Olatu Talka «energia sozial eta kulturalaren» jaialdi «amateur» eta herrikoia kultur eragile profesionalen eskarmentua eta gaitasuna biltzen saiatuko da zenbait kasutan, «helburu jakin batzuk» lortzearren. Maiatzaren 24tik 26ra egingo da laugarren aldia, eta Donostia 2016 Bulegoak ireki du jada proposamenak jasotzeko epea. Otsailaren 15era bitartean helarazi ahal izango dira horiek. Behin aztertuta, martxoaren bukaera aldera jaialdiaren programazioa osatuta edukitzea espero dute antolatzaileek. Donostia erre eta suntsitu zeneko bigarren mendeurrena aurten beteko denez, hori gogorarazteko ere baliatuko dute Olatu Talka.
Hori da berritasunetako bat; bestea, berriz, amateurren eta profesionalen arteko elkarlana bultzatuko duena. Miguel Martin Donostia Kulturako Musika Unitatearen arduradunak jakinarazi zuen atzo, prentsaren aurrean egindako agerraldian, 2016 Bulegoak eskatu diela zenbait proposamen egitea, zenbait proiektu garatzea. «Horietan, amateurrek, nolabait deitzearren, kultur eragileekin batera lan egingo dute», adierazi zuen. Iruditzen zaio artean edo kulturan ibilbide luzea egin duenak bere ekarpena egin dezakeela, «beharbada», beste batek «bere helburua» lortzeko ahaleginean.
Oraindik proiektuak garatzen ari dira. Halere, eta Martinen esanetan, «ez daukate zertan gauzatu». Hori bai, arrasto bat eman zuen, adibide gisa. Konpositore batekin, instrumentu bat jotzen «iaioa» den musikari batekin jarri dira harremanetan. «Haren melodietan oinarrituta, instrumentu multzo bat jotzen duen talde handi bat bateratu nahiko genuke». Martinen ustez, dena den, ez da beharrezkoa amateurrak eta profesionalak arte diziplina berekoak izatea. «Izan ere, aberasgarriagoa ere izan daiteke». Igor Otxoa Donostia 2016 Bulegoko proiektu arduradunak argi utzi nahi izan zuen, ordea, profesionalen eta amateurren lankidetza kasu batzuetan baino ez dela egongo eta ez dela «orokortutako» joera bat izango.
Mariaje Otxoa Donostia Kulturako Festak saileko zuzendari teknikoak kontatu zuen gisa horretako lankidetza bat izan zela orain bi urteko Olatu Talkan, ia-ia kasualitatez. «Bazen kolektibo handi bat ikuskizun bat egin nahi zuena hondartzan, baina esaten zigun ez zekiela nola gauzatu. Aditu batekin jarri ginen harremanetan, eta, azkenean, hondartzan 2.500 lagun bildu zituen performance bat egin zen».
Lehen bi aldiak Donostian egin ziren. Iaz, ordea, hiritik kanpo ere egin zituzten jarduerak, Euskal Herriaren luze zabaleko txokoetara hedatuz. Aurten ere bide berari eustea erabaki du antolakuntzak. Otxoak gogorarazi zuen iaz berrehun ekintza baino gehiago egin zirela hiru egunetan, eta hemezortzi herrialdetako 2.500 parte hartzaile «aktibo» eduki zituela.
Beste egitarau baten barnean
Donostia erre eta suntsitu zeneko bigarren mendeurrena aurten beteko da, eta horren harira, hura gogorarazteko, ekintza programa bat prestatzen ari dira, Donostia eraikitzen izenpean. Hartara, Olatu Talkako jarduerak egitasmo horren barnean txertatu dituzte. Izan ere, eta antolatzaileen esanetan, «sinbolikoki» horixe da jaialdia: «Guztion artean aurrerapausoak ematea hiria antolatzeko».
Olatu Talkarako proposamenak helarazteko, bisitatuwebgune hau:
www.olatutalka.eu
Olatu Talkak kultur eragile profesionalen laguntza bilatuko du zenbait kasutan
Donostia 2016 Bulegoak antolatutako «energia sozial eta kulturalaren» jaialdia maiatzaren 24tik 26ra egingo da

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu