurre egiteko tresnak. Yuknavitchen beraren memoria liburuan oinarrituta zuzendu du Kristen Stewart aktoreak bere lehenengo film luzea.

'Ma frère'

Zuzendariak: Lise Akoka eta Romane Gueret. Gidoia: Lise Akoka, Romane Gueret eta Catherine Paille. Aktoreak: Fanta Kebe, Shirel Nataf, Zakaria-Tayeb Lazab, Mouctar Diawara. Herrialdea: Frantzia. Iraupena: 112 minutu.

Shaik eta Djenebak 20 urte dituzte, eta lagunak dira txikitatik. Uda da, eta Parisko Place des Feteseko dorreetan hazi eta bizi diren haurrekin egingo dute lan, udaleku batean. Shai eta Djeneba ere han hazi ziren, eta udalekuak balioko die euren etorkizuna marraztuko duten erabakiak hartzeko, eta baita elkarren arteko adiskidetasuna sendotzeko ere. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.