Musika

Olivia Dean, maitasunaren soula

'The Art of Loving' albuma argitaratu berri du abeslariak. Bere bigarren diskoa da, eta Grammy sarietarako izendapena lortu du harekin.

Olivia Dean abeslaria. LOLA MANSELL
Olivia Dean abeslaria. LOLA MANSELL
Odile Bourguignon Goñi
2025eko abenduaren 7a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erraza zaio maitatzea Olivia Dean abeslariari. Maitasunaren —eta desamodioaren— zirrikitu guztiak arakatu ditu orain bi hilabete argitaratutako albumean:The Art of Loving. Pop-soul klasiko eta erromantikoa ondu du 26 urteko artista londrestarrak, eta, abestiek erabateko gaurkotasuna duten arren, agerikoa da aurreko mendeko iturrietatik edan duela. Ondare bat utzi nahi duela argitu du Deanek, eta ez duela birala izateko asmorik: «Konpositore gisa uste dut norberaren lana garai bat dokumentatzea eta norberaren historia kontatzea dela, eta jendeari zerbait sentiaraztea; baina baita arrastoa uztea ere». Halere, birala izan zen, izan; albuma aurkezteko lehen singleak —Nice to Each Other— goitik behera zeharkatu zuen Tiktok plataforma, eta, horri esker, belaunaldi berriei ohikoa ez den soula iritsi zitzaien entzungailuen bestaldetik. «Dibertigarria zen zerbaitekin hasi nahi nuen, polita baina esanguratsua ere izango zen zerbaitekin; erabat definitzen nau horrek. Uste dut denei gogorarazi behar niela oraindik ere gizalegez egin ditzakegula harremanak, baita elkarri bihotza hautsi gabe ere». 

https://youtu.be/VI0NDsh2b8k?si=DQXmnkypV5X1j2do

Mercury saria irabazteko izendatua egon zen Messy (2023), Deanen lehen albuma; baina ez zuen saria eraman. Lanak askotariko kritikak jaso zituen —onak zein txarrak—, baina, orokorrean, diskoak proposatutako eskaintza zabalak eragin positiboa izan zuen entzuleengan. Dena den, azken bi urteotan asko ikasi duela aitortu du abeslariak: «Album berriak garatu dudan heldutasun emozionala islatzea nahiko nuke. Ez nuke esango maitasunari buruz dena dakidanik. Saiatzen ari naiz neure burua lantzen, ikasten eta pertsona hobea izaten, eta uste dut hori abesti hauek idatzi bitartean lortu dudala. Beraz, besterik gabe, helduagoa naizela uste dut, baita jakintsuagoa ere; hori espero dut behintzat». 

Ibilbide oparoa

2017an eman zuen lehen kontzertua Deanek, 18 urte zituela; geroztik, bost EP, 28 single eta estudioko bi album kaleratu ditu. The Art of Loving albuma hamabi abestiz osatua dago, eta, aipatutako kantu biralaz gain, ospe handia lortu du beste batek ere: Man I Need. Maitasun zintzo baten alde egiten du abestiak, eta gutxiagorekin ez konformatzeko aldarria da. Gainera, artistaren bideoklip guztiak emakumeek zuzendu dituzte; kontatu duenez, aukerak eskaini nahi dizkie aukerarik izan ez duten emakume zuzendari talentudunei. 

Iaz Brit sarietan izendatu zuten Dean, hiru kategoriatan: artista berririk onena, urteko artistarik onena eta pop ekitaldirik onena. Aldiz, aurten, Grammy saria jasotzeko hautagaietako bat da, urteko artistarik onenaren kategorian; otsailaren 1ean jakingo du garaikurra berea izango ote den. Bitartean, abeslariak bere azken albuma patxadaz eta hasieratik bukaerara entzuteko gonbita luzatu die entzuleei; «denbora izanez gero, entzungailuak jarri eta ibilaldi bat» egin bitartean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.