Estankona. Musikaria

«Neure burua estilo ezberdinetan berrasmatzea gustatzen zait»

Bakarkako bigarren diskoa kaleratu du Borja Estankonak: 'Fruitua'. Pop eta rock soinuak landu ditu lan berrian, baina bizkarra eman gabe bere nortasun zeinuei, malenkoniari eta tentsioari.

mikel lizarralde
2012ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Urte eta erdi besterik ez da pasatu Borja Estankona estreinakoz bakarlari gisa aritu zenetik, eta bueltan dator ale berri batekin: Fruitua (Baga-biga). «2011ko udaberrian kaleratu nuen lehenengo diskoa baina aurreko urteko udan grabatua zegoen. Beraz, bi urte pasatu dira bi grabazioen artean. Ez da asko».

Bi urte hauetan egindako kantuak bildu dituzu disko berrian, edo badira lehenagoko abestiak ere?

Ni beti ari naiz lanean, eta disko bat osatzeko orduan saiatzen naiz koherentzia propio bat ematen eta horretarako kantuak aukeratzen. Kasu honetan, ia guztiak dira bi urte hauetan egindako kantuak, baina bada baten bat lehenagokoa, disko honetan ondo gera zitekeela pentsatzen nuena. Kantu berri batzuk, berriz, kanpoan gelditu dira, diskoaren osotasun horrekin bat ez zetozelako.

Orain arte egindako bi diskoek erakusten dute kantuak egiteko modu bat. Zertan da ezberdina Fruitua?

Disko bakoitzak poztasunak ematen ditu, baina, era berean, egin eta gero, hutsuneak ere ikusten dira; hau da, egin nahiko zenituzkeenak, baina hor azaltzen ez direnak. Disko honetan biribiltasun handiagoa bilatu nahi izan dut. Lehenengoak bazituen isiltasun tarteak eta pasarte hauskorrak. Kontrasteak erradikalagoak ziren. Kantu bortitzak eta lasaiak zeuden. Oraingoan, ez nuen halakorik egin nahi. Disko beteagoa nahi nuen. Eta kantuen arteko distantzia ez da hain handia.

Badituzte, hala ere, ezaugarri komunak: tentsioa, malenkonia kutsua...

Bai, gustatzen zait tentsio hori, baina gustatzen zait estiloz ere aldatzea. Eta estilo ezberdin horietan neure burua berrasmatzea. Eta malenkoniarena, ba, bai. Nire marka da. Eta oldarkortasuna ere ageri da zenbaitetan, barruko mamuak askatzeko.

Arean taldearekin bi disko egin zenituen, eta nabari da haien eta oraingoen arteko hari bat, nahiz eta haiek gogorragoak izan.

Ados nago. Forma aldetik, Arean esperimentalagoa zen, eta, orain, molde klasikoagoan nabil. Baina identifikatzen naiz lan egiteko modu batekin: hitzak, noiz erabaki kantu bat amaituta dagoela, kantu bat ona edo txarra den ikustea... Neure burua abestietan ikusteko modua ez da aldatu.

Diskoan badira soinu ezberdinak: popa, rocka, ska bat, country gitarrak... Beste musika batzuetara ireki zara?

Azkenaldian entzun dudan musika oso lotua egon da arbasoengandik jasotzen dugunari. Entzun izan ditut Leonard Cohen, Neil Young, countrya, arabiar musika tradizionala... forma aldetik oso barrokoak ez direnak. Gustatzen zait hainbat erritmorekin aritzea. Bilaketa horrek motibatzen nau. Ispilu ezberdinetan begiratzen naiz eta ikusten dut gauza ezberdinak egin ditzakedala.

Itsaso Etxebestek (baxua) eta Jimmy Arrabitek (bateria) osatzen dute taldea zurekin. Zein izan ohi da beraien ekarpena?

Etxean egiten ditut kantuak, gitarra akustikoarekin, eta egiturak ere lantzen ditut. Gero taldekideei eramaten dizkiet, eta beraiek erritmoa jartzen dute. Entseatzen eta zuzenean jotzen aritzen gara, eta, ondorioz, beraiek ere badakitenondik jotzen dugun. Gainera, etxean esperimentalagoak diren gauzak ere egiten ditut, baina horiek ez ditut eramaten entseguetara, ez ditudalako talde honetarako ikusten.Hau da, abestiak aukeratzen ditut bi taldekide horiekin nabilelako.

Zuzenean ere beraiek izango dituzu taldekide?

Bai, disko hau talde horrekin defendituko dut zuzenean. Kontzertu pare bat eman ditugu, baina oraindik etorriko direnak lotzeko ditugu. Gustatuko litzaiguke ahalik eta gehien jotzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.