Zinema

Netflix nagusi 78. Urrezko Globoen izendapenetan

Mank eta The Trial of the Chicago 7 nabarmendu dira filmen artean, eta The Crown, berriz, telesailen artean. Gala otsailaren 28an izango da.

'Mank' pelikularen fotograma bat. BERRIA
Ane Eslava.
2021eko otsailaren 03a
18:37
Entzun

Hollywooden lan egiten duten kazetariek osatutako atzerriko prentsaren elkarteak aditzera eman du zein film eta telesail izango diren 78. Urrezko Globoetarako hautagaiak. Aurreikusten zen moduan, Netflix plataforma gailendu da, 42 izendapenekin.

Zineman, David Fincher estatubatuarraren Mank filmak jaso ditu izendapen gehien. Citizen Kane-ren gidoilari Herman Mankiewiczen inguruko lan biografiko bat da, eta drama, zuzendaritza, gidoi, aktore, bigarren mailako aktore eta soinu banda sailetan izendatua dago. Halaber, Aaron Sorkinen The Trial of the Chicago 7 drama historikoak bost Urrezko Globo lortzeko aukera izango du: film dramatikoarena, zuzendaritzarena, gidoiarena, abestiarena eta bigarren mailako aktorearena.

Horien atzetik gelditu da Chloe Zhaoren Nomadland, lau izendapenekin. Filma Estatu Batuetako krisiaren erretratu bat da, eta faboritoen artean dago, besteak beste Veneziako zinemaldian Urrezko Lehoia irabazi zuelako. Halaber, lau izendapen jaso dituzte Florian Zellerren The Father eta Carey Mulliganen Promising Young Woman filmek.

Telesailak

Telebistari dagokionez, Peter Morganen The Crown izan da garaile, Ingalaterrako monarkiaren inguruko telesaila, sei izendapen jasota. Atzetik ditu, batetik, Eugene Levy eta Daniel Levyren Schitt 's Creek komedia kanadarra, bost sarietarako hautagaia, eta, bestetik, Bill Dubuque zuzendariaren Ozark estatubatuarra, lau kategoriatan izendatua. Telesail laburren artean, The Queen's Gambit, Unorthodox, Normal People, Small Axe eta The Undoing izendatu dituzte.

Sarah Jessica Parker eta Taraji P. Henson aktoreek iragarri dituzte otsailaren 28an emango dituzten sarietarako hautagaiak. Tina Fey eta Amy Poehler komedianteek gidatuko dute gala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.