Nerea Ibarzabal: «Zenbat izar lerrokatu behar dira gaur egun emakume bat euskaraz idaztera eser dadin?»

Bizenta Mogelen ‘Ipui onak’ liburuaren irakurraldi jarraitua egingo dute etzi Bilboko Arriaga antzokian, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatuta. 400 irakurle inguruk hartuko dute parte, eta Nerea Ibarzabal bertsolari eta idazleak abiatuko du irakurketa.

Klasikoen Irakurraldi Jarraituaren aurkezpena, Bilboko Arriaga Antzokian, tartean, saioa abiatuko duen Nerea Ibarzabal bertsolari eta idazlearekin. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Klasikoen Irakurraldi Jarraituaren aurkezpena, Bilboko Arriaga Antzokian; tartean, saioa abiatuko duen Nerea Ibarzabal bertsolari eta idazlea. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2025eko ekainaren 3a
13:56
Entzun 00:00:0000:00:00

Bizenta Mogel izan zen euskarazko liburu bat argitaratu zuen lehen emakumezkoa. 1804an eman zuen argitara Ipui onak izenburuko fabula bilduma. Eta aitzindaritza hori nabarmendu nahi izan dio Bilbo Zaharra euskaltegiak aurtengo Klasikoen Irakurraldi Jarraituaren bidez. Goizeko zortzietan hasi, eta, 15:00etara bitartean, laurehun pertsona inguru batuko ditu irakurraldiak Bilboko Arriaga antzokian etzi, eta Nerea Ibarzabal bertsolari eta idazleak abiatuko du saioa. Mogelen ispilu distirantari begiratzen bertan ikusten duen lohi orbanez ere aritu da egitasmoa aurkezteko prentsaurrekoan. «Bizenta Mogelen Ipui onak liburuan pentsatzerakoan, akordatzen naiz emakume batek argitaratutako lehenengo euskarazko liburua izateaz gain, barkamen eske batekin hasten den lehen euskarazko liburua ere badela».

«Bizenta Mogelen 'Ipui onak' liburuan pentsatzerakoan, akordatzen naiz emakume batek argitaratutako lehenengo euskarazko liburua izateaz gain, barkamen eske batekin hasten den lehen euskarazko liburua ere badela»

NEREA IBARZABALIdazlea eta bertsolaria

Idazlea, itzultzailea eta editorea izan zen Mogel, eta 22 urte baino ez zituela eman zuen argitara Ipui onak. Aurrez Esopok latinez bildutako 50 alegia itzuli zituen euskarara, eta, adituek nabarmendu izan dutenez, euskal literaturaren emaria Europako literaturaren klasikoekin lotzeaz gainera, euskarazko haur eta gazteentzako literatura ere abiatu zuen ekintza horren bitartez. Baina, Ibarzabalek gogoratu bezala, hitzaurrean barkamen eskari moduko bat idatziz abiatu zuen liburua Mogelek. «Badakit, enzunaz beste gabe, neskatx gazte baten izena dagoala itxatsirik liburutxo onen aurkean, jardungo dutela siñuka ez gutxik, diotela beren artean, iñoren lumaz janzi nai duela bela-txikiak; au da, besten bearrak artu nai ditudala neretzat: ez dagokiola neskatxa bati bururik ausitzea liburugiñen: asko duela gorua, naiz jostorratza zuzen erabiltzea. (...) Gauza onik badago, esan dezatela iñorena dala, ez nerea; okerrik badakuste egotzi nere gañera; berdin arteak ez du emango sagarrik».

Baina hitzaurrean hori esanagatik ere, liburuak aurrera egin zuelako dago haren izena euskal literaturaren historian.

Mogel 1782an jaio zen, Azkoitian (Gipuzkoa), baina oraindik ume zela umezurtz geratu, eta Juan Antonio Mogel osabaren etxera joan zen, Markinara (Bizkaia). Ikasketak egiteko aukera izan zuen bertan, eta euskara, gaztelania, frantsesa eta latina ere ikasi zituen. Oso ezohikoa zen hori garaiko emakumeentzat, eta, datu hori ere nabarmendu du Ibarzabalek. «Bizenta Mogel eta haren obra existitu zitezen, oinarrizko hainbat baldintza batu ziren», azaldu du. «Bere alde izan zituen abizena, osabarengandik jasotako kapital kultural eta ekonomikoa, ezkontza berantiarra eta umerik eduki ez izana, besteak beste. Orduko emakume oso gutxiren esku zeuden kontuak».

