Nerabe zenetik idazten du Jone Bordatok (Hazparne, Lapurdi, 1984), baina «inongo asmorik gabe». Hala ere, idazketarekiko harremana pixkanaka «egosiz» joan zaiola aitortu du; hain pixkanaka, non orain izan baitu bere lehen liburua kaleratzeko aukera: Erroen izerdia. Elkar argitaletxearekin plazaratu du hiru ipuin luzez osatuta dagoen lan hori, eta gaur aurkeztu du, Donostian.
Filosofia ikasketak egin zituen Parisen eta Donostian, eta irakasle ere izan zen hiru urtez Baionako Bernat Etxepare lizeoan. Energetika txinatarraren bidea ezagutu zuen, baina —akupuntura besteak beste—, eta, irakaskuntza utzita, horretan dihardu gaur egun. Aspalditik idatzi eta berriki liburu bat kaleratu badu ere, Bordatok ez du bere burua idazletzat hartzen: «Idazle baino gehiago, erranen nuke betidanik irakurle izan naizela». 27 urte zituela —2012an— idatzi zuen liburuko lehen ipuina, Ana, eta hori mugarri bat izan zen harentzat: «Lehen aldiz pentsatu nuen irakurle bat izanen zuela ipuinak, eta beste manera batean idazten hasi nintzen». Handik bi urtera idatzi zuen Ibilaldia. Hirugarren eta azken ipuina da berriena (Zapi beltzaren ezkutuan), eta libururako berariaz idatzi du.Â
Hiru ipuinak independenteak dira. Egileak esan du elkarren «arras desberdinak» direla, baina, hala ere, bada hiruak elkartzen dituen «hari gorri bat». Kontakizunetako pertsonaiek askapen prozesuak bizi dituzte; bizipen desberdinak izanik ere euren bizitzan aldaketa bat egitera bultzatuko dituzten gauzak gertatuko zaizkie eta. Bestalde, Bordatoren esanetan, leialtasunarekin duten harremana ere kolokan jarriko da: «Batzuetan, leial izan beharko dute, eta, beste batzuetan, beren buruari leialago izateko askatu behar dietela ikusiko dute». Askapen eta leialtasun horri lotuta sortu zuen liburuaren izenburua idazleak, bi kontzeptu horiek norberaren erroei zuzenki lotuta daudela ulertuta. Haren ustetan, erro horiek bakoitzaren hautuak baldintzatzen dituzte —«erro batzuk gure baitan gordetakoak dira, oraindik ikusi gabekoak»—.
Doluak eta metaforak
Ana da lehen ipuineko protagonista; neska gazte bat da. Bikotekidearekin zuen harremana uztea erabaki du, eta kosta egingo zaio egoera berrira egokitzea. Anaren barne ibilbidea izango da kontakizunaren ardatza; haren kezkak, zalantzak, erabakiak eta gogoetak. Ipuin bat izanda ere, hiru ataletan banatuta dago istorioa, protagonistak bizitako unearen arabera —Dolua, Bakardadea eta Bilakaera—. Egileak gaineratu du istorioa idazten hasi zenean protagonista zuela une oro buruan, eta horren arabera joan zela kontakizuna osatuz: «Ez nuen planik: ez nekien nora nindoan».
«Denbora batez, baztertua izan nuen berriro idazten hastea, eta, honi esker, berriro heldu diot; hori bilatzen nuen»JONE BORDATO Idazlea
Ibilaldia-n, izenburuak dioen moduan, mendi ibilaldi bat da ipuinaren haria. Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak azaldu duenez, pertsonaiek ibilbide fisiko bat ez ezik ibilbide psikologiko bat ere egiten dute. Lehen pertsonan idatzita dago, eta kontakizuneko narratzaileak Alejandro deitzen den andaluziar batekin topo egin ostekoak kontatzen dira bertan. Alejandrok, ibilaldiak iraun bitartean, galdera batzuk plazaratuko ditu, eta protagonistari bere buruaren gaineko hainbat gauza zalantzan jarriko zaizkio. «Talde nortasunari eta adiskidetasunaren izaerari buruzkoak» dira galdera horiek, Bordatoren esanetan. Mendian girotuta dago Ibilaldia, egileak harekin duen harremanak bultzatuta; haren ustez, mendiak ondo adierazten du norberaren barne ibilbidearen metafora.
Hirugarren eta azken ipuina da denetan luzeena. Amaia protagonista Euskal Herritik kanpo bizi izan da urte luzez, eta, etxera itzultzea erabakitzean, bere ahizpa Mirentxurekin duen harremana berreskuratzen saiatuko da. Biek ala biek familiako sekretu bat gordetzen dute, eta hartaz askatzeko asmoz jotzen du Amaiak ahizparenera. 80 orrialde pasatxoko ipuina da, eta, lehenaren gisan, atal laburretan banatuta dago —hamasei guztira—.
Idazteko manerak
Lehen bi ipuinek hamar urte baino gehiago dituzte, eta Bordatok berrikusi eta moldatu egin ditu liburuan sartzeko. Oroitu du garai hartan zituen galderei tiraka idatzi zituela, eta azaldu du orain idatzi izango balitu agian ez zirela gai horien ingurukoak izango. «Enetzat, bi ipuin horien argitaratzea hirugarren bat idazteko aukera ere izan da». Hiru kontakizunak idazteko modua «biziki» aldatu da egilearentzat. Ana eta Ibilaldia hasi eta buka segidan idatzi zituen, nora zihoan oso ondo jakin gabe, «esaldi bat idatzi eta hariari tiraka». Zapi beltzaren ezkutuan-en kasuan, ordea, bazekien nondik eta nora jo, eta istorioko atalak banaka idatziz joan da, eta gero horiek puzzle bat bezala elkartzen.
Erroen izerdia kaleratu berri, Bordatok ez du beste istoriorik buruan, oraingoz. Hala ere, azken ipuina idaztean sentitutako «plazera» gogoan izanda, argi du idazten segitu nahi duela. «Denbora batez, baztertua izan nuen berriro idazten hastea, eta, honi esker, berriro heldu diot; hori bilatzen nuen».