Durangoko 60. Azoka

Nerabeen inbasioa

Urtero bezala, gazteei eta Euskal Herri osoko ikasleei begira osatu dute Durangoko Azokako lehen goiza. Haien urratsen atzetik, belaunaldi berrien ohiturak eta gustuak aletzeko saioa dator jarraian.

Gazteak Durangoko Azokan, Landako guneko atarian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Gazteak Durangoko Azokan, Landako guneko atarian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Durango
2025eko abenduaren 6a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Durangoko Azokarako planean doan emakume bat Donostiatik abiatu da trenez. Bidean aurrera egin ahala, bagoietan han-hemenka barreiatzen diren ikasle taldetxoak agertzen dira, denak ere euforiko eta ezin ozenago berriketan, eta, azkenerako, emakumeak sarkina dela ematen du: trena mukuru beteta doa, eta hura da ikasle ez den bakarrenetakoa, haiekin doazen irakasleekin batera.

Ikasle talde horien artean badira pare bat eguneko txangoa dutenak, eta ezagun du: askok iluntze-gauean ikusiko dituzten kontzertuak hartu dituzte hizpide. Horri lotuta, buruz ikasitako abesti zatiak aireratzen dituzte, baita taldeen izenak ere. Zetak aipatu eta solas bakar horretara batu dira bagoiko gehienak, eta berriro ere talde txikietan sakabanatu gero. Taylor Swiften jarraitzaile den batek euskal musikariei ere jarri die arreta, eta «en plan Janus Lester» esanez, bere gustuak azaltzeari ekin dio. Izaroren zale den beste neska batek burua gora eta behera astinduz eman dio onespena hari.

Durangoko geltokira iristearekin batera, gazte uholdea zirudiena erauntsi bihurtu da, Donostiako trenak Bilbotik heldutakoarekin bat egin baitu nasan. Bateko eta besteko gazte guztiak motroiloan jaitsi, eta masa bakarra osatuz jo dute eskaileretan gora. Donostiako trenean entzundako berriketa elebiduna gaztelaniak estali du kolpean, eta, azoka inguruak ez ezik, herri osoa hartu dute gazteek: euriteetako ur uherrak balira bezala betetzen dituzte karrikak eta espaloiak, kolapsatzeraino. Bada horren aurka protesta egin duenik ere; «Eta hauek denak ezin al dira txandaka etorri?», esan dio emakume zahar batek beste bati, espaloi batean sorpasso-a egin dietenean.

Esanguratsuak dira taldeen taktikak, haien arteko inor gal ez dadin. Neskek eskutik heltzen diote elkarri. Eta mutil talde batek Gora Euskal Herria dioen oihalezko kapelu zuri-gorri berdea darama buruan, jaka-praka beltzen kontrastean.

Galdeketak

Eta Landako guneko kaleetan, azken urteetan ohikoa den estanpa bat, dagoeneko klasikoa: ikasleak multzoka, eskolako lan gisa betearazi dieten papera eskuetan, aldamenetik pasatzen denari indiskriminatuki eskean. Horren ilustragarri, Galdakaoko Ibaizabal ikastolako (Bizkaia) hiru neska: Naroa, Paula eta Joane. Zertan ari diren galdetu, eta hiruren artean osatzen dituzte esaldiak: batek hasi, besteak jarraitu eta hirugarrenak bukatu. «200 euroko aurrekontuaren arabera, disko bat, liburu bat eta komiki bat aukeratu behar ditugu. Gure gustuko gauzak izan behar dute». Gatiburen disko bat jo dute begiz, baita Ken 7 taldearena ere. Literaturaren atala ezin osatuz dabiltza momentuz; komikiaren kasuan, artean eskaintza ikusi gabeak direlako, eta, literaturaren kasuan, «hain zaleak ere» ez direlako. Paulak liburu bat proposatu du, Maddi Ane Txoperenaren Ez erran inori. «Nik irakurria dut lehendik», esan die alde banatan dituen lagunei, hautu fidagarria dela ziurtatzeko. Naroak bigarren aldia du azokan; Paulak eta Joanek, berriz, lehena. Naroari jendetzak eman dio arreta: «Igual gehiegi, pasa den urtean ezin izan ginen sartu, leku faltaz». Paulak eta Jonek harrituta begiratzen dute ezker-eskuin. «Ondo», esan dute biek koruan; «pentsatzen genuen baino handiagoa da, eta jende asko dago». Tailerretan ez dute parte hartu, eta ikasleentzat beren-beregi antolatutako ikusgarri eta tailerretan ere ez dira sartuko.

