Bonnie Prince Billy musikari ipar amerikarrak Ohea lotarako da kanta izenburuaren hitzekin hasten badu ere, kantaren hurrengo bertsoek desegiten dute definizio kategoriko hori. Lo egiteaz beste egiteko da ohea. Hain zuzen ere, kantak ez du egiten agindutakoa.
Literaturak ere maiz ez du egiten hasiera batean agindutakoa. Ray Lorigaren azken nobelaren amaierak desegiten du nobelaren abiapuntua. Tim (Alfaguara, 2025)nobela laburra da, itxuraz tramarik gabekoa. Lorigak elkarrizketetan aipatu izan du korapilo narratiboan oinarritzen ez zen nobela bat idatzi nahi zuela. Hori esanda, nobelak badu trama moduko bat: ahots narratiboaren identitatea zein den jakin nahi du irakurleak. Trama identitarioaz gain, nobela ohe batean gertatzen da. Protagonista ohean dago, ez dakigu zergatik, berak ere ez daki, eta jakin-min hori izango da irakurketaren erregaia.
Nobela hiru ataletan dago banatua; atal bakoitzak, ordenari jarraituz, Tim izenaren letra bat dauka izenburu, eta amaieran soilik ulertzen dira atalen etiketak: Tim hori T.I.M. gisa agertzen denean.
Loti sortzaileak
Hainbat idazlek idatzi du ohean; esate baterako, George Orwellek eta Marcel Proustek ohean idazten zuten. Ohean amesten dugu, eta lo-kuluxketan erdi lo eta erdi esna egotearen arteko trantzean irudimena pitz daiteke. Ez da hain harrigarria John Lennonek eta Yoko Onok ohean zeudela proposatu izana arras utopikoa zen bakearen aldeko protesta hura. 1969an Amsterdamen egin zituzten lehenengo bi bake-ohe performanceak, eta segidan Montrealen. Ohe egonaldi saio horien emaitza Eman aukera bakeari kanta izan zen. Iraultzarik ederrenak ohean gauza daitezke. Bizitza bertikalki edota horizontalki bizi daiteke. Sylvia Plath poetak Bertikala naiz poema idatzi zuen, eta aurrenengo bertsoan gehitu: «baina nahiago horizontala izan». Tim nobelan bizitza horizontala narratzen da, eta protagonistak, bere burua zein den jakin gabe, memoria eta bizipen anitz dakartza ohera: haurtzaroko jostailuaren memoria, helduaroko parrandak, maitasunaren xamurtasuna. Zalantzak ditu gordetako irudi horiek diren ala ez; bere buruan Tim da, eta aldi berean ez da Tim. Azken finean, idazleak besteen memoriak bereak balira bezala bizi ditu, eta memoria lanetan badirudi Tim pertsonaia idazle izan zitekeela.
Richard Foreman antzerkigileak (New York, 1937-2025) esan zuen istorioek egia estaltzen zutela. Trama mekanikoez haratago, elementu poetikoez baliaturik egiaren bila aurrera doa ahots narratiboa. Aurrenengo atalean Timek Calderon de la Barcaren Bizitza amets (1635) antzezlanean Segismundo pertsonaiak bizi duenaren antzeko ataka bizi du, ez baitaki antzematen zer den erreala eta zer ez. Ohean etzanda, memorien lurraldeak bakarrik dirudi erreala. Lorigak esan arren ideia identitarioaren aurka idatzi duela Tim, bukaerako twist-ak kolokan ipintzen du egilearen intentzioa.
Sehaska kantatik herio ohera
Gaztetako Ray Loriga (Madril, 1967) oso modernoa zen; zahartzaroan, itxuran bederen, John Ford zinemagile ipar amerikar pirata partxeduna dirudi. Gazte hasi zen argitaratzen, argitaletxe handi baten babesarekin, eta hasierako ibilbide arrakastatsuak bazuen arriskurik; Oscar Wildek zioena aintzat hartzen badugu, ez baita komeni modernoegia izatea bat-batean ez zaharkitzeko. Eta, paradoxikoki, zahartzaroan idazle biziki interesgarria bihurtu da Loriga. 2019an tumore bat aurkitu zioten buruan, eta ebakuntza arriskutsuan hil zorian izan zen. Ordutik estaltzen du begia partxe batekin. Baina idazleak ez zuen begia galdu: begiari eutsi zion, baina ondo enfokatzeko gaitasuna galdu zuen ebakuntzan. Begi hori estaliz, begi bakarrarekin ondo ikus dezake, zorabiatu gabe. Ironia fina da bere begirada eta luma galera horrekin zorroztu izana.
2023an, Cualquier verano es un final nobela plazaratu zuen. Azaletik irakurrita, heriotzari buruzko narrazio bat da, baina, Elizabeth Bishop poeta ipar amerikarraren (Massachussetss, 1911-1979) hasierako aipua dela medio, detaile xumeen garrantzia azpimarratzen da. Arreta detaile xumeetan jarriz, bi gizonezkoren arteko adiskidetasun estua kontatzen da. Luizek, osasun arazorik izan gabe, Suitzan bere bizitzari amaiera eman nahi dio; Yorickek, aldiz, tumore bat gainditu ondoren bizitzari sutsuki eusten dio. Bizitzaren eta lasaitasunaren gorazarrea eskaintzen da ―zehazki lasaitasunarena eta ez zoriontasunarena―, Lisboa ederreko kaleetan zehar heriotzatik desbideratuz. Istorioaren azpian dagoen egia aurkitu nahi da: patxada, adiskidetasuna, maitasunaren adierazpena, galeraren artea eta zaintza. Umorez, une oro trufatzen da Yorick bere buruaz eta ordura arte inguratu duen banitatearen azokaz.
Elizabeth Bishopek Artea poeman etengabeko galera gisa deskribatzen du bizitza —euskaraz Leire Vargasen itzulpen ederra dago sarean eskuragarri: «Galdu zerbait egunero/ Egin bakea galdutako giltzen aztoramenarekin/ alferrik galdutako orduarekin/ Ez da zaila menperatzen galtzeko artea»—. Poeman proposaturiko ars vivendi modukoa galera estilo elegantean gobernatzea litzateke, nahiz eta ez izan beti posible. Minaren eta dotoreziaren arteko ezinezko oreka ironia finez lantzen du Bishopek. Antzeko oreka-jokoa dago Cualquier verano es un final narrazioan. Heriotzak errotik zeharkatzen du Tim ere. Formalki oso bestelakoa bada ere, kontakizunean aurrera joan ahala, heriotzak garrantzi nabarmena du. Lou Reeden Halloweeneko desfilea kantaren bertsio librea giltzarri da hirugarren atalean, poetikoki heriotzaren zantzuak aurkeztuz. Bizitzaren aulki jokoan urtetik urtera zein falta den kantatzen du New Yorkeko musikariak, eta Ray Lorigak Timi dakarkio irudi hori basoa zeharkatzerakoan. Halloweeneko ospakizunen ordez inauteriarenak antzematen ditu Timek bertan. Badu kontakizunak barroko espainiar zoragarriaren eragina, hala nola baso horrek Quevedo handiaren errautsak bere dituelako.
Oheek ere bizitza kontatzen dute, eta ohe kontalari horiek ez dira egungo Ikeako ohe xixtrinak, baizik eta antigoaleko egurrezko ohe sendoak, zeinek bizitzaren zikloa bere adierazpen guztietan, hasieratik amaieraraino, babesten zuten: ametsak eta haurtzaroko jolasak, sexua, erditzea, eritasuna eta herioa. Ohea lotarako da, eta ez da.