Doinu goibel eta intimoz jositako bilduma, buru barneko zaratak isilarazteko saiakera, eta argia eta itzala elkartzen diren lekua da Ixaberen Zure estoldetan disko berria, taldeko musikarien arabera. Bederatzi kantuz osatua da, eta introspekzioak ditu gai nagusi gisa, Xabi Bizkai kantari eta musikariaren hitzetan.
Hiru urte pasatu dira Antena baita diskoa karrikaratu zutenetik, eta, Bizkaik zehaztu duenez, hitzak idatzi eta kantuak grabatzeko tenorea heldu bitarte urtebeteko prozesua egin dute taldeko kideek. Hitzei «garrantzia» eman nahi izan diete, eta, nagusiki, Leonard Cohenen eta Bob Dylanen «poetikotasunera eta iluntasunera» jo dute kantuetako hitzak idazteko inspirazioa atzemateko.
Hala, norberaren «barneko estoldetan» gordetzen diren bizipenak hitzetara ekartzeko ariketa egin du Bizkaik, bere oroitzapenetatik eta bizipenetatik abiatuta. «Barnean gordetzen ditugun gauzak, baratze sekretu hori ikuskatu izan nahi izan dut, eta, azken finean, gai aski unibertsalak atera zaizkit, beldurra, heriotza, osasun mentala eta maitasuna, bertzeak bertze».
Kantu «malenkoniatsuak»
Diskoaren izen bereko kantuak «ontsa» finkatzen du bildumaren izpiritu «beltz eta malenkoniatsua». Gainera, diskoko bertze musika batzuetan bezala, osasun mentala jorratu nahi izan du Bizkaik, eritasunak bere ibilbidea markatu ziolako. «Garai batez, eritu nintzen, eta horrek markatu ninduen. Biziki klixea da hori erratea, baina uste dut terapiarako tresna izan dela kantuak idaztea, azken finean». Izan ere, kantuaren hitzek ere agertzen dituzte zulo beltzetik ateratzeko zailtasunak. «Zure estoldetan erraietan korapilatua/ zure estoldetan, zokoetan kurubilkatua/ zure estoldetan, sekretu lizunak arratoiak dira».
Ixabekoek ez dute «ongi» pasatzeko musika egin nahi izan, baizik eta iluntasunak eman dezakeen «mamia eta edertasuna» azaleratzeko hitzak eta doinuak. Biziaren hauskortasunaren barne dira norberak izan ditzakeen beldurrak. Txinparta eta Alegia deus ez kantuetan hori islatu dute, klima larrialdiaren beldurrarekin egiten den salerosketa salatu nahi izan baitute neurri batean. «Beldurrak errealak dira, baina noraino? Bizitzen ari garen egoera larria da, baina apokalipsiarekin egiten den komertzioa beldurrak elikatzeko baliatzen dute».
«Beldurrak errealak dira, baina noraino? Bizitzen ari garen egoera larria da, baina apokalipsiarekin egiten den komertzioa beldurrak elikatzeko baliatzen dute»
XABI BIZKAI Musikaria eta kantaria
Gainerateko kantuetan, orokorki, maitatzeko orotariko manerak eta maitasunaren alde ilunak azpimarratu nahi izan ditu Bizkaik. Kantu hauek ez ditu bizipen propioetarik bakarrik idatzi, baizik eta ingurukoei pentsatuz eta haiekin dituen harremanei buruz gogoetatuz. Bertzalde, herri kantuetatik inspiratu dela kontatu du, maitasunari egin erreferentzia «anitz» atzeman baititu bertan.
Grabaketa «magnetikoa»
Ixabekoen azken lana sailkatzekotan, rock progresiboaren, folkaren eta 1990eko hamarkadako doinuen bidetik jotzen duela esan liteke. Usopop Diskak zigilupean atera dute, Berako (Nafarroa) Atala estudioan grabatu ondotik. Bixente Eiherabide bateria jotzaileak nabarmendu duenez, nahiz eta Bizkaik idatzi hitzak, talde lan handia izan da diskoa osatzeko tenorean, eta musikalki urrunago joan nahi izan dute aldi honetan. «Soinu sintetikoei eta pianoari leku handiagoa eman nahi genien, estetika hori aitzinean eman nahi baikenuen. Hein batean lortu dugu, eta guk dakiguna egin dugu».
«Soinu sintetikoei eta pianoari leku handiagoa eman nahi genien, estetika hori aitzinean eman nahi baikenuen. Hein batean lortu dugu, eta guk dakiguna egin dugu»
BIXENTE EIHERABIDE Bateria jotzailea
Banda magnetikoaren bidez grabatu dute diskoa, hamar egunez, Iñigo Irazokiren estudioan. Eiherabideren arabera, ordenagailua grabaketatik kanpo utzi nahi izan dute, kantuak ahal bezain «garbiki» harrapatzeko eta grabatzeko. Kontzentrazio handiagoa galdegin die horrek musikariei, akatsak egiteko leku guti uzten baitu banda magnetikoak. «Biziki kontzentratuak ginen denak, grabazio mota horrek musika jotzen duzun bezala harrapatzen baitu eta, beraz, zuzenean egiten dituzun akatsak ere biltzen baititu».
Emaitzarekin kontent agertu dira taldeko kide guziak. Berriki Durangoko Azokan diskoa presentaturik, kontzertuak jotzeko bertze hainbat data lotu dituzte, baina Eiherabidek zehaztu du publiko jakin batentzat bideratu nahi dituztela kontzertuak, ez baita «besta» egiteko diskoa.