O’Funk’illo eta musika beltzaren beste hainbat erreferentzia izango dira Gasteizko Aztarna Beltza jaialdian

Ostegunetik igandera egingo dute jaialdiaren zortzigarren aldia, eta Gasteizko Aihotz plazan izango dira kontzertu nagusiak.

O’Funk’illo taldeak larunbatean egingo du zuzenekoa. DARKMOMO
O’Funk’illo taldeak larunbatean egingo du zuzenekoa Gasteizen. DARKMOMO
edurne begiristain
2026ko ekainaren 29a
13:56
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko Aztarna Beltza jaialdiaren zortzigarren aldiak berritasunak izango ditu. Musika beltzaren jaialdiak kokalekua aldatuko du: Aihotz plazan egingo dituzte kontzertu nagusiak, «soinuaren kalitatea hobetu eta publikoarentzat leku handiagoa» izateko asmoz, antolatzaileek adierazi dutenez, eta, uztailaren 2tik 5era egingo dute, ohi baino lehenago. Kontzertu guztiak doakoak izango dira. 

Aztarna Beltzak musika beltzaren sustraiak, tokiko talentua eta nazioarteko proposamenak uztartuko ditu aurten ere. Aldi honetako izen nagusietako bat O’Funk’illo izango da. Andaluziako taldeak (Espainia) 25 urte baino gehiago bete ditu oholtza gainean, eta orain arteko ibilbidea ospatzen ari da han-hemenka; uztailaren 4an ariko da Gasteizen, larunbatarekin, 13:00etan hasita. 

Beauty Spot & Father Alien taldeak abiatuko du jaialdia, ostegunean. Nagore Garcia abeslari, konpositore, dantzari eta ekoizlearen proiektu artistikoak funka, hip-hopa, soula eta housea uztartzen ditu. Falerina lorategian ariko da, 19:30ean hasita. 

Ostiralean, Kloy MC eta DJ saioak izango dira protagonista arratsaldean. Gauean, berriz, Helen Helen eta Ay Trick taldeen kontzertuak izango dira Aihotz plazan. Azken horrek soularen, funkaren eta hip-hoparen arteko nahasketa ekarriko du, James Brown, Rick James eta Princeren eragina ere tartean dela.

Larunbatean, O’Funk’illoz gain, beste hainbat proposamen ere izango dira jaialdian: Soul Cream talde instrumentalak soul, funk, blues eta jazz doinuak ekarriko ditu; Erro Berriak proiektuak, reggaea eta jamaikar erritmoak; eta The Sweet Vandals talde madrildarrak, funk-soularen indarra. Gauean, Keb Darge DJ eskoziarra arituko da, eta northern soul, garage eta deep funk doinuak zabalduko ditu.

Igandean, berriz, Goizargi Gospel Choir arituko da, eta, gero, Dr Risi DJaren saioa, Magufada taldearen ikuskizuna eta The Allnighters talde gasteiztarraren kontzertua izango dira. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA