Su motelean eta luze ondutako eleberri mardula da Palinpsestoa. 2011n erretiroa hartu berritan egin zuen hura idazteko hautua Joxe Austin Arrietak (Donostia, 1949), eta aurten plazaratu du Maiatz argitaletxearekin. Literatur ibilbidean «despedidakoa» izango zelakoan, «esan beharreko guztiak hemen esan behar dituk», bota omen zion erronka bere buruari, eta ezer gutxi utzi du aipatu gabe. Geruzaz geruza joan da, testuei testuak gainjarriz eta denen artean hari nagusi bat osatuz. Hortik datorkio izenburua eleberriari. Literaturan ez ezik, politikan ere bide luzea egindakoa da Arrieta, Herri Batasuneko kide gisa. Kokagune politiko horretatik ari da idazlea, zorrotz eta bere buruarekin zintzo. Biluzte horretan, barruko oinaze, kontraesan eta «bai, baina» guztiei ahotsa emateko, lau alter ego baliatu ditu bere ahotsaz gainera; haien artean «musean ariko balira bezala» ageri dira istorio osoan barrena.
Palinpsestoa den honi Barne produktu gordina deitu omen zenion aurretik. Eta egia da, testu gordinak dira, eta zure baitakoak oso.
Noizbehinkaria deitzen diodan egunkari moduko batetik ateratako testu zatiak eta ideiak dira, prozesu oso luzean eta jardunaldi diferentetan eratutakoak. Lehen kolpean ez, eta bigarrenean edo hirugarrenean daude landuak, borobilduak edo aldatuak. Adibide bat jartzearren: bada testu bat 90eko hamarkadakoa, Irurtzungo Bi Haizpetik pasatzen nintzenekoa. Eta urte batzuen buruan Zaldibarko luiziaren zorigaitzezko pasartea ezarri nuen testu horretxen gainean. Badago halako elkargainkatze bat, horregatik deitu nuen Palinpsestoa. Barne produktu gordina ekonomia arloko hitz arruntenetako bat da, eta iruditu zitzaidan laineza hartzea bezala zela, eta lotsagabe samarra. Azkenean baztertu egin nuen.
«Noizbehinkaria deitzen diodan egunkari moduko batetik ateratako testu zatiak eta ideiak dira, prozesu oso luzean eta jardunaldi diferentetan eratutakoak»
Zure bizitzari errepaso gordin bezain sakona eman diozu. Horrek geruza asko eta su motela behar zituen ezinbestean?
Uste dut baietz, antzeko zerbait gertatu zitzaidala. Material hori magma modura nuen metatua, ordenatu gabe. Jubilatzearekin batera izan zen gutxi gorabehera, 2011n edo. Saiatu nintzen Prousten itzulpenarekin jarraitzen, eta pare bat tokitara jo nuen. Akordio ekonomiko minimoki duin batera iritsi nahi nuen, doan lan egin behar izan gabe. Baina proiektua ez zen mamitu. Literaturgintzako despedida modura, material horren berrantolaketa bat egitea bururatu zitzaidan.
Baina despedidakoa al da?
Ba, orain esango nizuke baietz. Baina tira.
Liburuan ez zara linealki joan. Oroitzek agindu dute bidea?
Bai, uste dut denoi gertatzen zaigula hori. Psikologikoki oso normala da: duela hogei urteko kontu batetik hasi, demagun, eta horrek beharbada haurtzarora eramango zaitu. Zaila da hori kudeatzea. Batzuetan, txirrista horretan barrena sartzen bazara, galdu egiten zara. Baina bada horrelako prozesu bat, Nafarroako gure etxea saldu eta hango koadernoak eta materiala biltzen hasteak eragindakoa.
Amets batetik abiatzen zara.
Amets nahiko erreala da gainera, halaxe gertatu baitzitzaidan: Korrika batetik bueltan, Oreretako zumardian Mitxelenaren monumentura jo, lagun batzuekin topo egin... Giro hori benetako amets batean oinarrituta dago, nahiz eta gero landu egin dudan. Hori, eta Nafarroako Barruhotza etxetik alde egiten dudanekoa; itzulera bidaia horretan hasten dira beste hamaika kontu sortzen, zaharragoak eta berriagoak. Eta ibilbide hori bera idatziz behin eta berriro eginez sortzen da palinpsesto bat.