(ID_15579409) (/@FOKU) 2025-12-05, Durango. Durangoko Azoka
Don Inorrez taldea, 'Aztia' ikusgarrian, Plateruenan. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Antzezlan musikatu gisa katalogatu dute Aztia, Metrokoadrokak eta Don Inorrez taldeak ondutako ikusgarria. Hura ikusteko asmotan, gazte mordoa sartu da Plateruenan, besteak beste Arratiatik, Lea-Artibaitik, Zizur Nagusitik, Armentiatik eta Baionatik heldutako ikasle multzoak. Karlos Aranzegi bateria jotzailea eta Ima Ubeda Don Inorrez taldeko kantaria kasik burumakur pasatu dira haien artetik aretora bidean, saioa hasi baino hamar bat minutu lehenago: «Hau guretzat berria da guztiz; inoiz ez dugu ikasle jendearen aurrean aritu behar izan. Urduri gaude». Nerbioak nerbio, musikariak oholtzan agertu bezain azkar isildu dira gazteak, supituan isildu ere, eta txalo zaparrada batez hartu dituzte ikus-entzuleek. Oier Guillanen hitzek, berriz, euforia oihuak ere aterarazi dituzte. «Ongi etorri okerreko toki zuzenera», esan du ahots sendoz.

Boligrafo gorriaren sindromea

Eguartera arteko plater sendoa bilatzen hasita, Yolanda Arrietak, Nerea Loiolak eta Amaia Egidazuk osatutako mahai ingurua aipagarri da. Idazletzan ez ezik, gazteez osatutako taldeak animatzen ere aritzen dira hirurak, izan idazketa tailerrak, irakurle klubak edo ikastaroak eginez. Esperientzia horrek eman die, hain zuzen, Zer egingo dugu idazketarekin? izenburupean mintzatzeko alibia. «Ipuinetik bizi» omen dira hirurak. Halaxe egin du haien aurkezpenekoa Arrietak, eta horri berari tiraka heldu da lehen oharra: «Ipuin hitzari karga kendu behar zaio».

Tailerrak entrenatzeko eta baliabideak hartzeko tokiak direla nabarmendu dute hiru hiztunek, nork bere modura. Loiola: «Erakutsi behar diegu gazteei badutela zer esana, zeren eta askori iruditzen zaie jaiotzetiko dohain bat izatea dela idaztea. Tailerretan estimulu txikien bidez gauzak egiten jartzen dituzunean, eta haiek ikusten dutenean gauzak ateratzen direla eta funtzionatzen duela, gai sentitzen dira. Hori oso inportantea da».

Sormena lehiatik urrun dagoela azpimarratu du Arrietak. «Hori gero etorriko da, etortzekotan. Sormena, berez, momentua bizitzeko tresna da. Hobeto bizitzeko eta gauzak ulertzeko baliabide bat». Hori taldean lantzeko aldarria ere egin du: «Hezkuntzan erabiltzen diren balio guztiak, hala nola enpatia, adimen emozionala, talde dinamika, nortasuna... horiek denak berez ateratzen dira taldean».

Idazketarekin dagoen erlazioa «eskasa» eta «aurreiritziz betea» dela iruditzen zaio Egidazuri: «Idatzi behar ez izateko aitzakia bila hasi, eta 'ez dut irudimenik' esaten didate askok, irudimena genetikoa balitz bezala». Jolasari lotzeko aldarrikapena egin du, bestalde: «Marrazketarekin gertatzen den moduan, idaztean ere arrasto bat uzten duenez eta edonork ikus dezakeenez, ondo edo txarto dagoela esango du baten batek, eta horrek zapuztu egiten du jolasa». Esplikatu du jolas sinbolikoetan ez dela halako epairik egiten: «Umeek sukaldariarena egiten dutenean, edo aita-amatan jolasten direnean, inork ez die esaten ondo edo gaizki aritu direla». Alde horretatik, askok «boligrafo gorriaren sindromea» pairatzen dutela iruditzen zaio Egidazuri. Hari horretatik tiraka, bere seme baten adibidea ipini du Loiolak. Ipuin bat idazteko eskatu omen zion irakasleak. Hark idatzi, eta «poz-pozik» joan omen zen ikastolara. Ordea, ikastolatik «negarrez» atera omen zen, irakasleak beste ipuin bat idatzi beharko zuela esan ziolako. Loiola: «Ipuin absurdo bat idatzi zuen. Finean, bazen behin hitzekin hasten zen zerrenda bat zen: bazen behin hau eta bazen behin hura, eta amaieran, bazen behin mutil bat ipuin bat idatzi behar zuena; baina hasiera asko eta asko bururatzen zitzaizkion eta amaierarik ez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.