Kritika. Artea

Norberaren erara

Helen Frankenthaler artistaren hainbat lan Bilboko Guggenheim museoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Helen Frankenthaler artistaren hainbat lan Bilboko Guggenheim museoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
2025eko ekainaren 10a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

'HELEN FRANKENTHALER: araurik gabe margotzen'

Bizitzan, askotan esan izan didate ez dela posible norbaitek nahi duen guztia egitea edo erdiestea, eta gako garrantzitsua dela lortutako horretaz disfrutatzea eta horrekin zoriontsu izatea. Konfesatuko dut txikitatik arazoak izan ditudala honekin, bereziki egitekoei lotuta. Baina bizitza eta gorputza pixkanaka irakasle izan ditut lezio horretan ere, eta azken bolada luzean inoiz baino gehiago nabil horiei kasu eginez, oreka jasangarria bilatzen. Eta oreka horren parte bihurtu da bisitatutako erakusketen kudeaketa ere. Ikusi nahiaren araberako hierarkiak egiten ikasi dut, besteak beste, bereziki etxetik urrun geratzen zaizkidan horiena, eta hala, asteburu honetan Guggenheimen izan naiz, Tarsila do Amaral. Brasil modernoa margotuz eta Helen Frankenthaler: Araurik gabe margotzen bisitatzen. Ez galtzekotzat neuzkan bi erakusketak, egile horien lanak hemen ikusteko dugun zailtasunagatik. Lehenaren ateak hilaren lehenengoan itxi ziren, baina bigarrenaz gozatzeko aukera franko badago oraindik.

Oker ez banago behintzat, bigarren aldia da Frankenthalerren lanak Bilbora iristen direla banako erakusketa formatuan. Lehen aldia 1998an izan zen, instituzioa inauguratu eta urtebete eskasera: Mendiak eta itsasoa ondoren; Frankenthaler 1956-1958. Pentsatzen dut asko gogoratuko direla oraindik ordukoaz, baina nik ez nuen artearekiko zaletasuna garaturik oraindik, ezta nire gurasoek ere, eta museoetara erakusketak ikustera joatea ez zen gure agenda betetzen zuen ohitura. 

Oraingo proposamena ikusteko irrikaz nintzen, beraz. Erakusketa atzera begirakoa da: artistaren bizitzako eta ekoizpen artistikoko zenbait unetan geldialdia eginez haren ibilbidea kronologikoki zeharkatzen duena; lehen urteetatik hasi eta azkenekoetaraino; mihise gaineko lanez gain, paper gainekoak eta zenbait eskultura ere aurkezten dituena.

Ongietorria eskuinetara gelditzen den Didaktikako gelak egiten du: kronograma batez inguratuta, artista protagonistatzat daukan hamar minutu inguruko ikus-entzunezkoarekin. Bereziki interesgarria da ikus-entzunezkoa, Frankenthalerren eskutik haren unibertsora sartzeko ateak irekitzen baititu, haren lana ulertzeko zenbait gako ere eskainita. Kronograma, ordea, nahikoa errepikakorra gelditzen da, bertan agertzen diren daturik gehienak ondoren erakusketan bertan agertzen direlako, eta badirudielako Frankenthalerren lana balioztatzeko ezinbestekotzat jotzen dela artistak bere garaiko gizonezko artistekin izandako harremana eta haien lanarekiko eragina azaltzea, izen horiek aretoan hartzen duten protagonismoagatik. Baina hori, hein batean, erakusketaren isla delakoan nago; izan ere, azken honetan, Frankenthalerren lanen artean, Pollocken pintura bat David Smithen eskultura bat eta Anthony Caroren beste bat baitaude; erakusketari ekarpen esanguratsurik egin gabe, anekdota hutsean gelditzen direnak, argi baitago mostraren helburua ez dela Frankenthaerrek beste artistekin izandako harreman eta eraginetan sakontzea —era berean, interesgarria izan zitekeena—. Eta nahiz eta Didaktikaren aretoan besteak beste 1963tik aurrera Anne Truitt eskultorearekin izandako posta trukearen garrantzia aipatu, ez dut uste kasualitatea denik haren lanik ez ekartzeko hautua egin izana.

Dena den, erakusketako protagonismo nagusia Frankenthalerren lanek hartzen dute, dagokien eran. Lehenengo aldia zen haren lanak aurrez aurre ikusten nituena, eta ahaztuko ez dudan esperientzia izan zen. Kolorez beteriko gainazal ikaragarriek ikuslea barneratzen dute, begiz, gorputzez eta —esatera ausartuko nintzateke— baita sentikortasunez ere. Lihozko gainazalak, hasieran pigmentuaren euskarri ziren horiek, obra bihurtzen dira artistaren eskuetan, hark garatutako pigmentu urtsuen teknikaren aplikazioaren bidez, ehunak berak koloreztatzen dituelarik. Baina era berean, tratatu gabeko ehun zatiak mihisean agerian gelditzen direnean, koloreztatutako eremuekiko tentsio eutsiak sorrarazten ditu, eta euskarria inoiz baino agerikoago bihurtzen da. 

Helen Frankenthalerrek berak esanda, bere erara egiten zuen lan, programatutakoaren eta ezustekoaren artean dantzan, keinu eta pentsamendu kontzientearen artean; ordura arteko pinturaren mugetatik askatuz, eta lurrean margotuz: goi, behe, ezker edo eskuinik gabe, libre. 

Erakusketan ikusten denez, denborarekin obrak txikituz joan ziren tamainaz, seguruenik zahartzaroari lotutako mugimendu mugei lotuta. Baina hala ere, giza izateari loturiko edertasun transzendentalaren bilaketan jardun zuen amaieraraino, bere erara eta gure gozamenerako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.