Hamsterraren sindromea aipatu izan duzu, beti errota berari bueltaka.
Kontuan harturik liburu honek gutxienez hamabi urteko historia duela, pentsa zenbat buelta eman dituen hamsterrak, eta gai berberen inguruan. Espero dut buelta guztiak ez direla antzuak. Buelta bakoitzean argitasun pittin bat lortzen dela uste dut, zertxobait eransten zaiola istorioari, nahiz eta horrek ez duen kentzen hamsterraren angustia hori.
«Buelta bakoitzean argitasun pittin bat lortzen dela uste dut, zertxobait eransten zaiola istorioari, nahiz eta horrek ez duen kentzen hamsterraren angustia hori»
Mantso irakurtzekoa da liburua. Zure familiatik abiatuta, Euskal Herriaren historiaz mintzatu zara.
Lehen kapitulu horietan eszena budista bat ere aipatzen dut, eta hor erdizka txantxetan esaten dudan bezala, nire kontuak eta gure belaunaldiaren kontuak aipatzea konforme, baina lehenagokoak ere kontatuko ditudala diot, esate baterako nire anai-arreba zaharrenen haurtzaroko erbestealdia, Ametlla del Valles-en (Katalunia).
Azken urteetako historia —ETAren garaia, adibidez— zure oroitzetatik eta bizipenetatik kontatzekoa behar politikoa izan al da?
Bai. Ez dut esango ausarta izan naizenik, baina neuk ere esan beharra neukan zerbait denok aldez edo moldez bizi izan dugunari buruz. Kosta egin zait, dena den, ur lasterraren erdian irmo jarri eta begiratzea. Hemen dena kateatuta dago. Gure gurasoek gerra galdu zuten, eta gorriak ikusi zituzten. Guk, seme-alabok, horri buelta eman nahi izan genion. Eta, gero, Frankismoa amaitu ez eta beste zerbait bilakatu zenez, borroka horrek segitu zuen. Espainiako eta Frantziako estatuen asimilazioaren kontrako erresistentzia guneekin bat egiten dut. Nire hautu politikoetatik idatzi dut, hor kokatu naiz, baina burua zabalik, eta kritikoki, zorrotz.
«Nire hautu politikoetatik idatzi dut, hor kokatu naiz, baina burua zabalik, eta kritikoki, zorrotz»
Inkontzienteak estaltzen dituen gauzei aurrez aurre begiratu nahi izan diezula ere esana duzu. Hori guztia egin eta gero, zer sentsazio duzu?
Batetik, baieztapen unibertsal bat: gauza bat esaten duzu, eta handik gutxira beste gauza asko esan gabe utzi dituzun sentsazioa duzu. Memoria selektiboa oso leiala da gurekin, baina baita traidorea ere, gauza askok egiten baitigute ihes. Gure biziraupen senak-edo ezabatu egiten ditu sarritan. Palinpsestorik gogorrena denok barruan daukaguna da. Adibide bat baino gehiago jar nitzake, eta Saturrarango seminarioko pasartea izan liteke bat. Han ikasten ari ginen 12-13 urteko mutil koskorrok ez genekien hura emakumezkoen kartzela izan zenik. Halako filtroek funtzionatzen zuten, baita eliza katoliko progrean ere. Gauza horietaz ezin zen txintik atera, eta konturatzen naiz tabu horren oihartzunek hor segitzen dutela nire baitan.
Denok ditugu tabuak, eta momentu jakin batzuetan konturatzen gara hor daudela. Flash moduko batzuk izaten ditugu, baina atzera berriz ilunpean gelditzen dira.
Nitik idatzita dago liburua, baina forma bitxia du: zure abatarrekin edo alter egoekin elkarrizketan ari zara etengabe.