Baina orainaldiraino eraman du gogoeta hori bera Ibarzabalek. «Zenbat izar lerrokatu behar dira gaur egun emakume bat euskaraz idaztera eser dadin? Zein erreakzio eragiten du gaur egungo irakurlearengan emakume baten izen-abizenak daramatzan euskarazko liburu baten azalak? Zelan eta zergatik eskatzen dugu barkamena guk? Idatzi orduko barkamena eskatzeak libratzen ote gaitu idatzi ostean eskatzetik?».

Juan Antonio Mogel idazlearen Peru Abarka nobelarekin hasi zituen irakurketa jarraituak Bilbo Zaharra euskaltegiak duela hemezortzi urte, eta, artean 15 urte zituela, eskolarekin bertan testu txatal bat irakurtzen izan zela ere gogoratu du Ibarzabalek. «Huts egiteko beldur handirik barik esan dezaket nik orduan ez nekiela Bizenta Mogelek zer egin zuen, ezta, ziur asko, Bizenta Mogelik izan zenik ere». Eta, Ibarzabalen ustez, «emakume autoreen ahaztura programatuaren froga garbi bat» da hori.

Zailtasun gehigarriak

Arantza Camarero Bilbo Zaharra euskaltegiko ordezkariak esker ona adierazi die irakurketa jarraituan parte hartuko duten irakurle guztiei, bai eta antolakuntzan arituko diren 50 boluntarioei ere. Bertan izango diren irakurleez gainera, munduko hamaika txokotako euskal etxeetako 50 bat ikaslek ere bideo bidez parte hartuko dutela gaineratu du. Irakurketa antzoki kanpoaldean jarriko duten pantaila baten bidez ere entzun ahalko da, eta EITBk ere zuzenean emango du bere webgunean.

«Ikuspegi femenino eta feminista beharrezkoa da, ez soilik emakumeentzat, baizik eta gizarte osoarentzat, eta horretan Bizenta Mogel aitzindaria izan zen»

LEIXURI ARRIZABALAGABizkaiko Aldundiko Euskara, Kultura eta Kiroletako diputatua

Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Laboral Kutxak babestuta antolatzen dute Klasikoen Irakurraldi Jarraitua, eta, horregatik, erakunde horien ordezkariek ere hartu dute parte etziko saioaren aurkezpenean.

Eider Inunziaga Bilboko Udaleko Euskara zinegotziaren hitzetan, «balentria handia» da urtero irakurketa jarraitua antolatzea, eta «opari bat» iruditzen zaiola gaineratu du. Eta Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Aldundiko Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak gaur egungo egoeraz gogoeta egiteko baliatu du Bizenta Mogelen kasua. «Emakume sortzaileek askatasun handiagoz sortzen duten arren, zailtasun gehigarriak hor daude. Espazioak ematea eta euren lanak erdigunean jartzea ezinbestekoa da». Gogoratu duenez, gainera, gaur egun kultur kontsumitzaile gehienak emakumezkoak izan arren, oraindik ere, «ez da erraza» emakumeen bizipenak islatzen dituzten lanak aurkitzea. «Ikuspegi femenino eta feminista beharrezkoa da, ez soilik emakumeentzat, baizik eta gizarte osoarentzat, eta horretan Bizenta Mogel aitzindaria izan zen».

Programa zabalago baten azken emaitza izango da etzikoa. Izan ere, irakurraldi jarraituaz gainera, Mogelen omenezko beste hainbat hitzaldi ere antolatu izan ditu Bilbo Zaharra euskaltegiak urte hasieratik hona, eta egunotan egingo dituzte azken saioak. Gaur, esaterako, Mogeli buruzko hitzaldia emango du Mariasun Landa idazleak, eta bihar, berriz, bertso saio literarioa egingo dute Ibarzabalek, Uxue Alberdik eta Miren Amurizak. Miren Agur Meabe idazle eta euskaltzainak egingo ditu gai jartzaile lanak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.