Artea

Olioz eta esperientziaz margotutako gainazalak

Kur galeria berriro zabaldu dute, Hondarribian, 2023an Donostiakoa itxi ondoren. Jose Antonio Sistiagaren erakusketa bat jarrita inauguratu dute erakustokia.

Kur galeria berriaren areto nagusia. Ezkerrean dago Sistiagaren 'Udazkena' obra. JON URBE / FOKU
Hondarribiko Kur galeria berriaren areto nagusia. Ezkerrean, Sistiagaren 'Udazkena' obra. JON URBE / FOKU
Hondarribia
2026ko abuztuaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela 25 urte zabaldu zuten Kur galeria lehen aldiz, Donostiako Zurriola hiribidean. Hango hormetatik zintzilik izan ziren artista askoren hamaika obra, hamaika erakusketa, harik eta 2023an galeria itxi zuten arte. Jabeak, Juanma Arriaga eta Yolanda Bizkai, «erretiroaren atarian» zeuden, haien hitzetan, baina lanean segitu nahi zuten. Erritmo lasaiagoan aritzeko asmoz, Hondarribira (Gipuzkoa) joan ziren, eta bertan zabaldu dute Kur galeria berria, Jose Antonio Sistiaga artistaren zenbait obra ikusgai jarrita.

Galeria Sistiagaren obrekin inauguratzeko hautua ez da kasualitatea. Izan ere, Arriagak azaldu duenez, «konpromiso bat» zuen galeriak harekin, artistaren lanekin erakusketa bat egitea hitzartua baitzuten hura hil baino lehen. Eta ez edozein lanekin. Sistiagak 70eko hamarkadan sortutako zenbait margolan jarri nahi zituzten erakusgai, ezezagunak baitira ia, Arriagak azaldu duenaren arabera: «Koadro hauetako askok ia berrogei urte daramatzate bilduta eta jasota, eta erakusketa honetarako atera dira». Asmo guztiak baztertu behar izan zituzten, ordea, 2023an zendu baitzen margolaria. Arriaga: «Gune hau berritzen ari ginenean heldu genion berriz ere erakusketaren ideiari. Galeria inauguratu egin behar genuenez, irekitzean Sistiagaren erakusketa jartzea otu zitzaigun, omenaldi gisa, eta familiarekin hitz egin genuen».

Sistiagaren obrak ez ezik beste hamaika artistarenak ere izango dira ikusgai aurrerantzean Kur galerian. Izan ere, Hondarribiko galerian «hiru edo lau» erakusketa egingo dituzte urtero, Arriagak azaldu duenez: «Nahiko iraunkorrak izango dira, eta hiruzpalau hilabete iraungo du bakoitzak». Galeria ez da «bereziki aktiboa» izango, beraz, Arriagaren esanetan. Bizkai bat etorri da harekin, eta gehitu du artearen munduan lan egiten segitu bai, baina «hainbesteko presiorik gabe eta askoz ere lasaiago» aritu nahi dutela.

Erakusketen iraupena eta maiztasuna ez dira, ordea, moldatu dituzten gauza bakarrak. Donostiatik Hondarribirako aldaketa egitearekin batera, galeriaren funtzionamendua bera aldatu dute, «publiko-pribatua» izango baita aurrerantzean; hala azaldu du Arriagak: «Ez dugu ordutegietara lotuta egon nahi. Hemen gauden bitartean, ateak zabalik egongo dira, jendea sartu eta atera ahal izango da, baina, bestela, ordua eskatu beharko da». Telefonoz edo helbide elektronikoz hartu daiteke ordua.

«Galeriari oso fidelak zaizkion artistak ditugu, eta ez ditugu umezurtz utzi nahi»

YOLANDA BIZKAI Galerista

Galeriak hartuko dituen artistei dagokienez, ez da aldaketa handirik izango. Bizkai: «Galeriari oso fidelak zaizkion artistak ditugu, eta ez ditugu umezurtz utzi nahi». Arriagak gaineratu du artista batzuek haiekin bakarrik egiten dutela lan, eta Kur galeria martxan ez balego «euren lana sustatu ezinik» geratuko liratekeela. Noren obrak erakutsi zehazteko garaian, orain arte bezala jarraitzeko asmoa adierazi du Arriagak: «Atsegin dugu kultura, euskal kultura, eta, gainera, euskal artearen balioa nabarmendu nahi dugu».

