Bukatu berri den urteak zer eman duen gogoratzean ia ezinbestean datorkigu Nor naizen baneki antzezlana, Axut! konpainiaren eta Artedrama plataformaren artean sortutako azken muntaia eszeniko handia dena. Izenburuak Irulegiko eskuaren grafia hartzen du gogoan, Harkaitz Cano eta Ximun Fuchs ditugu testuaren egileak, eta taula gainean hainbat belaunalditako antzezleek jarduten dute antzoki bateko indusketa arkeologikoan baleude bezala, euskal nortasunaren bila eta gure herriaren hainbat gertakari historiko birpasatuz. Hasierako emanaldiak arrakastatsuak suertatu dira, eta, ohikoa duten legez, luzea da aurreikusitako emanaldien zerrenda.
Beste tonu batean, baina itzal handiko onarpen berarekin amaitu dira Saran (Lapurdi) abenduaren 28an Miñan-en emanaldiak. «119 emanaldi izan dira guztira, bi Madrilen, bat Korsikan eta beste guztiak Euskal Herriko 81 antzoki eta plazatan. Nerabeentzat 30 eskola-emanaldi egin ditugu eta antzokiez aparte, kultur gela, kartzela eta frontoietan ere jokatu dugu Miñan antzezlana», azaldu dute sortzaileek. Marka da, gero, urtebete pasatxoko epean, eta asko esaten du gizartearen benetako kezkekin konektatzen duen antzerkiaz.

Umeen gaineko sexu-abusuak dira gizartearen beste kezka sakon bat, eta Bilboko Arriaga antzokiak bete-betean asmatu zuen pasa den irailean berreskuratuz Moto - Membra Jesu Nostri antzezlana. Izan ere, Arantzazu Fernandez kazeta honetako kritikaria kexu agertu zen horren kontura hau esanez: «Pieza bitxi hau funtzio bakarrekoa izan dela jakin dugu; beraz, bizitza laburreko luxuzko bitxia izan dela aitortu behar dizuet». Eta egia da askotan horrelako harribitxiak bizitza laburrekoak direla, baina hara non, Bilbon egon eta hurrengo astean Ljubljanako (Eslovenia) kultur zentrorik handienak haren emanaldi bat eskaini zuen DoSEL proiektuari esker. Alde horretatik, ona da jakitea DoSEL proiektuak (Drama of Smaller European Languages) Europako hizkuntza gutxituetan lan egiten duten zortzi antzoki elkartzen dituela eta Eneko Sagardoiren euskarazko testua eta interpretazioa presente egon direla foro horretan.
Ekoizpen eta kalitate handia
Dudarik gabe, ekoizpen eta kalitate handiko euskarazko muntaien artean sartu behar dugu Arriaga antzokiak Loraldia jaialdiaren lankidetzarekin iaz sortutako Kristalezko zooa. Tennessee Williamsen testu famatua Kepa Errastiren euskarazko bertsioan eman zen, eta bai Miren Gaztañagak bai Mikel Losadak paregabe jokatu zuten beren antzezpen bikainetan.

