Kritika-Antzerkia

Nork hartu nahi du hitza?

2025eko abenduaren 10a
04:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

'DĂ©mokratie! Un spectacle dont vous pourriez Ăªtre les hĂ©ros’

Testua eta eszenaratzea: Christophe Pebarthe. Aktoreak: Christophe Pebarthe, Barbara Stiegler. Aktoreen zuzendaritza: Jean-Marie Broucaret. Dramaturgia: Marie Duret-Pujol. Eszenografia: Clemence Kazemi. Argiak: Jeremie Papin. Lekua: Baionako Michel Portal antzokia. Eguna: Abenduaren 6a.

Ahaztezina benetan antzokian bizi izan duguna Barbara Stiegler filosofoaren eta Christophe Pabarthe historialarien eskutik. Ikusitakoaren arabera, biak ala biak demokraziaren higaduraren kontrako militante sutsuak direla esango nuke nik. Biak irakasleak eta biak aktore bihurtuta. Bakoitza bere jakintza arloan, puntako adituak dira, eskuzabalak, zorrotzak, azkarrak, azalpen argikoak eta, gainera, arizale onak eszenatokian.

Hasierako eszenan ikasleen asanblada bat irudikatu dute. Hastapena galdera bat izan da. «Nork hartu nahi du hitza?» Orduantxe hasi da euren antzezpen bikaina, eta baita ere, supituki, isiltasun deserosorik gabe, aretoko argiak piztuta, publikoaren lehenbiziko parte hartzea. Eta diktadurapean hazitako gipuzkoar hau harrituta guztiz. Pebarthek «Gure historia greziarrekin hasten da. Ados zaudete?» galdera bota du, eta horri erantzuteko prest dago publikoa. Ikusle batek, esaterako, gu definitzeko eskatu dio, beste bat euskaraz aritu da (eskerrik asko) eta hizkuntzaren auzia hizpide bihurtu du. Gu nor garen erabaki politikoa dela aditu dugu. Antzezlanaren hasiera indartsu zetorren, eta segida ere horrelakoxea izan dugu.

Gauzak horrela, ez pentsa, faborez, emanaldiari antzerki-izaera falta zaiola. Dramaturgia oso landuan aritzen dira, erritmo azkarrean gainera. Asanblada eta gero, DĂªmos-Kratos zer den argitzeko edota ezaugarritzeko mintegiak, irrati saioak, Gabonetako afari bat, eskolak, kantak, off ahotsak eta liburu aurkezpen bat antzeztu dituzte, besteak beste. Halaber, eszena pare batean kozinatzen ibili dira, beste batean baklavak banatu dizkigute, betiere, sinplekerietan erori gabe. Eta bitartean gu barrez, geure burua errekonozitzen, hausnarketan eta saminduak.

DĂªmos-Kratos posible al da? Herriarentzako herriaren boterea egingarria da? Jaka horien mugimenduaren diskurtsoa ere jomugan izan dugu une interesgarrienetako batean. Les bobos-ek, progreek bere egin dute haien aldarrikapena? Koronabirus aldiaren testuingurua ere baliatu dute erabakiak nork norentzat hartzen dituen planteatzeko.

Populismoaz, neoliberalismoaz, astirik ezaz mintzatu dira pertsonaiak; ordezkaritza bidezko demokrazia zenbaterainoko demokrazia den planteatu dute. Herriaren boterearen delegatzea utzikerian erortzen bada? Eta demokrazia absolutismo bilakatu bada? «Kreonte ala Antigona, zu nor zara? Desobeditzailea ala..?», galdetu diote publikoari. Intentsitate dramatikoa ez da baretzen. Eta ikusgarria bi ordura iritsita, lagun asko agertu dira prest azken asanbladako galderei erantzuteko.

Antzerkia mukuru beteta zegoen; 400 lagun inguru sartzen omen dira Michel Portal aretoan. Pebarthek eta Barbara Stieglerrek bi saio eskaini dituzte Baionan, eta, beraz, gutxi gorabehera 800 pertsona inguru bidali dituzte etxera, gutxienez pentsakor, eta gehienez kontzientzia astinduta, aldatuta. Eta amaieran gu serio, geure burua errekonozitzen, hausnarketan eta saminduak. Badugu zer pentsatua, eta, bai, asko daukagu konpontzeko.

Azken txaloaldian jende gehiena zutik zegoen. Ene!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.