Opera

OLBEk 1936ko gerran girotuko du Verdiren 'La forza del destino'

Verdiren operarekin abiatuko dute denboraldia, Bilboko Euskaldunan. Lau emanaldi egingo dituzte: urriaren 25ean, 28an eta 31n, eta azaroaren 3an. Carmen Solis, Angelo Villari, Juan Jesus Rodriguez eta Ketevan Kemoklidzek jokatuko dituzte rol nagusiak.

OLBEk 2013an eszenaratutako 'La forza del destino' operaren irudi bat. MORENO ESKISABEL / OLBE
OLBEk 2013an eszenaratutako 'La forza del destino' operaren irudi bat. MORENO ESKISABEL / OLBE
Inigo Astiz
2025eko urriaren 20a
15:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

Indar eta, aldi berean, samurtasun erakustaldi bat dira lehen minutuak. Giuseppe Verdi konpositoreak 1862an estreinatu zuen La forza del destino opera, baina, harrera gorabeheratsua izan, eta moldatuta taularatu zuen 1869an, tartean obertura berri bat gehituta. Eta ordutik bi mende bete baino gehiago joan diren arren, mundu osoko hamaika orkestra sinfonikok jarraitzen dute emanaldiak irekiera horrekin abiatzen. Obra baten iraupenaren adierazle argiagorik, nekez. Orain, Operaren Bilboko Lagunen Elkarteak osorik taularatuko du lana. 1936ko gerran girotuko du, eta denboraldia irekitzeko ere baliatuko du, gainera. Lau emanaldi egingo dituzte Bilboko Euskalduna jauregian: hilaren 25ean, 28an, 31n eta azaroaren 3an.

Adituen hitzetan, La forza del destino da Verdiren obrarik osoenetako bat, eta bereziki teknikoa ere bada, gainera, abeslarientzat. Bilbon, Carmen Solis sopranoak hartuko du Eleanoraren rola, Angelo Villari tenorrak Don Alvarorena, Juan Jesus Rodriguez baritonoak Don Carlosena eta Manuel Fuente baxuak, azkenik, Calatravako markesarena. Horiek dira operako lau pertsonaia nagusiak, baina Preziosilla ijitoak ere badu garrantzia, eta, Bilbon, Ketevan Kemoklidze arituko da haren rolean kantuan. Bestetik, Luis Cansino, Fernando Latorre, Marife Nogales, Guillen Mungia eta David Aguayo ere arituko dira kantuan.

Bi obra izan zituen Verdik opera sortzeko oinarritzat. Angel de Saavedra idazle espainiarraren Don Alvaro o la fuerza del sino antzezlana, batetik, eta Friedrich Schiller idazlearen Wallensteins Lager, bestetik. Francesco Maria Piavek idatzi zuen libretoa, baina bigarren bertsioa taularatzeko aldaketa sorta esanguratsua izan zuen istorioak. Dena den, funtsean, tragedia bilakatzen den maitasun istorio bat izan zen hasieratik. Calatravako markesaren alaba Leonora eta Alvaro, inka sendi esanguratsu bateko semea, elkarrekin maiteminduta daude, baina, istripuzko hilketak, ihesaldiak, gerrak eta beste hamaika oztopo tarteko direla, ezinezkoa da haien arteko maitasuna.

Ignacio Garciaren ekoizpena

Lorenzo Passerini zuzendariak gidatuko du Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Bilboko emanaldietan, eta Esteban Urzelaik zuzenduko du Bilboko Operaren Korua. Ignacio Garciaren ekoizpena izango da Bilbokoa, eta harena izan da, beraz, opera 1936ko gerran irudikatzeko erabakia. Tiziano Santik sortu du eszenografia, eta Florencio Ortizena izan da argiztapenaren ardura.

Ez da OLBEk Verdiren opera hori taularatzen duen lehen aldia izango. Besteak beste, 2013an ere interpretatu zuten. Orduko hartan, denboraldia ixteko taularatu zuten Verdiren lana, eta ordukoak dira emanaldiaren berri emateko zabaldu dituzten irudi eta bideoak ere.

OLBEk 2013an taularatu zuen Verdiren opera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.