'NOR NAIZEN BANEKI'
Testua: Harkaitz Cano, Ximun Fuchs. Zuzendaritza: Ximun Fuchs. Aktoreak: Ramon Agirre, Garoa Bugallo, Maialen Diaz, Aline Etxeberri, Manex Fuchs, Idoia Tapia, Oier Zuñiga. Koreografia: Philippe Ducou. Argiztapena: Acronica. Musika: Xabier Erkizia. Soinua: Philippe Barandiaran, Xabier Erkizia. Non: Donostiako Gazteszenan. Noiz: Urriak 23.
Irulegiko Eskuaren aurkikuntza izan zuen Ximun Fuchsek kliskagailua Harkaitz Canorekin batera Nor naizen baneki idazteko. Tituluak ederki jasotzen du zeintzuk ditugun antzezlan honek egiten dizkigun galdera existentzialak, eta, Axut eta Artedramaren aurreko elkarlanetan gertatu den bezala, horra hor non txirikordatzen diren istorio pertsonala eta gizarte mailako gertakizun historikoak, nor naizen itauna nor garen bat bihurtzen den arte.
Oso anbiziotsua da planteamendua, arriskutsua, ahalegin handia eskatzen diena bai sortzaileei bai aktoreei. Testu egileak irudikatzen ditut kontakizunaren harien hautaketa eta laburtze lan delikatuak egiten —zergatik historiako pasarte horiek eta ez beste batzuk?—, eta lizentzia historikoak non sartuko diren erabakitzen. Antzezleak, berriz, erronka hau onartzeko prestatze lanetan imajinatzen ditut. Arizaleak bi orduko emanaldian gelditu gabe ibiliko dira rol batetik bestera, erritmo bizkorrean, garai batetik besterako denbora jauzietan momentu apartak eskainiz. Gainera, Axut-Artedramakoen lana ezaugarritzen duen abestien txertaketa inoiz baino hobeto exekutatu zuten osteguneko emanaldian. Horri dagokionez, jakin dugu Garazi Navas tartean egon dela kantu irakasle lanak egiten, eta benetan zoriontzekoa izan zen Donostiako saioan aditutako piezen kalitatea.
Iraganak gure oraina eraikitzen duen ideian ardaztuta dago Nor naizen baneki antzezlana. Axut-Artedramakoen eskarmentua jasotzen du, eta, hartara, ez da beste aurreko lanetan ibilitako xendratik ateratzen; kontrara, haien dramaturgiaren atributuak berreskuratuta, eszenografiari maila estetikoa igo diote. Horretarako, Acronicakoen argien diseinua erabili dute protagonista nagusi gisa —orain arte ikusi ez diegun tamainan—, eta horrek ikusgarritasun itzela eman dio muntatzeari. Iluntasunaren eta argiaren arteko kontraste alditsuan datza proposamena; horrek harpeetan jarduten duten arkeologo eta espeleologoen irudia zein laserraren ebaketa gogora ekarri zizkigun maiz. Antzoki batean gaudela dioskute, eta bertan arkeologoak lanean nola aritzen diren ikusten du publikoak. Azken horrek, gainera, erne egon behar du estimulu bisualez beteta dagoen oholtzari begira eta ahotsen erregistro zein euskalkien aldaketa gozagarriei arretatsu.
Badira, nire ustez, bi ideia Nor naizen baneki zeharkatzen dutenak. Batetik, historiako edozein geruza hautatzen dugula ere, emakumeen kontrako bortizkeria errepikakor azaltzen zaigula; eta, bestetik, antzerkia foro egokia dugula gure kezkak eta traumak azaleratzeko.
Ikuslea ez da aterako iritzirik gabe, eta norberak alboratuko du sobera zeukana, inporta zaionari eusteko. Nork bere interpretazioari eutsiko dio, nork bere galderei. Eta sortzaileen galderen aurrean ikusleak antzokitik beste galdera sorta batekin irtetea gauza onuragarritzat jotzen dut. Axut-Artedramakoek nortzuk diren berriro erakutsi digute, argiki erakutsi ere.