SHABAKA
'Of The Earth'
Diskoetxea: Shabaka Records.
Shabaka Hutchings 1984an jaiotako jazz musikari britainiarra da, eta Londres hiriko jazz eszena berriaren protagonista nagusietako bat, 2011n Sons of Kemet taldea eratu zuenetik —banda 2022an desegin zen—. Horretaz gainera, The Comet Is Coming taldeko kide ere izan da, jazza eremu elektroniko eta psikodelikoetara eramateko asmoz. Bere saxofoia, gainera, hamaika artista eta bandarekin batera entzun da: tartean, Sun Ra Arkestra, André 3000, Mulatu Astatke eta Heliocentrics musikariekin.
Pandemia garaian, baina, saxoa eta klarinetea, bere ohiko instrumentuak, alde batera utzi, eta bestelako haize instrumentuetan zentratu zen, batez ere flautan, eta ahalegin horretatik iritsi ziren, hain zuzen, bere bakarkako lehen bi lanak, Afrikan Culture (2023) eta Perceive Its Beauty, Acknowledge Its Grace (2024), biak ala biak Impulse! jazz diskoetxe klasikoak plazaratuak.
Grabazio horiek ambient-jazz eta jazz espiritualak bustitako meditazio-bidaiak izanagatik ere, hirugarren honetan jauzi nabarmena egin du: begirada atzean paratu du, eta bere hasierako egitasmoetako eraginak hartu, eta bakarka landutako eremu gogoetatsuetara eraman ditu, orain arte plazaratu duen lan pertsonal eta arriskutsuena ontzeko; izan ere, Shabakak berak idatzi, ekoitzi, jo eta nahastutako lana da Of The Earth.
«D'Angeloren Brown Sugar izan zen erosi nuen lehen CDa, eta asko iraun duen jakin-mina piztu zuen nigan, norberak ekoitzitako eta interpretatutako album batek eskaintzen zituen aukera emozionalak tarteko. Disko hau [Of The Earth] sormenezko adierazpen askatasunari buruzko nire ospakizuna da. Pandemiaren aurretik, klarinetea eta saxofoia baino ez nekien jotzen, eta ez neukan ideiarik musika ekoizpenaz (ez nekien ezta txirula jotzen ere); beraz, ikasteko bidaia bat izan da, eta emaitza sortu den musikari buruzko hausnarketa bat da», kontatu du Shabakak.
Eta musikariak egindako lanaren fruitua zeharo emankorra da, amaierarik gabekoa, bere zabaltasunean infinituraino iristen dena. Entzunaldi bakoitzarekin batera, entzuleak hainbat lurralde bisitatzeko aukera duela antzemango du, diskoan jasotako pieza guztiak doinu izugarriak baitira bere horretan, grabazioa dozena bat diskoz osatuta egongo balitz bezala. Ez nabil esajeratzen: Shabakaren hirugarren lan hau ezin da besarkatu bere zabaltasunean.
Aipatutako pieza horiek aletuz gero, grabazioaren aberastasunak liluratu egiten du, bere oparotasunak gainezka egiten baitu. Hasteko, eta nobedade nabarmen gisara, Shabakak rap estiloan abesten du Go Astray eta Eyes Lowered kantuetan: «Inoiz ez dut rap tankeran abestu, baina André 3000ren ausardiak inspiratu ninduen, dimentsio berriak ausardiaz eta zintzotasunez esploratzen baititu; album honetan nire ahots propioa aurkitzea erabaki nuen», azaldu du Shabakak.
Diskoa zabaltzen duen A Future Untold doinua ere aipagarria da, urte eta erdi saxoa jo gabe igaro ondoren saxo hotsak azaleratzen baitira sintetizadore eta askotariko kanpai zein txilinen artetik, diskoari sarrera espirituala eransteko. Call The Power doinuan gitarrak eta perkusio tribalak entzuten dira entzulea hipnotizatzeko asmoz, eta Step Lightly-n txirula olatuak antzematen dira, erritmo-kutxak eta perkusioek eragindako lurrikararekin talka egiteko.
Hasiera berri baten estreinako urratsak nekez agertu dezake horrenbesteko indarrik eta irudimenik.