Aspalditik idazten duela oroitzen du Sara Uribe-Etxeberriak (Zumaia, Gipuzkoa, 2005), eta badaki zergatik hasi zen: «Nik uste dut, denok bezala, behar batetik tiraka hasi nintzela». Bideak poesia idaztera eraman zuen Uribe-Etxeberria, eta bide hori jorratzen ari da egun. Nahiz eta ibilbide laburra duen oraindik, emaitza handiak lortzen ari da: 2022an, Azkue literatura sarian saritu zuten, eta, 2022an eta 2023an, Urruzuno literatur sariketan —bietan poesia arloan—. Martxoan, berriz, iragarri zuten VIII. Donostia Kultura poesia saria hark eskuratu zuela, eta, horri esker, Kuntzak eta kerak bere lehen poesia liburua kaleratu du Balea Zuria argitaletxearekin.
41 poemak osatzen dute liburua. Bi ataletan banatuta dago; liburuaren izenburuari jarraikiz, lehenak Kuntzak du izena, eta bigarrenak, berriz, Kerak. Sakanako (Nafarroa) pisukide bat izan zuen idazleak, eta hari entzun zizkion lehen aldiz kuntza eta kera hitzak, itxura adierazteko. Besteak beste, fonetikoki gustatu zitzaion esapidea, eta erabaki zuen bildumaren izenbururako erabiltzea.
Bi urtetan bizi eta egindakoak baliatu ditu egileak liburuko olerkiak osatzeko: «Leku eta momentu desberdinetan idatzi ditut testuak, eta ni neu ere aldatu naiz denbora horretan». Tarte horretan idatzitako testuek nolabaiteko koherentzia izan behar zuten liburua osatzeko, eta, horregatik, erabaki zuen etxe bat irudikatzea, modu figuratiboan. Etxe horretan aritu da poemak sortzen Uribe-Etxeberria: gela «desordenatu» batzuetan, txukun dauden geletan, leiho puskatuak dituzten geletan... «Nahiko nuke edozein sartu eta irten dadila nik eraikitako etxe horretatik, ni neu aritu naizen bezala».
Galderak bai, erantzunik ez
Egileak inguruari buruzko galdera «asko» jarri ditu mahai gainean. Hala ere, aitortu du erantzun gutxi eman dituela. Uribe-Etxeberria: «Norberarekin desafiatzaile izan naiz, bai neure buruarekin baita ingurukoekin ere, gogoeta bultzatzeko». Dioenez, «garenaren eta izan nahi denaren» arteko dikotomiaren inguruan hausnartu du Kuntzak eta kerak-en; eta, besteak beste, Matrioxka izan poeman egin du hori. Zera dio pasarteetako batek: «Izendaezinak eta zenbaezinak dira/ eskuragaitz zaizkidan atzo-ak/ igandeetako leotardo gogorrak/ eta ludotekako ostiralak».
«Norberarekin desafiatzaile izan naiz, bai neure buruarekin baita ingurukoekin ere, gogoeta bultzatzeko»SARA URIBE-ETXEBERRIAIdazlea
Uribe-Etxeberria: «Emakume gazte baten ikuspuntutik idatzi dut, baina, hala ere, edozein sentitu daiteke identifikatuta». Izan ere, idazlearen eta irakurlearen arteko «erdiko puntu hori» bilatzen saiatu da. Bestalde, sorkuntza prozesuan lagungarri izan zaizkion literatur lanez oroitu da egilea. Esan du batez ere euskal poesia irakurri duela, eta Beñat Arrutiren Arkeologia haragitan lana azpimarratu nahi izan du —Donostia Kultura poesia sariko iazko saritua—. «Gustatuko litzaidake nik idatzitakoak beste pertsona batzuen akonpainamendua izatea: asko poztuko nintzateke».
«Heldutasuna»
Aritz Gorrotxategi Balea Zuria argitaletxeko editoreak kontatu du «lan konplikatua» izan dutela aurtengo sariketan. Gorrotxategi epaimahaiko kide izan da, Itxaro Borda eta Eli Tolaretxipirekin batera. Azken txanpan bereziki zaila egin zitzaien lana, maila oneko hiruzpalau proposamen eskuratu baitzituzten. Azkenean, ordea, Uribe-Etxeberriarena aukeratu zuten. Arrazoia? «Lanak arriskatu egiten zuen», adierazi du editoreak. Halaber, poemak josteko orduan izandako originaltasuna ere baloratu zuten.
Irabazlea aukeratzeko, epaimahaiko kideek itsu-itsuan irakurtzen dituzte testuak, egilea zein den jakin gabe. Duten datu bakarra hau da: 35 urte baino gutxiago dituela —sariketa adin horretatik beherakoentzat baita—. Uribe-Etxeberriaren lana ikustean, hirurek pentsatu zuten egilea den baino helduagoa zela; are, Gorrotxategi harritu egin zen idazleak 19 urte zituela jakitean: «Ezohiko heldutasuna eta batasuna dauzka eta, bai tonuari eta bai egiturari dagokienez».