Bai, baina hori ez da berria, lehenagotik dator. Manu militari-n ageri da jolas hori, nahiz eta han mozorro dantza moduko bat izan gehiago. Nire barne kontraesanak nolabait gorpuzteko joko bat da. Labur Aroz-en ere badago horren arrastorik, baita Terra Sigillata-n ere. Oraingo honetan laura murriztu dut nire nikien kopurua. Ander Elizalde ni soziala da, aurpegia ematen duena. Kepa Arrastiri langilea da, konplexuz betea eta atormentatua. Eta beste biak unibertsalagoak dira: Amaia adimena da, eta Ekaitz, berriz, sena. Mus partidetan bezala aritzen dira laurak.
Baina ematen du ez duzula lehen pertsonan idatzi nahi.
Beharbada ez naiz ausartzen, edo neure burua zapaldu egiten dut etengabe. Nika hasten banaiz, ni, ni eta ni, estropezu egiten dut neure buruarekin. Iruditzen zait ahots ozenegia baina hutsegia gelditzen zaidala. Hori poemetan egin dezakezu, eta nik ere egin izan dut: ni bat mintzo da, ni mintzo naiz, inolako beste soinekorik gabe, mozorrorik gabe. Baina horrelako istorio luze edo konplexu bat taxutzeko, sentitzen dut etengabe ahotsa eman beharra esaten ari naizenari kontra egiten dion beste ahotsari ere. Kontraesan horiek denok ditugu. Barruko «bai, baina» horiei eman nahi izan diet ahotsa.
«Horrelako istorio luze edo konplexu bat taxutzeko, sentitzen dut etengabe ahotsa eman beharra esaten ari naizenari kontra egiten dion beste ahotsari ere»
Jokoa eman dizu literatur generoak hibridatzeko ere. Nahita egin duzu?
Nahita, berariaz, ez. Horrela atera da. Estalien Gradora idatzi nuenean, bakarren batek esan zidan poesia dramatikoa zela, dramaturgiaren zentzuan alegia. Eta hemen ere badago teatro kutsu bat, kontraesanen adierazpide horretan.
Literatura beste modu batera egiteko aldarrikapena ere ematen du.
Kontzienteki ez behintzat. Ez naiz manifestu ideologiko poetiko bat egitera joan, baina denok gara irakurri ditugun gauzen zordun. Eta orduan, gure gazte sasoian, bazegoen, bazegoenez, dena apurtu beharra: «Hautsi behar da hirugarren pertsonako narratzaile orojakilea», edo «hautsi behar da nobela burgesaren introspekzio ustela»... Denok ditugu horrelako oihartzunak, eta bideratzen gaituzte. Ni ere garai horretako estilo eta iturrien emaitza naiz.
«Ez naiz manifestu ideologiko poetiko bat egitera joan, baina denok gara irakurri ditugun gauzen zordun»
Koldo Mitxelena, Noam Chomsky, Josu Muguruza, Iñaki Esnaola... Izen ezagun asko aipatzen duzu, eta, era berean, badago beste izen asko aipatzeko erreparoa ere.
Gai delikatua da. Irizpide bat aipatzen dut alter egoen bidez. Aipatzen diren pertsonak errealak direnean eta adierazpen publikorik egin badute, orduan izen-abizenez jartzeko erreparorik ez dago. Baina nirekiko harreman pertsonal ez-publikoetan edo mugatuagoetan erlazionatu direnean, orduan siglak erabiltzen ditut. Eta horien arteko batzuek garrantzi berezia hartzen dutenean, izena aldatzen diet.
Gure historia hurbileko momentu gogorrak aipatzen dira, Perturren kasua, Morlanseko gertaera....
Ez nuke gehiegi hitz egin nahi horri buruz, ez baitago bi hitzetan esaterik liburuan luzaroan, sarri eta modu obsesiboan landutako gai bat. Baina dudarik ez dago nire bizipenetan epizentro izan zirela. Morlanseko egun hura ez dut ahazteko, eta obsesiboki asaldatu izan nau urtetan. Kontatzea bada nolabaiteko askapena, baina horrek ez du dena konpontzen. Neurri batean oso katartikoa izan daiteke mea culpa esatea, baina hortxe gelditzen da heriotza.
«Morlanseko egun hura ez dut ahazteko, eta obsesiboki asaldatu izan nau urtetan. Kontatzea bada nolabaiteko askapena, baina horrek ez du dena konpontzen»
Zure lagun baten arabera, gehiegi biluztu omen zara.
Striptease handia dago. Handira jokatu dudala uste dut, ez dut uste txikira paso ibili naizenik. Nire azken liburua izango da segur aski, eta hemen esan behar nituen esan beharrekoak. Halaxe esan diet nire Kepari, Anderri eta gainontzekoei. Ez gara noiznahi eta erabat biluzten, baina Morlansekoa bera ere biluzte handi bat da. Nire ahuldadearen aitortza egin dut, baina benetakoa da: ez da besteen oniritzia erregutzekoa.
Liburuaren aurkezpenean zintzotasuna aipatu zuen Iratxe Retolazak.
Bai, horretan saiatu naiz. Bernardo Atxagak ere hitz hori erabili du liburua irakurri ostean. Sakona eta zintzoa dela esan dit, eta estimatzen diot. Badakit ez dela liburu irakurterraza, arreta eta denbora dezente eskatzen duena baizik. Horregatik, oso eskertuta nago osorik irakurria duten guztiekin; baita, osorik ez bada ere, zati batzuk irakurri dituztenekin ere. Ohore handi bat da niretzat.
Agoniatik hurbil dagoela ere esan zuen Retolazak. Hala iruditzen zaizu?
Objektiboki begiratuta, 75 urte ditut. Bidea bukatzen ari da, baina espero dezagun pixka bat gehiago irautea. Halere, ez dakit ez ote zuen erabili agonia zentzu unamunianoan, hil ala biziko borroka moduan. Eta bizi garen herrian zer dago ba, hil ala biziko borroka ez bada.
Zure aitaren esaldia zaflako moduko bat da: «Hainbeste lagun on hilda, eta hala ere galdu. Irabazi izan bagenu sikiera». Handia da galtzailearen mina.
Esaldi hori erreala da, eta Abuztuaren 15eko bazkalondoa-n ere ageri da. Aitaren patua errepikatzen ari naizela iruditzen zait, belaunaldi bat geroago. Haiek gerra galdu zuten, eta zer egin dugu guk ere, bada?
«Aitaren patua errepikatzen ari naizela iruditzen zait, belaunaldi bat geroago. Haiek gerra galdu zuten, eta zer egin dugu guk ere, bada?»
Azken zatian Koldo Mitxelenari egin diozu kritika.
Koldo Mitxelenaren oroitarriko esaldi ederra izan dut liburu osoan barrena leitmotiv indartsuenetako bat. Esaldi hauxe: «Ez gaitezen beti, askotan egin dugunez, huts-hutsetik abia. Lur landuan aiseago ereingo dugu erein behar dugun hazi berria». Beraz, kritika baino areago, esker ona zor diot Errenteriako (ezen ez Oreretako, noski!) maisu handiari. Baina bai, egia da, bukaera aldera, haren oroitarrira itzulitakoan, hitz kritiko batzuk esaten dituztela nire Ander-Kepak, Autonomia Estatutuarekin euskara salbatuko zela ziotenei buruz, tartean Mitxelena bera, gure linguistarik bikainena Txillardegirekin batera.
Umoreari ere egin diozu lekua.
Aitak ez bezala, amak isildu egiten zituen gerrako kontuak. Baina bere azken urteetan, gurpil aulkian zegoela, Donostiako Paseo Berrira eramaten nuen, eta kontu kontari aritzen zitzaidan bidean; ordura arte esan gabeko gauza asko ateratzen zituen. Behin Osaba Agustinena kontatu zidan. Gerran frankistek preso hartu zuten Bizkaian, eta haien bandoan aritzera behartu zuten. Ebroko batailan zauritu egin zuten, koskabilo bat galdu zuen. Ahots oneko gizona zen, eta, gerraren ostean, nostalgiak jota, Ene aberri laztana hasi omen zen kantatzen. Bakarren batek entzun, salatu eta Gernikako auzitegira eraman zuten. Eta hark epaileari esan: «Yo he dado un huevo por Franco, tú que has hecho?». Grazia egin omen zion epaileari, eta libre utzi zuten.