Sandra 50 urte inguruko emakumea da. Liburu denda feminista baten jabea da, eta ez du ez haurrik, ez bikotekiderik. Gau batean, norbaitek bere atea joko du. Cecile da, pareko bizilaguna; haurdun dago, eta ospitalera joan behar du bere senar Alexekin. Cecilek badu 6 urteko seme bat, aurreko harreman batekoa, Elliot, eta Sandrari harekin gelditzeko mesedea eskatzen dio, ospitalean dauden bitartean zaindu dezan. Sandra ez dago batere eroso erantzukizun berriarekin, baina haurrarekin hitz egiten hasiko da, eta apurka haien arteko harremana estutuz joango da.
Ospitaleko egonaldia uste baino gehiago luzatzen da, eta Alexek etxera itzultzean berri txarrak dakartza: Cecile erditzean hil da. Gizona, beraz, 6 urteko Elliot eta jaioberri den Lucillen ardurarekin geldituko da, eta Sandra eta haren familiaren arteko lotura estutu egingo da.
Carine Tardieu zinemagile frantsesa nahastuta gelditu zen Alice Ferneyren L’intimité eleberria irakurtzean. Izugarri gustatu zitzaion hasierako premisa, emakume liburuzain baten eta gizon atsekabetu baten arteko topaketari zegokiona, baina, kontakizunak aurrera egin ahala, norabidez aldatu eta pertsonaia berri bati heltzen zion. Ikuspuntu berri hori bere interesekoa ez zenez, alde batera utzi zuen liburua. Urte batzuk geroago, ordea, liburu horretan Tardieurentzako film bat zegoela iradoki zion aktore batek, eta istorioa berreskuratu zuen frantsesak, hunkitu zuen pertsonaia horretan zentratuz. Horrela jaio zen L'attachement, Carine Tardieuren bosgarren film luzea. Iazko Veneziako jaialdian aurkeztu zen.
Tardieuk drama intimo eta fina eratu du bere azken filmean. Doluaren, saminaren eta bakardadearen gaiak jorratuz besteak beste, familia bat eratzen duten loturez hausnartu du, odolaz harago doan ikuspuntu batetik. Abiapuntua ikusita, pentsa liteke pantailan azaltzen den emakume independentea bilatu ez dituen erantzukizunekin zigortzen duen kontakizun sinplista baten hasiera dela: haurrak eduki ez izanaz damutuko den emakumearen erretratua, amatasunaren dohainak deskubrituko dituena. Zinemagile frantsesak, ordea, ez du asmorik protagonistari inongo irakaspenik emateko; harremanen konplexutasunaz mintzatu nahi du, familiaren estruktura soziala konbentzio klasikoetatik harago miatuz.
'l'attachement'
Zuzendaria: Carine Tardieu. Gidoilariak: Carine Tardieu, Raphaele Moussafir, Agnes Feuvre, Agnes de Sacy. Eleberria: Alice Ferney. Aktoreak: Valeria Bruni Tedeschi, Pio Marmai, Vimala Pons, Raphael Quenard. Argazkia: Elin Kirschfink, Yann Maritaud. Musika: Eric Slabiak. Generoa: drama. Urtea: 2024. Iraupena: 106 min. Herrialdea: Frantzia. Estreinaldia: irailaren 26an estreinatuko da Hegoaldean.
Beste estreinaldi batzuk:

'maspalomas'
Zuzendariak: Aitor Arregi, Jose Mari Goenaga. Gidoilaria: Jose Mari Goenaga. Aktoreak: Jose Ramon Soroiz, Nagore Aranburu, Kandido Uranga, Zorion Egileor. Argazkia: Javier Agirre Erauso. Generoa: drama. Urtea: 2025.
Iraupena: 115 min. Herrialdea: Euskal Herria.
Bikotekidea utzi ondoren, Vicente gustuko duen bizimodua egiten hasiko da Maspalomasen: eguzkia, parranda eta gozamena dira bere eguneroko jardunak. Istripu batek, ordea, Donostiara itzultzera behartuko du, eta han aspaldi abandonatu zuen alabarekin elkartu beharko du. Vicentek zahar etxe batean bizi beharko du, eta bertan armairura itzultzera bultzatua sentituko da, konpondutzat zeukan bere buruaren alde bat ezkutatuz.
'Hotsureru (Fly on)'
Zuzendaria: Takuya Kato. Gidoilaria: Takuya Kato. Aktoreak: Mugi Kadowaki, Shota Sometani, Haru Kuroki, Kentaro Tamura. Musika: Eiko Ishibashi. Generoa: drama. Urtea: 2023. Iraupena: 83 min. Herrialdea: Japonia.
Bere maitalearen bat-bateko heriotzaren ondoren, Watako bere ezkonbizitzara itzuliko da, desleialtasuna beretzat gordez. Baina lurperatuak uste zituen sentimenduak berpizten direnean, errealitateari aurre egitea erabakiko du.
'Slocum et moi'
Zuzendaria: Jean-François Laguionie. Gidoilariak: Jean-François Laguionie, Anik Leray. Aktoreak: animazioa.
Musika: Pascal Le Pennec. Urtea: 2024. Iraupena: 75 min. Herrialdea: Frantzia.
50eko hamarkadaren hasieran, familiaren lorategian, Marne ibaiaren ondoan, Spray ontziaren erreplika eraikitzen hasiko da Pierre. Spray itsasontzi mitikoaren bidez, Joshua Slocumek munduari bira eman zion bere kabuz, eta 1895ean ospetsu egin zen. Abentura honetan murgilduko dira Pierrerekin Genevieve emaztea eta François semea, 11 urte bete berri dituena, eta proiektu honen eta Slocum askatasunaren sinboloaren figurarekiko grina sentituko ditu.