Antzerkia

Oihane Enbeita, Andoni Gartzia eta Eneritz Zeberioren 'Lua Kastore' proiektuak eskuratu du Joseba Jaka beka

Antzerki sorkuntzari zuzenduta egon da aurtengo Joseba Jaka sorkuntza beka, eta bederatzi sormen lan aurkeztu dira orotara. Irabazleek urtebete izango dute orain antzezlana garatzeko.

Andoni Gartzia, Eneritz Zeberio eta Oihane Enbeita, gaur, Donostian.
itziar ugarte irizar
2018ko apirilaren 13a
13:35
Entzun

Lua Kastore protagonistaren barne bidaian oinarrituko da Oihane Enbeitak, Andoni Gartziak eta Eneritz Zeberiok garatuko duten antzezlana. Ma kolektiboko kideak dira hirurak, eta taldearen lehen urratsetan jaso dute Elkar Fundazioaren beka. Antzezlanaren sormen prozesuaren hasieran daude oraindik, eta egin asmo dutenaren lehen zertzelada batzuk aurreratu dituzte: diziplina anitz eta "sinbolo geruza" ugari uztartuko dituzte, eta planteamendu poetiko batean oinarrituko da ikuskizuna. Gorputzaren, hitzaren, soinuaren, irudiaren eta beste adierazpenen artean "sinkronia lan bat" egin nahi dutela zehaztu du Zeberiok, testuaren gainean lan egitera mugatu gabe.

Protagonistaren "kontzientzia anatomikoa" izango da antzezlanaren ardatzetako bat, eta gai hori bera eta dramaturgia proposamenaren izaera "berritzailea" nabarmendu dute epaimahaikideek. Agurtzane Intxaurragak, Iratxe Retolazak eta Jaime Valverdek bete dute lan hori.

Sari banaketa datorren ostegunean, hilaren 19an izango da, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean (Gipuzkoa).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.