«Izan liteke Zaldibar krisi ekosozialari euskal ekologismo herritarretik gerra deklaratzeko gure casus belli propioa, esnatze eko-herritar baterako gertaera historikoa». Jokin Bergarak idatzi zuen, analisi hotz batek bainoago, itxaropen beroak gidatuta, imajinatzen dut. Ez baitzen, ez baita, halakorik gertatu inolaz. Normala ere bada, ze 2020ko otsailaren 6a zen Zaldibarko hura jazo zenean, eta handik hilabete eskasera etxean geunden denok, pandemia global batek hartara behartuta. Eta gero, ba hori, hobeak ateratzea zen plana, baina Errusiak Ukraina inbaditzea beste ideia hoberik ez zuen izan eta komuneko paperarekiko kezka gasaren prezioarekiko larridurarekin ordeztu genuen; Gazakoa etorri zen, nola sinetsi ikusten ari ginena; suteak ondoren, ze klimak erotuta jarraitzen du, hori ez da konpondu; eta Trump sartu da berriz egongelan eta ez dirudi lasai egotera datorrenik; eta Muskek ze ostia egin du besoarekin?; eta Minneapolisko eskuadrista neofaxistak desagertu orduko, Madurorena; Irango aiatola ere hil ez dute ba azkenik! Historiako krisi energetikorik handiena omen dator orain, hala diote adituek. Eta klaro, horrelako panoramarekin ea nor sartzen den ez dakit zer esnatze eko-herritarretan.
Historia egitera kondenatuta ziruditen gertakari segidak geldiarazi du historiaren gurpila, beraz. Behetik gora bultzatutakoa bai behintzat. Testuinguru horretan musikak zer du esateko? Adimen artifizialaren bidez musika egiteko Suno konpainiako CEOak esan zuen lan asko eskatzen duela instrumentuak menderatzeak eta bere teknologiak muinera garamatzala: fruitura, abestira, bidean denborarik galdu gabe. Beste teknooligarka batek —ez galdetu nork, denek dirudite psikopata bera— esan du introspekzioa denbora galtze moderno bat dela.
Oihu bat, gizatasun pixka bat, agentzia minimo bat. Arnasa pixka bat. Musikan eta kirolean topatu dugu horretarako espazioa. Bizikleta lasterketak geldituz, Spotifyren kontrako boikota bultzatuz, KKR inbertsio funtsarekin harremana duten jaialdiak seinalatuz. Pablo Batallari irakurri nion kirola politika bera baino politikoagoa dela. Antzeko zerbait esan genezake musikari buruz: sekula ez da musika soila izan. Hondamendiz hondamendi gabiltzala, musika entretenimendu huts baino zerbait gehiago izateko gogoa musikaz harago doan zerbaiten isla da. Oihu bat.