Betiere arrakasta eta kalitate handiko muntaietan, Dejabu Panpin Laborategiaren Itzulera aipatuko dugu orain. Errenteriako taldeak «autofikzio» gisa deskribatzen du bere lana, eta Mexikora egindako bidaia iniziatiko bat du oinarri, benetako antzezpenak, panpinak, bideo-proiekzioak, musika eta maketa irudimentsuak lagun. Bira polita egiten ari dira gure hiri eta herrietatik, eta Aulestiko (Bizkaia) ADEL jardunaldietan apirilean eskaini ziguten emankizuna apoteosikoa izan zen. Aulestitik irten gabe, eta lehen esandako Itzulera-z eta Miñan-ez gain, beste lan gogoangarri batzuk eskaini zizkiguten iazko edizioan. Haien artean aipatuko ditugu Mendia (Mikele Urroz, Iruñea), Artxibo biluzia (Metrokoadroka, Orereta), eta Platea (Tripak kolektiboa, Gasteiz), askoren harridura sortu zuena bere surrealismo ausart eta erreberentzia gutxiko umoreagatik. ADEL jardunaldiek beren XX. urteurrena bete zuten iaz, eta finkatuta daude aspalditik antzerkizale euskaldunen elkargunetzat.
Askoz neurri txikiagoan, iaz deskubritu genuen Portugaleteko (Bizkaia) Merkatua gune autogestionatuko mini jaialdia, baina han eman zen Udaberri azidoa muntaia fresko eta dibertigarria, Gasteizko Les Bobé-Bobé eta Makur antzerki taldearen artean egina. Espero dugu elkarlan hark eta euskarazko jaialdi txikiak aurrerantzean ere jarraitzea. Neurri handiagoan eta ondo finkatuta, Bilboko Lautan Hiru lan laburren festibala etorri zen otsailean, eta han hiru pieza borobil hauek ikusi genituen: Gilkitxarokoen Alferrak, tunanteak eta maleanteak (Aitor Garcia de Vicuña, Galder Perez eta Ane Zabala), Tartean teatrokoen Arima eta bihotza (Mikel Losada eta Anje Oregi, Jokin Oregiren testu batekin) eta Heroiaren mina (Gaizka Chamizo, Pablo Ibarluzearen zuzendaritzapean).
Estreinaldi ugari han-hemenka
Azken asteetan estreinatu dira Horman Poster eta Dxusturi taldeen Rikardo III eta ni eta Lesakako Mairu taldearen Pinpilinpauxa horiak, eta urtean zehar beste obra asko aurkeztu dira: Scrooge eta mamuak (Khea Ziater), Semaforoa (Logela multimedia), Arizona (Txalo), Renata (Loraldia jaialdia), Moko, Indalecio Bizkarrondo ‘Bilintx’ (Gorakada), Rednudes (Pikor), Aztia (Metrokoadroka), Heriotzak Eduardo du izena (Piszifaktoria), Adarbakarra (Infinitudrama), Parkingdarrak (Karrika), Kaka (Korrika kulturalaren bekaduna)... eta —guztien artean anbiziotsuena— Tanttakak Espainiako Centro Dramatico Nacional delakoarekin egindako Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?.
Bitartean, Iparraldean ez dira atzean geratu eta, Axut!-Artedrama elkarlan ezagunaz gain, beste sorkuntza batzuk sortu dituzte han-hemenka. Esate baterako, Aita, zendako?, musika, dantza, antzezpena eta abar taula gaineko ehun jokalariren esku. Eta neurri txikiagoan, horra hor Altxalili kabaret herrikoia, Baigorrin gertatua, eta Arantxa Hirigoienek sortutako Lau, teilatu gainean, Ortzaizen (Nafarroa Beherea), Larresoron (Lapurdi), Liginagan eta Dominitxainen (Zuberoa) eszenaratua izan dena. Bestalde, Itzuli konpainiako Maryse Urrutik Aretxabaletan (Gipuzkoa) antzeztu berri du Adriene Bergson-Johnson izeneko bakarrizketa bikaina, baina Iparraldearen iazko adierazpide nagusia dantzaren arloan gertatu zen, Eneko Gil koreografoak Berritza elkartearekin sortutako Maxka’roa lan harrigarriarekin.

Haiek guztiek erakusten dute euskarazko antzerkiaren bizialdi neurtua —nola dagoen bageneki...—, baina haietaz aparte, lau sorkuntza berezik edertu dute ohiko panorama. Iruñeko Jaso ikastolak bere hamahirugarren musikala —Itzalpean— aurkeztu zuen, bere ikasleek modu profesionalean prestatua arlo guztietan eta Jaso Musikala Orkestraren parte-hartzearekin; bestetik, Ekida kolektibo sozialista gazteak antzeztu zuen Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean, bilbotar poeta unibertsalaren figura alde artistiko eta politikotik errebindikatuz eta Bilboko Kafe Antzokia goraino beteta zegoela; hirugarren ekitaldi berezia Metrokoadrokak Ean (Bizkaia) behin bakarrik emandako performancea izan zen: Mundo eta Universo deitu zen, horrelakoak izan zirelako herriko bi anaiaren izenak; eta laugarrena Plentzia eta Gorlizko (Bizkaia) Busterri Herri Antzerkiak bi urtean behin plazaratzen duen obra izan zen. Isuskitza deitu zen Jokin de Pedroren testua, eta, ohi bezala, hango herrietako pasarte historikoak dotorezia handiz berrinterpretatu ziren Lirain abesbatzaren laguntzarekin eta Matxalen de Pedroren zuzendaritzapean.
Azkenik, agurraren ordua etorri zitzaion Trapu Zaharra konpainia historikoari, Azkena ta bagoaz izenburu argigarriko lanarekin. Kale-antzerkian zenbait hamarkadatan maisu eta gidari izan ostean, gure esker ona emango diegu taldearen kide izan diren guztiei gure kaleak —entrega eta eskuzabaltasun itzelez— antzerki militante, umore buruargi eta eszena paregabeekin betetzeagatik.