Euskal artea balioetsi nahi dute, beraz, eta horri ekin diote lehen erakusketatik bertatik, Jose Antonio Sistiagaren obrek apaintzen baitituzte galeriaren hormak. Sistiaga 1932an jaio zen, Donostian. Gerora, pintura ikasketak egin zituen Parisen, eta 1955etik eta 1964ra bitarte hango eta Euskal Herriko joerak nahasteagatik nabarmendu zen. Ezaguna da, besteak beste, Gaur euskal artista taldearen sortzaileetako bat izateagatik. Arriagaren arabera, artistek «metak», «baserriak» eta «euskal paisaiak» margotzen zituzten garaian sortu zen talde hori, joera horri erantzuna emateko.

Argi armiarma bat sabaitik zintzilik

Kur galeria berriaren sarrerako atetik sartu eta berehala, horma zuriko areto handi bat dago. Oteizaren Hau Madrilentzat serieko bi obra ezker-eskuin, eta argi armiarma handi bat hondoan, sabai leiho batetik zintzilik. Kaleko argiak Sistiagaren koadroz apaindutako hormak blaitzen ditu.

Aretoan sartu eta begia jotzen duen lehen gauza erakusgelaren atzeko horman zintzilikatuta dagoen olio handia da, Udazkena (2000). Ia bost metro zabal da lan hori, bi metro baino gehiagoko garaiera du, eta urtaroen inguruko serie baten parte da; artistak obra bat eskaini zion lau urtaroetako bakoitzari, Vivaldiren Lau urtaroak lanean inspiratuta.

Galerian aurrera egin ahala, hainbat garaitako obrak agertzen dira hormetatik esekita, batzuk besteak baino handiagoak. Tartean daude, esaterako,  urtetan  bilduta egon diren 70eko hamarkadako margolanak, zeinak Madrilgo Seiquer galerian erakusgai egon ziren.

Sistiagaren 'Abiadura argia kolorea' serieko koadroak, Hondarribiko Kur galerian. JON URBE / FOKU
Sistiagaren 'Abiadura argia kolorea' serieko koadro batzuk, Hondarribiko Kur galerian. JON URBE / FOKU

Zuzen segitu, eta bi korridore zabaltzen dira ezkerraldean. Lehenengoan topa daitezke, besteak beste, Abiadura argia kolorea serieko hamar lan baino gehiago. Artistak gutxi gorabehera bi metro zabal eta hiru metro luze ziren kartoiak jartzen zituen bere lantegiko mahai batean, bata bestearen aurrean. Tartean beste tamaina batzuetako kartoiak ere sartzen zituen. Koloretako olioak prest izaten zituen, nahiko diluituak, eta olio horiekin zikindutako brotxekin margotzen zuen, dripping izeneko teknika baliatuz. Pintzelkada bakoitzaren pintura partikulekin beste gainazalak zipriztintzen zituen, eta, artistak esan ohi zuen moduan, keinu bakarrarekin hiru emaitza sortu.

Baina galerian bada areto horretaz eta korridore horretaz bestelakorik ere. Bigarren korridorean barrena eta eskailera estu batzuetan behera joanez gero, ia goikoa bezain handia den erakusgela batera iristen da bisitaria: hamaika artistaren obraz gainezka dago gela; «katakonbak», Arriagaren hitzetan. Bertan daude, besteak beste, Elena Asinsen, Mikel Lertxundiren, Iñaki Olazabalen eta Carlos Quintanaren obrak. Biltegi gisa erabiltzen duten areto hori ere bisitatu daitekeela azaldu du Bizkaik: «Lan handia egingo dugu beheko erakusketa aretoarekin. Gure artisten lanak erakutsiko ditugu, baita galeriaren fondoan dagoen aleren bat ere».

Kur galeria berria Hondarribiko Irun kalean dago; lehen Ramon Roteta sukaldari eta eskultorearen jatetxea zegoen eraikinean, zehazki. Uztailaz geroztik, publikoari irekita dago, aurrez txanda eskatuta. Sistiagaren erakusketa azaroaren 14ra arte egongo da ikusgai.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA