Udako narrazioak

Okupazio altua

Ane Zubeldia Magriña
2026ko abuztuaren 23a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00
Exprai
Exprai

 

Gaua. Harrizko fatxada elegantean, balkoi bat. Kalean ez dago ia zaratarik; gaueko ordu txikiak behar dute.

A eta B lurrean eserita daude, balkoira ematen duen ate zabalaren izkina banatan, bizkarrak atearen markoan bermatuta parez pare, zigarro bakarra bien artean erretzen. Haien ondoan, lorontzi luzanga bat dago lurrean, baita arrautza kaxa batzuk ere, bata bestearen gainean jarrita.

Etxearen barrualdea ilunpean dago, eta zigarroaren aldizkako argi laranjak baino ez ditu bi gazteen siluetak iradokitzen. Su txikiaren hatsak Aren begirada bihurria, bekokiko izerdi tantak eta ile dekoloratua argitu ditu lehenik, eta Bren begirada sarkorra, kamisetarik gabeko bularra eta belarri-gingil zulodun baina belarritako gabea gero. Pentsakor dirudite biek. Bk zigarroa ezpainetara eraman, kea irentsi, eta kea bota du; ondoren, Ari pasatu dio.

      B: Bale, eta Errenazimentuan?

      A: Moja bat.

      B: Eta XVII. mendean?

      A: Berriz ere, moja bat.

      B: Erdi Aro osoa pasatu duzu moja izaten. Aro Modernoan pixkat aldatu beharko zenuke, bestela jokoak ez du batere graziarik.

      A: No te jode. Betaurreko more historikorik gabe jokatzea askoz errazagoa da.

Isilik geratu dira. Urrunean olatuak entzuten dira, behin eta berriz apurtzen. Ez dute horizonte hori ikusi, baina parez pare duten balkoiko horman irudikatu dute.

Ak azkenekoz irentsi du kea, zigarroaren mutxikin ahitua begiratu, eta lorontzian itzali du. Gero, landareari hosto bat kentzen saiatu da, baina ez du lortu. Putoplastiko esan du ahapeka. Bk automatikoki atera du riñoneratik tabakoaren zorroa, eta beste bat liatzeari ekin dio, arrebari begiratu gabe.

          A: Eta zu? Demagun… XVIII. mendean?

          B: Azkoitiko Zalduntxo bat.

          A: Zu beti intelektual eta euskaltzale. Eta XIX. mendean?

          B: Karlista.

          A: No me jodas.

          B: AHTaren kontra zeuden.

          A: Eta oso sinestunak ziren, matxistak fijo…

          B: Erromatar Inperioaren gainbeherara iritsi garenean hitz egin dugu horri buruz. Orainaldikeriarik ez jolas honetan: ezin dugu iraganeko jendea matxista, begetariano, ekologista edo bollera izendatu.

          A: Mojek aspalditik landu dute gozogintza.

Zigarroa ixteko papera miazkatzen harrapatu du Aren erantzunak, eta barreari eutsi behar izan dio Bk. Elkarri isilik egoteko keinuak egiten ari direla, kaleko zaratak eten du broma, eta adi-adi geratu dira biak. Giri talde handi bat dirudi, edozer oihuka. B balkoiaren ertzera hurbildu da, behetik inork ez ikusteko moduan begiratu du kalera, eta giri taldea haien sotora ez datorrela egiaztatu ostean, ezezkoa egin dio buruarekin Ari. Elkarri ezer esan gabe, alboan duen kaxetako batetik bi arrautza atera ditu Ak, eta Bri bat eman dio. Isil-isilik, zain egon dira giriak bizkarrez egon arte, eta paf! jaurti dituzte arrautzak. Balkoiaren horman babes hartuta, girien madarikazioek iradoki diete bete-betean eman dutela. Elkarri ixoixoka ito dute barrea, eta lau hankatan sartu dira etxe barrura, argirik piztu gabe.

Leiho alboko sofan eseri dira, elkarri ahoa tapatzen. Sala-sukalde ireki horietako bat da: zuri-zuri islatzen du kaletik sartzen den argia; telebista handia zulo beltz bat da horman. Altzari bakoitzaren siluetak Ikea salatzen du, eta hormako markoek ez diote inoren aurpegiari eusten; «SSIFF17» eta «SSIFF24» jartzen duen pare bat poster baino ez dira, plastikozko landare haragitsu zintzilikariz inguratuta.

Ingurura begira, barreak ihes egin die Ari eta Bri.

Ez da inoren etxea.

            B: Uste duzu amona harro egongo litzakeela gutaz?

            A: XIX. mendean karlistak izan bagina, fijo.

            B: Serio ari naiz. Gauza bat da giriei arrautzak botatzea, baina hau...

            A: Oso Arestizalea zen gure amona, badakizu.

            B: Arestik ez zuen turismo masiborik aurreikusi bere poemetan.

            A: Antzinako Grezian Hermes aukeratu dudanean azaldu dizut: testu zaharrak etengabe berritu ezean, fosilizatu egiten dira, eta zentzua galtzen dute. Garai-arteko-itzulpena derrigorrezko ariketa da, edozein orainalditan.

Ak sofaren alboko saski aseptikotik manta are aseptikoago bat atera, kapatzat lepoan bildu, eta dramatikoki errezitatzeari ekin dio.

            A: “Nire amonaren etxea / defendituko dut. / Espekulatzaileen kontra, / Basque Cheesecake bat jatearren / 3 orduko ilara egiten duten turisten kontra, / gure hirien sakeoaren kontra / defenditu / eginen dut / nire amonaren etxea. / Galduko ditut…”

            B: Arestirena askoz epikoagoa zen.

            A: Iraganaren etsaiak beti dira epikoagoak, baina, egia esan, gure kriptonita gazta-tarta izatea erridikulu samarra da.

Barrezka hasi aurretik entzun dute zarata sotoan. Pauso ugari eskaileran, hainbat pertsona etxerakoan, giltzak sarrailara bidean. Sofatik salto batean jaiki eta geldi-geldirik geratu dira A eta B sala-sukalde modernoaren erdian, aurpegiak larri, elkarri helduta, kapa-mantaren babesean. Ez dute zirkinik egin jende multzoa eskaileretan gora joaten entzun duten arte.

            B: Ziur zaude bihar goizera arte ez datorrela inor, ezta?

            A: Ezetz ba. Arratsaldean atera dira azkenak, eta check-ina ezin da 11:00ak arte egin.

            B: Bale, bale. Gu biok bakarrik harrapatzen bagaituzte, jai dugu!

            A: Laaasai. Bihar 8:00etarako hemen egongo dira D eta E gauza guztiekin.

Ak eta Bk elkar askatu dute. Kapa-manta lurrera erori da.

            A: Ezin dut sinetsi etxe honek horrela bukatu duenik.

            B: Nik ere ez.

Isilik geratu dira, ingurura begira berriz ere.

Etxeak ez du biztanlerik; beraz, ez da etxe bat. Behin-behineko aterpe bat baino ez da, baita haientzat ere.

Begiradarekin errepasatu dute Ak eta Bk espazio ilun hori, haren baitan igarri nahian izkina haietan hartutako kolpeak, sukalde hartan jandakoak, sala hartan dantzatutakoak… Jabetza eta oroimenen arteko loturaren inguruko zerbait xuxurlatu diote elkarri, eta, azkenean, amonaren egongelan alfonbra erraldoi hura egon ohi zen tokian deskiribildu dituzte lozakuak, eta lurrean etzan dira A eta B, lotarako asmotan, begiak sabaiari zabal-zabalik.

          B: Bihar zer egingo dugu?

          A: Esango diegu etxeak bizitzeko direla, eta alde egiteko. Pankarta botako dugu fatxadan behera. Pareko bizilagunak konpintxatuta daude dena grabatzeko. Setioari eutsiko diogu.

Tarte bat isilik eman dute biek, sabaian irudikatuz biharamuneko horizontea: girien aurpegia, alokairu-enpresako langilearena, munipena edo ertzainena…

         B: Zure ustez, zer izango gara bihar?

         A: Ez dakit. Klausurako mojak, zalduntxoak, indigenak, enperadoreak, esklabuak, karlistak, morroiak, iraultzaileak, erreformistak, bufoiak, jainko-txikiak, samuraiak, inkisidoreak, trobalariak, terroristak. Esan dezatela nahi dutena, kontua da ez diegula utziko gure bizitzez jabetzen.

ane zubeldia magriña

(Hondarribia, Gipuzkoa, 1994). Aspalditik idazten duen arren, iaz kaleratu zuen bere lehen poesia liburua, kontra (Susa). Lan horri esker Espainiako Kritikaren Saria erdietsi zuen euskarazko poesiaren atalean. 2024an Igartza beka irabazi zuen Zubeldiak, eta aurten argitaratu du beka horri esker ondutako lana: Datorren udan ez gara hemen biziko ipuin liburua (Elkar). Idazlea izateaz gain, musikaria eta aktorea ere bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA