Oihartzunen soinu berriak

Josu Okiñenak Ameriketako euskal diasporako konpositoreen lanak berreskuratu ditu 'Aradak' diskoan. Gaur joko ditu konposizioak, Bilboko Guggenheim museoan

Josu Okiñena piano jotzailea, Aradak diskoaren aurkezpenean, atzo, Bilboko BBK aretoan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Euskal Herriko ondare musikala ezagutarazteko asmoarekin joan zen Josu Okiñena piano jotzailea Ameriketara, 2018an. Euskal konposizioekin osatutako bira bat antolatu zuen, eta AEBetan, Argentinan, Kuban, Txilen, Mexikon eta Uruguain interpretatu zituen euskal tradizio musikaleko hainbat pieza klasiko. Irakastera joan zen toki horietara, baina berak jaso zituen irakaspenik handienak. Dioenez, «jende asko» joan zen kontzertuetara, Hego Amerikako herrialdeetan, «batez ere», baina, jakin-mina ez ezik, entzuleetako askok partekatzeko grina ere erakutsi zuten: Euskal Herrian «ezezagunak» ziren hainbat konpositoreren berri eman zioten, Ameriketara joandakoak edo bertan jaiotakoak; euskal tradizio musikalean oinarritu ziren haien lanetarako, eta euskal ondarea beste folklore batzuekin nahastu zuten. «Euskal errepertorio bat komunikatzera joan nintzen, eta haiek beste euskal errepertorio bat erakutsi zidaten».

Hari horri tiraka, Okiñenak Euskal Herritik kanpo sortutako euskal musika klasikoaren inguruko ikerketa bat abiatu zuen, eta dagoeneko badu lehen fruitua: Aradak diskoa. Euskal ondarea berreskuratu eta hedatzeko sortu zuen musikariak OndarE Oficina egitasmoa, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin; haren barruan ondu du ekoizpena, eta proiekturako propio sortutako ekoiztetxearekin kaleratu du, Ondare Music zigiluarekin. Hiru dira egitasmoaren ildoak, laburki: ikerketa, argitalpena eta hedapena; hirugarren pausua gaur emango du Okiñenak: Bilboko Guggenheim museoan interpretatuko ditu, lehen aldiz, diskoan jaso dituen konposizioak.

Orotara, 25 lan batu ditu, zazpi musikagilerenak: Tomas Mujika, Hector Tosar, Emiliana Zubeldia, Lizarrako (Nafarroa) Aita Olazaran, Yiyi Arricivita, Aita Madina, Nemesio Otaño eta Gabriel Erkoreka. Musikari garaikide bat sartzearren gehitu du Erkoreka, eta, gainera, uste duelako «bere garaiko euskal konpositorerik onena» dela.

Gainontzekoa 2018az geroztik aurkitutako izenen hautaketa bat da, dena dela, aurrerantzean musikari gehiago ezagutarazteko asmoa baitu. Ikerketa lerro baten hasiera besterik ez dela azpimarratu du piano jotzaileak; gainera, Euskal Herrian «ezezagunak» diren musikarien zerrenda puztuz doala iragarri du, Antiokiatik (Kolonbia), Durangotik (Mexiko) eta Habanatik jarri baitira berarekin harremanetan, besteak beste, izen gehiagoren berri emateko. «Gaur egun, ez dakigu zer dimentsio duen erbesteko edo diasporako ondareak».

Izenak eta testuinguruak

Tarte kronologiko zabala hartzen dute diskoko konposizioek, eta, hortaz, askotariko zirkunstantziatan izan ziren sortuak. Okiñenak mugarri bat aipatu du: 1936ko gerra. Eta, enpatia ariketa bat eginez, hura hasi zenean Ameriketan bizi ziren euskal herritarren larruan jartzeko ahalegina egin du, Tomas Mujikaren begietatik. Tolosan (Gipuzkoa) jaio zen Mujika, eta Belgikan egin zituen musika ikasketak. Bertan, Eduardo Fabini musikari uruguaitarra ezagutu zuen, eta, 1913an, haren herrialdera joan zen bizitzera. Uruguain zegoela hasi zen gerra. «Garai hartan, Uruguai orain baino urrunago zegoen, behin joaten zinen bizitza osoan. Ez da orain bezala». Gerra betean zegoen sorterritik urrun, musikaria orduko hartan bizitzen ariko zen «ezinegona» gogorarazi du Okiñenak. Egoera horretan sortu zuen Euzkadiko negarra. Testuingurua ezagutzearen garrantziari erreparatu dio Okiñenak, «ez entzulea hezteko, baizik eta haren irudimena esnatzeko».

Mugikaren dizipulu izandako Hector Tosar ere ageri da Okiñenaren hautaketan. Uruguain jaio zen, baina ama, Isabel Errekart, euskal herritarra zen. Harengandik jaso zuen, batetik, euskal tradizioa, eta, bestetik, musikarekiko afizioa, Errekart ere musikaria zelako, eta, besteak beste, Franz Liszten ikaslea izan zelako. Emiliana Zubeldiak, berriz, Parisen ikasi zuen. 1930eko hamarkadan New Yorkera lekualdatu zen—irratsaio batean parte hartu zuen 1934an eta 1935ean—, eta, ondoren, Mexikora joan zen bizitzera. Haren Esquisses d'une apres-midi lanaren zati bat jaso du Okiñenak: «Bere garaiko europar konpositorerik handienetariko bat zen».

Tradizioa «erreproduzitu» baino, «birsortu» egiten du musikariak, Mikel Mantzizidor Deustuko irakaslearen arabera. «Memoria, identitatea, migrazioak... jasotzen ditu. Hausnarketa hau egiten dut: garapen kultural eta musikala araden arteko elkarrizketan oinarritzen dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.