Olatz Mitxelena Larretak irabazi du 24. Igartza saria, 'Arrakalak'-ekin

Narrazio bilduma bat onduko du bekaren laguntzarekin, «bizitzaren alde ilunari» argitsu begira

Olatz Mitxelena Larreta, atzo goizean, Donostiako Parte Zaharrean. MAIALEN ANDRES / FOKU.
itziar ugarte irizar
2021eko irailaren 17a
00:00
Entzun
Lau ipuin aurkeztu zituen deialdira, eta hor aurreratu landu nahi lukeen liburuaren mamia: narrazioak, diferenteak elkarren artean baina hari batez lotuak denak, pitzaduren hariarekin. Hortik izenburua: Arrakalak. «Gizartearen barruan eta baita gizakiaren baitan ere harremanetan sortzen diren pitzadurak agertuko dira ipuin guztietan: minak, obsesioak, beldurrak eta beste». Lapitza hor sartzeko proposamena aurkeztu zuen Olatz Mitxelena Larretak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1989) 24. Igartza literatur lehiaketara, eta hura aukeratu du aurtengo epaimahaiak bekaren bitartez proiektua liburu bilaka dadin. Urtebeteko epea du orain egileak lana burutzeko eta, azaldu duenez, bide horretan joan nahi du bilatuz eta ikusiz zenbat ipuinek osatuko duten azkenean liburua, zenbat ahots sartuko diren, zer tonu hartuko duen. «Plazer hori oparitu nahi diot orain neure buruari».

Formari dagokionez, «bi begirada» uztartu nahi dituela aurreratu du Mitxelenak. Hala erabaki zuela proiektua aurkeztean, eta hala eutsi nahi diola. «Intimoagoa izango da bata, eta jolastiagoa bestea; lehena hausnarketari lotuagoa, eta bigarrena fantasiaren jolasei. Gustatzen zait literaturaren bidez gai ilunak izan daitezkeenetara [bigarren] modu horretan heldu ahal izatea ere».

Horixe nabarmendu du, hain justu, Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak ere —Elkar da, Beasaingo Udalarekin eta CAF enpresarekin batera, bekaren antolatzailea—, «egun nagusi den estilo errealistatik» at dauden kontakizunak ere landu dituela idazleak ipuinetan. Mitxelena: «Uste dut horrek distantzia bat hartzeko aukera ematen didala, hortik errealitatea hobeto begiratu eta bizitzaz zuzenago-edo hitz egiteko».

Narrazioetan agertuko diren gaien artean, besteak beste, heriotza, laguntasuna, amatasuna eta zahartzea aipatu ditu idazleak. Irudipena du badirela zenbait auzi egunerokoan arreta jartzen ez zaienak, eta horiei erreparatzeko ere baliatu nahi ditu ipuinak. «Nahita bilatu dut bizitzaren alde ilunago bati begiratzea. Iruditzen zait batzuetan ezkutatu egiten dugu la, salbuespentzat edo kontraesantzat hartu. Baina uste dut hori ere bizitzaren parte dela, gure parte». Nolanahi ere, ilunari heldu arren, Mendigurenek gehitu du ez direla «ipuin tristeak»; kontrara, «argitasuna eta umorea» dutela erantsi du. Eta bat etorri da egilea: «Gustuko dut hori, gaia mingarria edo gogorra izan arren, irribarre batekin irakurri ahal izatea».

Mitxelenaren lehen liburua izango da bekarekin onduko duena. Idatzi, beti idatzi izan duen arren, hau «aukera berri bat» izango dela aipatu du: «Beti idatzi dut, baina ez asko eta ez maiz. Gaztetan, Urruzuno literatur lehiaketa atera nuen; Filosofia ikastean, idazketarekin hurbileko esperientzia izan nuen; Idazle Eskolan aritu izan naiz... baina hau izango da luze jardungo dudan lehen aldia».

2019an, BERRIAren Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketa ere irabazi zuen, Grezia: Memoriaren postalak kronikarekin.

Erritmo paraleloak

35 urtez azpiko idazleei zuzendutako saria da Igartza, eta 24.a da Mitxelenak eskuratu duena. Sari emate ofiziala atzo arratsaldean egin zuten, Beasaingo (Gipuzkoa) Igartza jauregian, eta, urtebeteko lanaren ostean, 2023ko udaberrian argitaratzea da asmoa.

Aldi berean, Mendigurenek gogora ekarri du iazko Igartza saridun Maddi Ane Txoperena idazle eta BERRIAko kazetariak Ez erran inori eleberria lantzen diharduela, eta lan hori datorren urtearen hasieran argitaratuko dutela. Haurtzaroan sexu abusuak jasan zituen andre bat izango du protagonista nobelak. Maiatzean argitaratu zen, halaber, 2019ko irabazlearen lana: Irati Goikoetxearen Herriak ez du barkatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.