Olatua auzoetara helduko da

Publikoari ezezagunak zaizkion tokiak agerian utzi eta kultur jarduerarako aktibatuko ditu Donostiako Olatu Talkak, maiatzaren amaieran

Kontxako arkupeetan egin zuten Olatu Talkaren aurkezpena, atzo goizean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2015eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Donostiako esparrura mugatuko da aurten Olatu Talka jaialdia, eta, «herritarren eskaerari jarraituz», presentzia handiagoa izango du auzoetan. Auzoetara iristeko helburu konkretua izango du, beraz, 2010ean Donostia 2016ko hautagaitza bultzatzeko asmoz sortutako egitasmoak. Seigarren aldi honetan, maiatzaren 29, 30 eta 31n,geografikoki banatuta egongo diren Olatu Talka guneetan oinarrituko da egitaraua: Uliako lore baratzak, Altzako San Martzial plaza, Kontxako arkupeak, Sagues, Miramongo basoa, Kristina Enea parkea eta Bidebietako Kontadoresingurua izango dira, besteak beste, espazio horiek.

Iazko datuen antzera, dimentsio eta mota askotako eragileek egindako berrehun proposamen baino gehiago iritsi zaizkie antolatzaileei Olatu Talkan parte hartzeko, Pablo Berastegi Donostia 2016ko zuzendariak atzo egindako aurkezpenean jakinarazi zuenez. Musika, kirol, antzerki, teknologia berri, dantza, gastronomia, ingurumen eta artearekin lotutako jarduerek osatuko dute egitaraua. Kultur hiriburutzarekin lotutako egitasmorik beteranoenetakoa da Olatu Talka. Aurretik jakinarazita zegoen bezala —eta Berastegik berretsi zuen atzo—, 2016ko ospakizun ekitaldiak amaitu ostean ere aurrera egiteko xedea dauka. Donostia 2016ren kultur proiektuaren barruko proiektu bat izanik, duela bost urte ekin zioten Donostia 2016k eta Donostia Kulturak elkarlanean jaialdia antolatzeari, eta ordutik, herritarren parte hartzeari esker, hirian sustraitu den jarduera bilakatu da.

Aurtengo jaialdiaren helburua, hirian zehar festa giroa zabaltzeaz gain, «eragile ezberdinak harremanetan jarri eta euren arteko gurutzamenduak sustatzea da, luzera begira iraungo duen kultur egitura sendoagoa lortzeko». Olatu Talkak aurten aurkeztuko dituen berritasun nagusietako bat, bestalde, «hirian ezkutuan dauden espazioak berreskuratzea» izango da: «Publiko zabalari ezezagunak zaizkion tokiak agerian utzi eta espazio horiek kultur jarduerarako aktibatzea da asmoa». Horren adibide dira Uliako lur azpiko ur biltegietan izango den jardunaldi irekia, Polloe hilerriko Burua altxatuko balu bertso ibilbide musikatua eta Kontxako arkupeetan prestatuko duten Kontxa Gaumarket iluntzeko merkatua.

Gau merkatua eta bertsoak

Merkatu hori maiatzaren 30ean egingo da, Aita Vinuesa eta Cervantes plazen artean. Kontxako arkupeek 50 posturekin osatutako azoka hartuko dute. Mota askotako produktuak salduko dituzte han: arropa, ilustrazioak, zeramika, eskulangintza... Zuzeneko musika ere izango da. Undermount, Dress&Shop, Staaf, Arteparte, Donosti Sunday Market, Itxaso& Amaia eta The Gallery dira antolatzaileak.

Egun berean eta egun osoan egingo dute Uliako lur azpiko ur biltegietan jardunaldi irekia. Azken urteotan itxita egon dira Uliako Lore Baratzak parkea eta hango ur deposituak. Orain, bertako auzo elkarteak herritarrei ezagutzera eman nahi die lur azpian gordetzen den altxor hori.

Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariek gidatuko dute, bestalde, Burua altxatuko balu, Polloeko hilerrian egingo den ekitaldia. Hiriko kulturari eta historiari lotutako zenbait pertsona bertan hilobiratuta daudela baliatuz, bertso musikatuen ibilbidea egingo dute. «Pertsonaia horiek historian bete duten rola azaleratzearekin batera, gaur egungo Donostiari buruzko ikuspegia izango da hari nagusia, garai bateko eta egungo hiria parez pare jarriz». Halaxe azaldu du antolatzaileetako batek, Unai Muñoak. Oraindik pentsatzen eta erabakitzen ari dira zein izan daitezkeen pertsona horiek. «Bakoitzaren testuingurua eta ibilbidea aztertuta aukeratuko dugu pertsonaia, eta gero hasiko gara bakoitzari dagokion bertso musikatuen saioa lantzen. Pertsonaia horien larruan sartuta kantatuko ditugu bertso horiek. Ia ziur esan dezakegun bakarra da, gu bertsolariak izanik, Bilintx izango dela pertsonaia horietako bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.