Zabaltegi-Zuzendari Berriak saileko ustekabe atseginenetako bat eman du Los colores de la montaña film xumeak. Zinema Eraikitzen sariari esker burutu ahal izan du Carlos Cesar Arbelaez kolonbiarrak bere lehen film luzea. Mendian, hiritik urrun bizi diren hiru umeren arteko adiskidetasun istorioa kontatzen badu ere, testuinguruan Kolonbiako errealitate politikoa eta indarkeria azaltzen dira, Hego Amerikako herrialde horretako beste hainbat filmetan bezala. «Pelikula honen ideia Atrás de la montaña film laburretik sortu zen. Mendiaren atzean zer zegoen ikusi nahi zuen haur baten istorioa zen, baina pixkanaka Kolonbiako errealitate politikoa istorioan sartzen hasi zen, oso errealitate gogorra delako».
Bi urte haurren bila
Manuel, Julian eta Poca Luz La Pradera auzunean bizi dira. Manuel futbolean jolasten da egunero, baina egun batean minaz beteriko zelai batera eroriko da eta hura berreskuratzen lagun diezaioten konbentzituko ditu Julian eta Poca Luz. Aktore lana egingo zuten hiru haurrak aukeratzea izan zen zailena; bi urte eman zituzten haien bila, eta 3.000 haur inguru ikusi zituzten. Gainera, albino bat behar zuten Poca Luzen rolerako.
Hiru aktoreak herri ezberdinetakoak izanik, zuzendariak arreta berezia jarri zuen filmatzen hasi aurretik harremana izan zezaten euren artean. «Hirurak lagunak izatea nahi nuen, adiskidetasuna modu alaian eta zoriontsuan eraikitzeari buruzko pelikula delako», azaldu du Arbelaezek. Bortizkeria inguru batean bizi arren, etorkizunari begiratzen diote hiru haurrek. «Kolonbian ohetik jaiki orduko begiratzen diogu etorkizunari, iragana eta oraina oso zailak eta gogorrak direlako», zehaztu du zuzendariak.
Etxetik alde egin behar izan duten familien gaia ere ukitzen dufilmak -lau milioi herritar daude egoera horretan-. Hirietan bizi diren herritarrei zuzenduta ere badago filma. «Landako bizitzaren egunerokotasuna azaldu nahi genien, ikus dezaten zer ari diren galtzen».
DONOSTIAKO 58. ZINEMALDIA
«Ohetik jaiki orduko geroari begiratzen diogu Kolonbian, oraina oso gogorra baita»
Bortizkeria testuinguru batean, haurren arteko adiskidetasuna jorratu du 'Los colores de la montaña' filmak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu