Ana Arsuaga.
Bi ahotsetara

Nuno

2025eko abenduaren 14a
04:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Coruñan daukat kontzertua, azkenekoa oporrak hartu baino lehen. Berezia izango da, Grande Amore taldearekin zuzeneko kolaborazio bat egingo dudalako. Behin nire kontzertua bukatuta Un sol claro Nuno abeslariarekin interpretatuko dut, eta, ondoren, Ti máis eu abestuko dut, eszenatokian talde guztiak jotzen duen bitartean.

Hau whatsapp audioen bidez hitz egin dugu, inoiz ez dugu elkarrekin jo, eta ez dugu elkar ezagutzen. Ideia kontzertua programatu duenarena da.

Coruñan, ordubetean prestatzen ditugu abestiak entsegu areto batean. Bertan ezagutzen ditut guztiak, abeslaria, teklista, baxu jolea, bi gitarrista eta bateria. Uste nuen hiru zirela, eta badirudi baietz, baina formatu horretan haien lehenengo kontzertua omen da. Lotsa apur bat sentitzen dut, hainbeste jende baitago alde batean, eta bestean ni bakarrik nago.

Guztiak oso jatorrak dira, elkarren artean giro ona daukate, gehienak ni baino gazteagoak dira, eta energia hori nabaritzen dela esango nuke. Batak besteari adarra jotzen dio… Nostalgia eta inbidia sentitzen ditut, Serpienten nengoen garaiez gogoratzen naiz.

Abesten hasten naiz, horretarako, izan ere, geroz eta lotsa gutxiago baitaukat. Garrasi egitea pentsatu dudan lekuan garrasi egiten dut, lirikoagoa denean leunago abesten dut… kontzentratuta, besterik gabe. Ezagutu bezain laster txantxak ez ditut erraz egiten, ezta espontaneotasunez jokatu ere, baina kantatzen bai, behar den tokian sentitzen naiz. Zergatik izango ote da hori? Askotan, txorietan pentsatzen dut. Batzuek abesten dute, beste batzuek ez.

Nuno urduri jartzen da, esaten du berak ez dakiela, berez, abesten, eta nire kantua okerragoa egingo duela bere esku hartzearekin. Barre egiten dut, eta ez kezkatzeko esaten diot. Han gelatxoan bera bakarrik geratzen da, behin eta berriz bere zatia errepasatzen, gaixoa.

Pentsatzen dut niri teoria musikalarekin gertatzen zaidan bezala pasatuko zaiola; ez dudala lortzen lengoaia hori naturalizatzea, eta, beraz, uste dudala ez naizela musikari bat bere osotasunean. Baina, kanpotik, desberdin ikusten da. Eszenatokian gaudenean, altuan esaten ditu horrelakoak, antzokian barreak entzuten dira, baina jotzen hasten denean, banda horrekin, entzuten dena eta haien jarrera boterez kargatuta daude. Nola azaltzen da hori? Zer izango da?

Txori batzuek kolorezko lumak dauzkate, beste batzuek ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.